Big Data aldi bereko jokalarien bideo-jokoetako esperientzia hobetzeko gakoa

Big Data aldi bereko jokalarien bideo-jokoetako esperientzia hobetzeko gakoa –

Big Data aldi bereko jokalarien bideo-jokoetako esperientzia hobetzeko gakoa

Big Datak asko du esateko bideo-jokoen eremuan, batez ere jokalari askok aldi berean parte hartzen duten kasuetan. Joko mota horietan munduko edozein txokotako jokalariek elkarrekin lehiatzen dute egoera desberdinetan: helburu zehatz baten bila lehiatzen diren “arena” modalitatekoetan, taldeko kiroletakoetan zein lehia simulagailuetan.

Beti gertatzen da gauza bera: jokalari batek partida hasten du, eta bertan dauden lehiakideen esperientzia eta trebezia maila desberdina bada, akabo dibertsioa. Hasiberria den jokalari batek maila ona duen baten kontra jokatzen duenean behin eta berriro galduko du eta erraz emango du amore. Kontrara, aldiz, aritua den jokalariak interesa galduko du mailako lehiakiderik ezean. Izan ere, lehiaren pizgarririk ezean ez dago gozamenik.

Aipatutako egoerak bideratzeko eta joko-esperientzia hobetzeko gakoa Big Data-n dago. Aisialdirako produktuei buruz ari garen arren, datuen erabilera eta analisia negozio batean egiten den bezala egiten da. Garatzaileek jokalari desberdinen jarrerak kontuan izan ditzaten funtsezkoa da datuen azterketa egitea. Izan ere, bideo-joko enpresek dena aztertu dezakete; bai jokalarien jokatzeko modu eta gaitasunak, eta baita erabiltzaile bakoitzak joko bakoitzean emandako denbora ere. Era horretan, bezeroen informazio hori joko-esperientzia hobetzeko baliatzen dute.

Matchmaking-a (parekatzea) deritzo online-eko jokoetan saio berean jokalariak elkarrekin konektatzeari, eta, esan daiteke, azken urteetan asko findu dela hori egiteko modua. Hasiera batean aldagai gutxi batzuk izaten ziren kontuan jokalariak elkarrekin konektatzeko. Egun, aldiz, jokalari bakoitza sakon aztertzen da: dituen gaitasunak, duen maila, jokalariaren konexio kalitatea… Horiek guztiak hartzen dira kontuan jokalariei ahalik eta joko-esperientzia onena eskaini ahal izateko.

Matchmaking-ean haratago joateko aukera eskaintzen du Big Data-k. Jokalariaren gaitasun zehatzak kontuan hartzeaz gain, askoz aldagai gehiago sar daitezkeelako jokoan. Jokalariak parekatzeko modu berriak eskaintzen ditu  honako datuak baliatuz: datu demografikoak, interesak edota online-ko iragarleek zein jendea ezagutzeko balio duten aplikazioek erabiltzen dituzten antzeko datuak.

Jokalarien gaitasuna kontuan izateaz gain honako adierazleen arabera ere parekatu daitezke: gustu musikala, gehien bisitatzen dituzten webguneen arabera, adina, kokapena, lan-eremua (edo ikasketa arloa) edota harritzekoak diren beste hainbat adierazleren arabera. Zenbait jokotan parekatzea egiteko  aipatutako datu guztiak eta gehiago baliatzen dituzte.

Izaera edota ibilbide antzekoa izan duten jokalariek elkarrekin jokatzen dutenean jokoaren esperientzia naturalagoa dela diote. Hau da, futbol partida bat jokatzeko jokalari jakin batekin nork jokatuko duen erabakitzeko eta berarekin bat egingo duela bermatzeko fisikoaren aldagaia erabiltzea bezala litzateke. Bideo-jokoen munduan izan daitekeen esperientziarik okerrena norbere izaeraren kontrakoa duen batekin, jarrera ona ez duen batekin, jende zakarrarekin edo haserrekorrarekin jokatzea da.

Horregatik, Big Data da gakoa matchmaking-ean aurrerapausoak egin ahal izateko. Gainera, algoritmo horien garapenak erabilera praktikoa, zuzena eta interesgarria du mundu profesionalean. Baita pertsonak parekatzeko erabiltzen diren aplikazioentzat ere.

Big Data aldi bereko jokalarien bideo-jokoetako esperientzia hobetzeko gakoa