Egunerokoa arinduko diguten maxinak

pic by alex cd
pic by alex cd

Kevin Heredia delako batek ezagutarazi zidan, harako hartan. Geroztik egunero kontsultatzen dut liburua: Show Me How: 500 Things You Should Know. Instructions For Life From The Everyday To The Exotic. Dela erredura bat arintzeko, dela tequila sunrise bat prestatzeko. Bizitzan aurrera egiteko ezinbesteko gidaliburu bilakatu zait.

Bizikletaz osteratxoa egin, gurpila zulatu eta, partxerik ez, baina billetez josita duzula sakela? 5 eurokoa hartu (hobe 5ekoa 500ekoa baino, badaezpada), ondo zabaldu eta llanta eta zuloaren artean jarri. Listo, aurrera egiteko moduan zaude.

Argazki lausoak baino ez dituela ateratzen zure argazkia kamerak? Ukondoak ondo lotu gorputzari eta putz egin, behatzarekin klik egin bitartean.

Kafeak zikindu dizula tixerta? Limoi ura. Izerdiak? Ur oxigenatua. Ardoak? Gatz pixka bat lehenik, ura gero, irakiten.

Wi-fia nola hobetu, botoi bat nola josi, zotinarekin nola bukatu. Horiek eta gehiago erakutsiko dizkizu liburu demonio honek.

Etxe guztietan daude, baina, egunerokoa arintzen diguten ideia, truku, zera, maxinak. Zuk ba al dakizu baten bat? Autoko gurpila nola aldatu, bestondoa nola arindu, entzierroa nola korritu? Ondo legoke horiek hemen biltzea, denon mesederako.

maxinak

SIN DUDARIK GABE

3 pentsamendu “Egunerokoa arinduko diguten maxinak”-ri buruz

  • Aritz Galarraga 2009-10-22 19:20

    Klaro, pentsatzen hasita (barka, ez dugu sarri egiten), nik jar nezakeen lehen maxina.

    Lagun on-on batek hauxe egiten du bestondoa arintzeko: ensaladilla errusiarra.

    3 patata egosi, 3 arrautza gogor, 2 atun lata eta maionesa. Zuzen estomakara.

  • Hasier Etxeberria

    Aspaldian ahaztuta ditut bestak eta bestondoak, baina oroitzen naiz ensaladillaren aldean askoz hobea dela espagetiak angulen eran eginak, oso oso minak. Eta gero sofan geldi-geldirik, telebistan Aste Santuko prozesioak edo horrelako zerbait jarririk. Miraria.

  • Hasier Etxeberria

    Dena dela ikusita nago Quim Monzó, ohera baino lehen, bi litro ur, dzanga-dzanga edaten, eta biharamunean, denok ezinean ginela, bera kalejirarako prest eta denoi tiraka. Animalia!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude