Dena aldi berean? Nahi eta ezin
Aldi berean bi gauza egiteko gaitasuna dugu gizakiok eta hori garunaren funtzionamenduari zor diogu. Alegia, halakoetan gure burmuina “zatitu” egiten da, eta garun-hemisferio bakoitzak eginkizun baten ardura hartzen du bere gain. Aldibereko hiru zeregin, aitzitik, larregi lirateke, haria galduko baikenuke.
Une berean gidatu eta hitz egin dezakegu, baina momentu horretan ez gara gai izango GPSa manipulatzeko. Sukaldean janaria prestatzen gabiltzanean telefonoz aritzeko gaitasuna ere badugu, baina ez, ordea, une horretan bertan egunkaria irakurtzekoa. Horrek guztiak badu, baina, bere azalpena: burmuina ezin da eginkizun guztietan behar bezala kontzentratu.
Gure garunean halako egoeretan zer gertatzen den jakin nahian, ikerketa sakona egin dute Parisko Medikuntza-ikerketarako eta Osasunerako Institutu Nazionaleko ikertzaileek, eta Science aldizkariak eman du honen berri.
Berezkoa dugun eta zuzentzen zaila den “fabrikazio-akats” bezala ulertu dute ezintasun hori. Ondorio horretara iristeko, erresonantzia magnetikoaren bidez osasun oneko 32 boluntarioren garun-jarduera behatu du ikertzaile-taldeak. Hitzen sorkuntzarekin zerikusia zuen ariketa bat egiteko eskatu zieten, eta arreta kortex zerebralean jarri.
Boluntarioek ekintza bakar bat egiten zutenean, ikusi zuten garuneko lobulu frontala arduratzen zela jarduera horretaz. Zehazki, garun-hemisferio bietako eremuak zeuden eginkizunean kontzentratuta, helburua ongi erdiesteko. Baina, aldibereko bi zeregin egitean, lobuluek banatu egiten zituzten zereginak, eta garuneko hemisferio bakoitza jarduera horietako batekin lotzen zuten. Pertsona eskuinetan, ezker-hemisferioa egiteko nagusiarekin lotuta zegoen, eta eskuinekoa, berriz, bigarren egitekoarekin. Nolanahi ere, burmuinaren “zatiketa” hori erabatekoa ez dela hauteman dute ikerketan. Hain zuzen, eremu jakin bat adi egoten baita egin beharreko zereginen banaketa koordinatzeko.
Ikerketan harago joan nahian, aldibereko hirugarren jarduera bat egin behar izan zuten gero boluntarioek. Eta, hamasei lagunetik bakar batek ere ezin izan zituen hiru zereginak taxuz bete. Zer gertatu zen? Hasierako bi ekintzetako bat bertan behera utzi behar izan zutela, hirugarren horretan kontzentratu ahal izateko.
Horrek argitu du, beraz, une berean gehienez ere bi xede lortzera mugatuta dagoela gizakion garunaren funtzio frontala. Eta, horrenbestez, hala uler dezakegu zergatik “blokeatzen” garen supermerkatuan eskaintzen dizkiguten hamarnaka txokolateren artean bakar bat aukeratu behar dugunean.
Aurretik egindako zenbait ikerketari esker, egiaztatuta zegoen gizakiok aldibereko bi ekintza egiteko gai garela; trebetasun horren erantzulea garun-azala dela ere jakina zen neurozientzialarien artean. Nolanahi ere, gehienak bat datoz gaitasun horren mugak nabarmentzerakoan. Beraz, ezin ditugu egin hiru gauza aldi berean eta, egiazko arrakasta lortu nahi badugu, hobe izango dugu eginkizun bakarrean buru-belarri aritu bi zereginetan zentratu baino. Hortaz, badakizu, piano-piano…