Emakumeak zientziaren historian

Emakumeak zientziaren historian –

Eten txiki bat egin nahi dut nire jardueran, asko baino gehiago kezkatzen nauen gai bati heltzeko: emakumea eta zientzia.

Lehengo batean, Rosalind Franklini gertatutakoa aipatu nuen ADNaren aurkikuntza nola izan zen kontatzerakoan. Esan bezala, emakumea zelako ez zitzaion Rosalind Franklini bere meritua behar bezala aitortu. Egia esan, zientziaren munduak ez dio inoiz harrera onik egin izan emakumeari, nahiz eta orain, zorionez, zertxobait aldatzen ari den hori. Eta konturatu behar genuke zer nolako kaltea egiten dion horrek zientziari, asko galtzen ari baikara emakumea bazter utzita.

Emakumeak zientziaren historian
Gaineko irudi hau, adibidez, Solvay zientzia-elkartearen V. Biltzarrekoa da, 1927koa. Hor ageri diren horiek, berriz, garai hartako fisikaren –eta zientziaren- aristokrazia osatzen zutenak dira. Ikusten duzuenez, emakume bakarra ageri da argazkian: Madame Curie.

Horrek esan nahi du hor ageri diren Nobel-saridun guztien %3,57 baino ez zela emakumezkoa 1927an. Gaur egun, ia mende erdi bat geroago, Nobel saria jaso duten emakumeen portzentajea handitu egin da, baina ez behar bezainbeste: %4,4 baino ez da, alor guztietan!

Gauzak ez dira, beraz, asko aldatu, eta datuak ikaragarriak dira, benetan. Bi emakume baino ez dira agertzen fisikaren Nobel saria irabazi dutenen zerrendan. Madame Curie da bata, 1903kok Nobel sariaren laurdena irabazitakoa. Bestea, Maria Goeppert-Mayer da, 1963ko sariaren laurdena irabazi zuena, nukleoaren egiturari buruzko lanengatik.

Beste emakume batzuk, merezi arren, Nobel saririk gabe geratu ziren, ulertzen erraz ez diren arrazoiak tarteko. Lise Meitner, esaterako, bazterrera utzi zuten saria Otto Hahn-i eman zitzaion urtean, 1944an. Eta garbi gera bedi ez naizela ari saria irabazi zutenen merezimendua zalantzan jartzen: Nobel saria irabazi duten guztiek ondo merezita irabazi dute, nire ustez; baina irabazleek adinako merezimendua zuten emakume batzuk saririk gabe geratu dira, eta hori ere argi eta garbi esan beharra dago. Alegia: Nobel saria Hahn-Strasseri bakarrik ematea baino bidezkoagoa eta zuzenagoa zela Hahn-Strasserrekin batera Lise Meitner ere saritzea. Antza denez, Lise Meitner bera izan zen esperimentua gidatu zuena, eta halere ez zioten saririk eman.

Rosalind Franklin lehenago hil zen, baina orduan ere hiru gizonezkori eman zitzaien Nobela: Crick, Watson eta Wilkinsi. 1974an, berriz, Nobela Ryle eta Hewish-i eman zietenean, haiek bezain merezia zuen saria Jocelyb Bell-ek, baina hari ez zioten eman. Eta hori ez zen noski bi sarituen errua izan, Akademiarena baizik.

Aipatu ditudan kasu horiek argi adierazten dute salatzen ari naizen bidegabekeria. Baina, pentsatzen hasita, nola sarituko zuten, ba, emakume bat? Giro hartan, ia ezinezkoa zen hori. Izan ere:

Royal Society-k, 1862. urtean sortutako zientzia elkarteak, 1945a arte ez zuen emakumerik onartu kidetzat.

-Parisko Zientzi Akademiak, 1979an onartu zuen lehen emakumea, eta 1666. urtean sortua zen Akademia. Madame Curie bera ez zuten onartu, nahiz Nobel saria birritan irabazia izan. Arrazoia ez ote zuten, bai, garai batean honako lelo ironikoa erabiltzen zuten euskaldunek: “liberté, egalité, fraternité… hiruretarik bat egia balite!”.

Emakumeak zientziaren historian Emakumeak zientziaren historian Emakumeak zientziaren historian  Emakumeak zientziaren historian

JAKIN BANEKI