Donostiarren postontzia, sakelakoan

Donostiarren Postontzia

Donostiarrak “Herritarren postontzia” izeneko atal bat du lehendik ere Udalaren web atarian, nahi duen orok hiriari buruzko iruzkin, galdera edo oharra egin dezan.

Orain, sakelakoan ere tresna praktiko hau erabiltzeko beta izango du hiritarrak, “Parte hartu zure hiria hobetzeko” lelopean iragartzen den Dpostontzia app praktikoa jarri baitute eskuragarri, eta doan, iPhone telefonoentzako zein Android sistema darabilenentzako. App Store eta Google Play atarietan eskuragarri den tresna bostehun lagunetik gora jaitsi du jada; erabiltzaileen lehen iruzkinak positiboak dira oso.

Guk geuk Google Play-tik jo dugu Dpostontzia izena duen aplikaziora. “Egin nahi al diozu iradokizunik Donostiako Udalari?” galdera aurkitu dugu bertan sarrera modura, eta tresnak zertarako balio duen azaldu digute gero: “Aplikazio ofizial honek aukera ematen dizu zure galderak Udalari helarazteko, erraz. Gainera, argazkiak erantsi ditzakezu, bai eta GPS bidezko zure kokapen geografikoa azaldu ere, eskabide bakoitzean”.

 

Klik bakar batekin, hau guztia egin dezakezu Donostiarren Postontzian:

– Bide publikoko gorabeheren berri eman.

– Establezimendu publikoen ordutegiei buruz galdetu.

– Zure auzoari buruzko iradokizunak egin.

– Oharrak egin, hiria hobetze aldera.

– Donostiako Udalak antolatzen dituen ekintzei buruzko informazioa eskatu.

Gaia aztertuta, Udalak erantzuna bidaliko dizu, posta elektronikoz.

 

Aplikazioa zabaldu eta egin dugu lehen froga birtuala:

Behin hizkuntza aukeratuta, euskara edo gaztelera, datuak sartzeko eskaera duzu. Pausu hau lehenengo aldian bakarrik egin behar da (izen abizenak, emaila eta telefonoa).

Ondoren, pantailan kokapen geografikoa duten aurretik bidalitako zure mezuak ikusiko dituzu, bazenitu bederen. Aurrera eginda, goiko eskuineko ikonoan sakatuta zure iruzkinak bidali diezazkiozu Udalari.

Horretarako, kontsultaren arrazoia aukeratu beharra dago aurrena: Iradokizuna edo intzidentzia, kontsulta edo galdera, kexa eta, azkenik, esker ona. Beharrezkoa da posizio geografikoa aukeratzea, bidali nahi duzun intzidentziaren kokapena adierazteko.

Behin bidali beharreko mezua idatzita, eta horrela nahi izanez gero, argazki bat gehitzeko aukera ere baduzu. Eta “Berri Eman” botoia sakatuta, mezua igortzea baino ez da gelditzen. Jarraian bidaltze konfirmazio mezu bat agertuko zaizu. Honekin batera, bidalitako abisu berria mapan agertuko da.

Besterik gabe, behin intzidentzia aztertuta, Udalak erantzuna bidaliko dizu posta elektronikoz.

Erraza, erabilgarria eta praktikoa.

D Postontzia

 

 

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.