Belarriprest

Belarriprest –

Joxe Rojasek, Sarean.eus atarian.

Ez dakit zalantzatiegia ote naizen besterik gabe, ala asertibitate txikikoa, ala beharbada enpatiarako joera handiegia dudan. Beharbada hiruren nahasketa izango da. Gauza da izugarri kostatzen zaidala erabakiak hartzea: Arre ala so? Maite dut, ala gorroto? Gero eta gauza gehiagorekin egiten zait zaila estilo horrelako erabakiak hartzea. Eta horietako bat ekarri nahi dut hona, ea laguntzen didazuen.

Datuen pribatutasunaz ari naiz. Saltsa-maltsa gero eta handiagoa dago gaiaren inguruan, eta lagun eta ezagunen artean bi joera nagusi sumatu ditut. Zabalduena, gaia baztertzea, arazoari ez kusiarena egitea. Are gehiago, arazoa dagoenik ere ukatzea: “Tira motel: total zer duzu, bada, ezkutatzeko?”, edo, era kontzienteago batean: “Interneten aroan bizi gara. Pribatutasuna bukatu egin da, onartu ezazu, edo irten internetetik”.

BelarriprestOrain arte behintzat, ni neu jarrera apolakiptiko-pasibo-agresibo batetik hurbilago ibili naiz. Joan den maiatzean, adibidez, Facebooketik irten nintzen, Cambridge Analytica auziak lozorroan nituen errezelo guztiak piztu zizkidanean. Batetik pozik nago erabaki horrekin, batez ere azken asteotan Facebookek ‘segurtasun zulo’ gehiago aitortu dituenean, eta datuekin frogatu denean, norberak emandako datuak ez ezik, beste bide batzuetatik lortutakoak ere erabili egiten dituela iragarleei emateko.

Baina hala ere, ezin dut sentsazio bat gainetik kendu: alferrik dela, kasu horretan, Facebook ezabatzea, sarean beste makina bat zelatari dugulako zer, non, nola eta norekin egiten dugun xehe-xehe behatzen. Hasi Googletik, jarraitu zure sistema eragiletik (GNU Linux ez bada behintzat, eta hala ere ez dakit nik…), Amazon eta enparauetatik… eta bukatu zure sare hornitzailearekin. (Ikusi Alemaniako Alderdi Berdeko Malte Spitzen TED hitzaldi hau, eta gero ikusi bere telefono operadoreari ateratako datuekin egindako mapa interaktibo hau…).

Bada, horixe: momentu honetan ez dakidala zoro baten moduan hasi Google, Amazon, Euskaltel eta abarren alternatibak bilatzen, Interneteko zerbitzu guztietatik baja eman… ala begiak itxi eta ez ikusiarena egin. Zeren eta, gainera, pribatutasunaren kontrako erasoak hain jarraian datoz bata bestearen atzetik… eta hain era lotsagabean gainera, egundoko txaranga eta fanfarriaz iragarrita!

Ez dakit Googleren azkena ikusi duzuen. Inoiz euskaraz jartzen badute, nik proposatuko nieke ‘Belarriprest’ deitzea: Android telefonoetan txertatuko duten sistema bat (Googleren Pixel telefono berrietan txertatuta dator jadanik), nahi ez ditugun deiak saihesteko. Dei bat sartzen denean, jabeak ez, baizik eta gailuak berak erantzuten du, eta deitzen duenari galdetzen dio nor den eta zertarako deitzen duen. Horrekin, mezu bat erakusten du pantailan, eta horrela telefonoaren jabeak erabaki dezake erantzun ala ez.

Hau da: orain arte Interneten zer eta noiz bilatzen dugun, nondik nora mugitzen garen, telefonoan zer daukagun eta zer ez, zer eta nola erosten dugun, nori eta noiz idazten diogun dakien enpresa berberak, orain funtzio bat jarri digu, ageri-agerian gainera, nork eta zertarako deitzen digun kuxkuxeatzeko! Eta gainera guretzako izugarrizko abantaila gisa aurkeztu! Egunotan harri eta zur ikusi dut nola hainbat eta hainbat webgune eta forotan sistema berri horren loriak kantatzen dituzten…

Eta hori, mundu guztia hain pozik ikusita, ba batzuetan pentsatzen dut: beharbada gehiegi kezkatzen zara, ez litzateke askoz erosoagoa begiak itxi, sudurra tapatu eta potxingoan jauzi egitea?

Belarriprest

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

2 pentsamendu “Belarriprest”-ri buruz

  • Juan Inazio Hartsuaga 2018-10-17 12:29

    Gaiari saihetsetik helduta, norenak izango dira Euskaraldian biltzen diren datu pertsonalak? Nork jakin ahal izango du Ahobizi eta Belarriprestak nor diren? Badago horren inguruan akordiorik EUSKARALDIA antolatzen eta laguntzen dihardutenen artean?

  • Hartsuagaren galderak, ez Hartsuagak, erantzun bat behar du. Orain artio ez dut inon irakurri.
    Mutu?
    Gauzak ahalik eta garbien komeni zaigu, batez ere ttikioi.