Zuzenaz, zezenaz eta izan zenaz

Zuzenaz, zezenaz eta izan zenaz –

Maite Larburuk Berria egunkarian.

Zuzenaz, zezenaz eta izan zenaz
Baso baten barruan irekitako bidegurutzea (Berria).

Non dago erdibidea.
Nola jakin noiz, nola, zer.
Asmatu ote duzun.
Eskuan gorderik daramazun hazia behar zuen belardi eremu zehatzean askatzea bezain erraza da:
oso zaila.
Kreatibitatea lantzea (musikagintzan, irakaskuntzan, gozogintzan, edozertan!), batzuetan, lan pila bat egitea da.       Zuzenketak, zuzenketak… zezenketak? Zure buruak ringera salto egiten du.
Besteetan, jolasa.
Eta bi horien artean zabiltzala (eta ibiltzeari uzten diozunetan), batzuetan, zerbaitekin jartzen zara harremanetan. Zerbait, deituko diot, ez baitakit zer den. Isiltasun handi bat, distira itsutzaile bat.
Dena eta denak ahazten dituzu; batez ere, zeure burua.
Badakizue zer den. Bai, denok bizi izan dugu hori. Adibide bat jarriko dut: nire ilobei ipuinak kontatzen nizkienean, bazen behin… hasten nintzen… eta orduan, orduantxe, haien begietan ikusten nuen, zera hori. Nire hitzak entzuten ari ziren, nioena beraien modura ulertuaz… nirekin zeuden.
Eta aldi berean, ez zeuden.
Munduan erabat.
Baina mundutik kanpo.
Bi horien artean, zehazki non ez dakit.
Baina bitxi bat aurkitzen duzu. Zure patrikan. Ez du inork hor sartu, denona baita. Hari buruzko pista ugari utzi dituzte zu baino lehenago bizi izan direnek. Haur batek ipuina entzutean hegan egiteko berezko duen gaitasuna, ipuina sortzen duenak hegan eginarazteko duen ahalmen besterenezina. Hegan egitea, lurra utzi beharrik gabe.
Eta hegaldi horretan, erantzunak aurkitu baino, zerbaitetaz ohartzen zara. Zerbait oso-oso garrantzitsua da, ezin zaizu ahaztu, melodia bihurtu nahi duzu, marrazki, irudi, hitz!
Eta saiatzen zara, baina emaitza benetako hego batzuen kopia mekaniko bat besterik ez da izango.
Hegoak ez, eta egoak sortzen zaizkizu gainera, gehienetan.
Eta badira urrezko zenbait, besoetan lumak dituzten izaki batzuek… ukitzen zaituztenetan (ez dute zertan bizirik egon!) lumak kutsatzen dizkizutenak. Bolada txiki baterako bada ere.
Ondoren, zerbait plazaratzen duzunean, kontzertu-hitzaldi-bankete bat ematen duzunean, hori guztia azaldu-erreproduzitu egin behar duzu. Baita galderak egiten dizkizutenetan ere. Eguneroko igogailuetako hitz eta pitzetan. Eta gehienetan, nire gaurko kasu honetan bezala, inork ezertxo ere eskatu ez didanetan.
Ez ote naiz neure burua zuritzeko ariketa hipokrita bat besterik egiten ari?
Oso zaila egiten baitzait ondoegi ulertzen ez dudan prozesu bat azaltzea.
Eta gertuegi dago gainera…
Ez ote zara zerorri, momentu batez izan zinena, erakutsi behar duzuna?
Joana da.
Saiatu zara behintzat, hor dago emaitza:
Liburu bat da.
Porrusalda goxo bat.
Besteak entzun nahi ez duen komentario mingarri bat.
Kantu txar bat.
Saiatu besterik ez dago.
Ala isilik geratu, ezer galdetu, sortu, erantzun baino lehen, momentutxo batez, itxoin. Zerbait esateko duzun ala ez zeure buruari galdetu, besteari zerbait eskaini baino lehen. Edota ezer egin aurretik, ikuslea ere noizbait izan zarenaz ohartu eta haren lekura salto egin.
   Brain pickings deitzen den Internet atarian aurkitu nuen ondorengo hau. Maria Popovak idatzia da:
   Artista izatea errekonozimendu eta balio artistikoaren arteko amildegian bizitzea da, inoiz jakin gabe batean, bestean ala bietan eroriko zaren,
   ala ilunperik zurrunenean.
   Artistaren arazo eternala da hau, ikuslegoaren gustu aldakorrak gutxi baitaki lan bati denboraren iragateak nola eragingo dion, pieza bat urteen buruan edertasun eta egiaren ontzi bilakatuko ote den ala ahanzturaren putzuan jausiko.
   Adibide ugari ezagutzen ditugu: indiferentziaz harrera egin zitzaien zenbat lan sartzen dira urteekin artelan kontsideratzen direnen atetik? Eta behin diamantezko atari hori zeharkatuta, ez al dira kultuko objektu bihurtu eta ia-pornografikoki denen ahotatik sartu irtena egiten hasi?
   Ospeak itsututako kultura honetan, berehalako onarpen beharraren panikoak bultzatuta, sarri, lan kreatibo moduan hasitakoak, EGOaren gratfikazioaren moilan noraezean galduta amaitzen du: koroatxo imitazioak diren, like, txio, birtxio eta salduenen zerrendetan, alegia. Benetako balio artistiko eta bizitza-luzeera bermatzen duen ezertatik erabat deskonektatuta.
   Nola bizi liteke artista, orduan, lan batek mundura sortzean sufritzen duen ziurgabetasun sakratu eta beldurgarri horrekin, eta sormenarekin jarraitu?
   Horixe da W. S. Merwin poeta estatubatuarrak haren gaztetako idazkera mentore izan zenari eskainitako poema zoragarriaren gaia. Olerki honek Berryman du izena, 1944. urtean Princeton-eko unibertsitatean idazketa kreatibo programa sortu zuen gizonak bezalaxe.
   … zer esan zidan kontatuko dizut
   gerra osteko urteetan
   ordu hartan
   bigarren gerrate mundiala
   esaten zitzaion
   artean irakurtzen hasia besterik ez nintzen
   eta esan nion
   nola egon ziur idazten duzunak
   onetik batere baduen
   eta esan zuen ezin duzu
   Ezin duzu, ez zara inoiz ziur egongo
   idatzi zenuena ona ote zen
   jakin gabe hiltzen zara
   seguru egon nahi baduzu, ez idatzi.
1. Idatzi
2. Ez idatzi
Hori da kontua?
Honaino behintzat, lehenbizikoa izan da.
Hemendik aurrera…

Zuzenaz, zezenaz eta izan zenaz Zuzenaz, zezenaz eta izan zenaz Zuzenaz, zezenaz eta izan zenaz Zuzenaz, zezenaz eta izan zenaz

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.