Aurrerabideaz

Aurrerabideaz –

Ordenagailuak —behar bada nano-teknologia lagun—, adimenaren misterioa argitzeko aukera emango digu etorkizunean.

Aipatu nahi dudan ideia honek, ezin hobeto laburbiltzen du fisikaren eta biologiaren arteko elkarlana. Horrez gain, zientziaren ezaugarri funtsezkoa ere bada ideia hori: progresua.

Zientzialari guzti-guztiek irakurri behar lukete zientziaren historia. Hartara konturatuko lirateke zeinen garrantzitsuak diren, beren txikian, bakoitzak egiten dituen gauzak. Txikiak dira, noski, gutako bakoitzak egin ditzakeen gauzak. Baina, aldi berean, sekulako garrantzia dute, kate luze baten katebegiak baizik ez gara-eta. Txikiak, bai, baina behar-beharrezkoak denak ere, katea eten ez dadin.

“Nire ikusmena hain urrutira iritsi bada, nire aurreko erraldoien bizkar gainean igota nagoelako da”. Newton.

“Itsasoko olatu bakoitzak, bere aurretik izan diren olatuei zor die bere edertasuna”. A. Gide.

 

Aurrerabideaz

cc-by-sa: Sean MacEntee

Progresua, azken batean, auzolana da, elkar-lana, talde-lana. Txiki-txikiak gara katabegiak. Katea, aldiz, luzea bezain sendoa da, eta hortxe dago gure indarra.

Mekanika esplikatzen ari garenean, esate baterako, ekar dezagun gogora Galileo: hantxe, bere etxean preso, erabat itsu, oinazeak oinaze bere ideiak ilobei diktatzen.

Edo aipa dezagun Kepler, kamino-bazterretan bere ideiak argitaratu ahal izateko diru eske alferrik ibili eta gero zakur baten moduan hil zena.

Eta arrazionaltasunaren alde egiteagatik direnak eta ez direnak sufritu behar izan dituzten guztiak ere aipatu behar genituzke noiz edo noiz. Ez dut izenik esango, ez naiz xehetasunetan sartuko, baina, arrazionaltasunari eraso egiten zaionean ez daukagu isilik geratzeko eskubiderik, Xabier Leteren harako poeta hura bezala: “Eta poeta, eta poeta, isilik geratu da, beldurrak eraginda”.*

Ez naiz, ez, xehetasunetan sartuko. Aski da ikustea zer irakastea nahi duten orain Estatu Batuetako eskoletan. Arrazionaltasunari eraso egiten diotenean, argi, garbi eta ozen esan beharra dago dena ez dela libre, uste eta iritzi guztiak ez direla ez maila berekoak ez balio berekoak. Medikuntza zientifikoa, adibidez, ebidentzietan oinarritutakoa, ez daiteke beste sendabide batzuen maila berean jarri. Meteorologia eta tenporak ere, ez dira, inola ere, maila eta balio berekoak. Dena da zilegi, baina zilegi diren gauza guztiak ez dira maila berean jartzekoak. Zientzia ez dago beste mailakoak diren beste kontu horiekin ordezkatzerik. Izatekotan, zientziaren osagarri egokiak izan litezke horiek guztiak, hori bai, aitortu beharra baitaukagu ez garela iritsi den-dena jakitera.

ADNaren adibideak hirugarren ikasgai bat ere eskaini digu.

Aurrerabideaz

JAKIN BANEKI