Artea oinetan. Kobi Levi diseinatzailearen zapata bitxiak
Gabonetarako bideari ekin diogu eta Olentzero dagoeneko gutun ugari jasotzen hasi da. Bi aste eskas ditu gure eskakizun guztiei kasu egiteko: bideojokoak, arropa, musika, gailu elektronikoak, liburuak… Dena den, oraindik badago jende asko zalantzan. Proposamen bat emakume ausartenentzat: Kobi Levi diseinatzailearen zapata bitxiak.
Oinetakoak baino gehiago, arte lanak sortzen ditu diseinatzaile israeldar honek. Sormenari ekin, eta irudiak zapata bihurtzen ditu eskuz bere estudioan: animaliak, sukaldeko tresnak, janaria, altzariak, metaforak… “Oinetan eramateko eskulturak” direla dio.
Egia esan, janzteko baino gehiago, gehienak miresteko sorkuntzak dira; baldin eta kaletik zoazela guztien begiradak erakartzea gustuko duzun.
Itsusiak, zatarrak, ederrak, originalak, apartekoak… hainbat ikuspuntutatik eman daiteke iritzia, helburuaren arabera. Gauza bat egia da: zur eta lur utziko zaituzte. Ausartuko al zinateke horrelakorik janztera?
Ez dakiguna pare bakoitzaren prezioa da, baina garestitxo izango direla ziur. Dena den, libre gara eskatzeko, eta zintzoak izan bagara, agian Olentzerok zisne-zapata pare eder bat utziko digu arbola azpian.