Emakume zientzialariak eta COVID-19a
Emakume zientzialariak eta COVID-19a -]
Josu Lopez-Gazpiok Zientzia Kaieran.
SARS-CoV-2ak hainbat ondorio latz ekarri ditu, zalantzarik gabe. Besteak beste, birusarekin batera heriotza, gaixotasuna, gizarte eta ekonomia krisia eta langabezia iritsi dira. Akademiaren mundua ere ez da aparte gelditu, eta ikerketan ere ondorioak nabaritu dira. Espero zitekeen bezala, oraingoan ere, emakumeen gain ondorioak are latzagoak izan dira. Egindako lehen ikerketek erakutsi dutenez, emakumeen zientzia-ekoizpena asko murriztu da pandemiaren garaian, gizonezkoena baino gehiago.
Lehen ikerketek erakutsi dute SARS-CoV-2 birusak eragindako pandemiaren garai hauetan emakumeek ikerketa gutxiago argitaratu dituztela eta ikerketa-proiektu berri gutxiago abiarazi dituztela haien kide gizonek baino. Ziur emakume batek baino gehiagok galdetu diola bere buruari nola den posible ume txiki bat etxean dabilen bitartean paper garrantzitsu bat idaztea. Koronabirusaren ondorioek irauten duten bitartean, etxeak lantoki, bizitoki eta eskola bihurtu dira eta ez da erraza guztia bateragarri egitea. Idealki, horrek modu berean eragin beharko luke gizonen eta emakumeen gaitasunean eta, idealki, argitalpen zientifiko kopuruan pandemiaren aurretik zeuden aldeak mantendu egingo ziren. Alabaina, errealitateak erakutsi du hori ez dela horrela eta datuek erakusten dutena ukatzea ezinezkoa da. Datuak argiak dira: konfinamendua hasi zenetik, emakumezkoek argitaratzen dituzten zientzia-lanak pandemiaren eragin soilagatik espero zitekeena baino gutxiago dira.
Analisia bat dator gizon eta emakumeen arteko etxeko lanen eta haurren zaintzaren banaketarekin eta, ziur aski, desberdintasun hori handitu egin da konfinamenduarekin. Analisirako, bioRxiv eta arXiv biltegietan eskuragarri dauden dokumentuen sinatzaileak aztertu dira. Egile guztiak kontuan hartuta, martxoa eta apirila aztertuta, gizonen kopurua %6,4 handitu da 2019tik 2020ra, baina, emakumeen kopurua %2,7 bakarrik igo da -arXiv plataformaren kasuan-. BioRxiv plataforman aldiz, 2019tik 2020ra %26 igo da sinatzaile gizonezkoen kopurua martxoan eta apirilean. Emakumeen kopurua, aldiz, %24,2 igo da. Kasu horretan ere, igoera txikiagoa izan da. Lehen sinatzaile moduan dauden emakumeen kasuan ere antzeko zerbait gertatzen da. Zientzia-argitalpenen lehen sinatzailea emakumea izatea kasuen %10 eta %30 artekoa izaten da -arXiv, bioRxiv, medRxiv eta EarthArxiv plataformak kontuan hartuta-. Pandemiak horri ez dio mesederik egin: COVID-19aren garaian, atzerapauso nabarmena eman da kasu gehienetan. Kontuan izan behar dugu datu horiek guztiak lortzeko 73.000 egile eta 36.500 ekarpen baino gehiago aztertu direla. Ez dira zenbaki txikiak joerak aztertzeko. Okerrena da ikerketa gehienek antzeko joerak erakusten dituztela.
Zientzia-argitalpenak alde batera utzita ere, antzeko eragina ikusi da ikerketa-proiektuen zuzendaritzan. Oro har, aztertutako ikerketa-proiektuen %30 izan dira ikertzaile nagusia emakumea dutenak. Hala ere, pandemia egoeran ere beherakada ikusi da aztertutako hiru datu-basetatik hirutan. COVID-19aren beraren ikerketan ere aldeak nabariak dira. Ideia bat emate aldera, jakina da zientzian argitaratzen diren ekarpenen %20 inguru emakumeek sinatutakoak direla. COVID-19ari buruzko ikerketen kasuan, aldiz, emakumeak % 12 bakarrik dira. Proposatu denez, pandemiaren ondorioz gertatu den etxeko arduren eta umeen zaintza gehigarriak zailago bilakatu du emakumeentzat ikerketa-arlo berrietan lanean hastea -egoera zailagoan, arriskutik hurrentzea aukeratzen dute, ikertzaileek aipatu dutenez-. Medikuntzaren arloko literaturan ere beherakada nabarmena ikusi da. Medikuntzaren arloko 40.000 argitalpen aztertu ondoren ikusi denez, COVID-19ari buruzko medikuntzaren arloko ekarpenetan emakume sinatzaileen kopurua %16 baxuagoa da -beste arloekin alderatuta-.
Fenomeno horri emandako azalpenen artean, emakumeek haurren eta edadetuen zainketan duten gainkarga aipatu da. Ez da hori emakumeen zientzia-ekoizpenean azpimarratu den arazo bakarra. Online ikaskuntzaren ondorioz, haurrek etxean laguntza gehiago behar izan dute eta kasu honetan ere, emakumeek ardura gehiago izan ohi dutela adierazi da. Horrek guztiak eragin handia izango du epe luzean; izan ere, egun emakumeek martxan jarri ezin izan dituzten ikerketek eta argitaratu ez dituzten zientzia-lanek hemendik hilabete askotara ere ondorioak ekarriko dituzte. Horrexegatik, zientziaren onerako, ezinbestekoa da akademian neurriak hartzea emakumeen zientzia-ekoizpena bultzatzeko. Hala ere, akademiaren mundutik kanpo ere aldaketak ezinbestekoak dira gizonek eta emakumeek zientzian aritzeko aukera berdinak izan ditzaten. Are gehiago COVID-19ak sortu duen egoera latz honetan. Ez dago galtzeko astirik edo zientziak galduko du.
.
Informazio gehiago:
- Are women publishing less during the pandemic? Here’s what the data say, Giuliana Viglione, nature.com, 2020
- The pandemic and the female academic, Alessandra Minello, nature.com, 2020
.
Erreferentzia bibliografikoa:
Andersen, J.P., Nielsen, M.W., Simone, N.L., Lewiss, R.E., Jagsi, R. (2020). Meta-Research: is Covid-19 amplifying the authorship gender gap in the medical literature? arXiv:2005.06303, arxiv.org (preprint).