Blogetan lehiaketak banatu ditu sariak
Blogetan lehiaketak banatu ditu sariak –
Blogak testutik harago jardunaldi interesgarria burutu zen atzo Euskararen Etxean, Azkue eta Argiak babestutako Blogetan! lehiaketaren sari banaketarekin bukatu zena. Xerezade, 27 Zapata, Kontra-kantxa eta Laborategia izan dira sarituak.
Atzo burutako Blogak testutik harago jardunaldiaren baitan iragarri zen Blogetan! lehiaketako III. edizioaren epaimahaiaren erabakia, eta deliberazio horren harira, hauexek dira edizio honetako irabazleak: Xerezade (kultura), 27 zapata (gizartea eta politika), Kontra-kantxa (aisia), Laborategia (zientzia eta teknologia).
Jasone Larrinaga eta Ana Moralesek zuzendutako Xerezade blogari dagokionez, ondoko ezaugarriak nabarmendu ditu epaimahaiak: Blogetik kanpo “oso aktiboak” dira: “sare sozialak, festa fisikoak…”. Lan “handia” egiten dute edukiak aukeratu eta egokitzerakoan, izan ere, “audioak eskaintzen ditu”. Horretaz gainera, ibilbide luzeko proposamena da.
Imanol Epelde irakasle eta bideo-blogariak gidatutako 27 zapata gunearen harira, epaimahaiak blogaren estilo “bizia” azpimarratu du. Horretaz gainera, Youtubeko hizkuntza menderatzen du, eta abilezia horren ondorioz, gai eta gogoeta “mamitsuak” lantzen ditu formatu arinean. “Oso aktiboa eta originala da, umoretsua…”.
Iruñe Astitz da Kontra-kantxa blogaren arduraduna, eta emakumeen kirola sustatzea du helburu. Epaimahaiaren aburuz, “aldarrikapena tonu umoretsu eta alaian egiteko trebezia” erakutsi du, medioko hizkuntzaren erabilera egokia egiten du, eta sare sozialetan oso aktiboa da. Blogaren edukia “erakargarria” da.
Azkenik, Dabid Martinezen bloga da Laborategia, eta software askearen kultura zabaltzea du xede, “hausnarketa kritikoaren” bidez. “Gai teknikoak era humanoan azaltzen ditu, eta euskarazko komunitatearekiko konpromisoa erakutsi du. Iraupen luzeko egitasmoa da”. Diseinua, gainera, “oso dotorea” da. Sare sozialetan ere aritzen da.
Argiak eman ohi duen euskal blogari berrienarentzako sariari dagokionez, aurten Argia egitamsoarekin kolaboratzeko aukera hutsik geratu da, baina Argia aldizkariaren urtebeteko bi harpidetzarekin saritu ditu ondoko blogak: Kablegintza eta Kablelariak eta Begane.
Azkue Fundazioarekin batera, Argiak, ZuZeuko Urko Urangak, Tokikomeko Joxe Rojasek eta Pikarako June Fernandezek osatu du aurten epaimahaia. Sarituek, Bernat Vidal artistak diseinatutako garaikurraz gain, 200 euro jaso dituzte.