Arlo askotariko profesionalak

Gaur webgune bat osatzeko urratsekin jarraitu behar nuen, baina Informatikari Euskaldunen Biltzarrean konturatu nintzen bi gauzez hitz egin nahi nuke, eta webguneena datorren astera atzeratu. Duela gutxi segur nintzen, pertsona batek arlo bakarra kontrolatu behar zuela, eta gaineratiko kontuetan dakienari konfiantza egin behar ziola eta ardura utzi. Informatikari euskaldunen artean nahiko ezaguna den ezagun bati hori erran nionean, oker nenbilela erran zidan, alegia, hain azkar aldatzen den mundu honetan denetarik pixka bat jakin behar dela, beti ere norberak bere arloa lehenetsiz.

Une horretan ez nion arrazoia eman, baina hilabeteak pasa ahala, konturatu naiz arrazoia zeukala. Norberak bere arloa kontrolatzea ezinbestekoa da profesional on bat izateko, baina nire ustez, ezin da soilik horretan mugitu, horrekin harreman zuzena duten arloei kasurik egin gabe. Eskermentu gehiena kazetaritzan dudanez, kazetaritzaren kasua aipatuko dut. Politika arloan aritzen den kazetari batek gaurkotasunaren nondik norakoak kontrolatu behar ditu, baita iraganeko kontuak ezagutu ere, konparazioak egin ahal izateko. Baina gaur egungo teknologia aldaketak direla eta, iruditzen zait ezinbestekoa zaiola teknologiaz jakitea, teknologiaz jarraitzea. Nire ustez, gaurko kazetari batek bere arloari buruzko jakituria behar du, baina horrez gain jakin behar du sare sozialetan nola ibili, blog bat nola egin eta kudeatu, zein tresna edo aplikazio errazten ahal dion lana, nundik lor dezake informazio modu erraz batean. Bideoa bat editatzeko, argazki bat moldatzeko eta maketa bat egiteko gutxieneko ezagutzak behar ditu. Egia da eguneratze horrek lan gehiago eragiten duela, baina hemen aipatu izan dudan bezala, segur naiz eguneratze hori eginez gero, orduak aurrezten direla.

Hori dela eta, harrituta gelditu nintzen IEBean kazetari oso gutxi ikusi nituenean, batez ere informatika eta kazetaritza gero eta hurbilagoak direnean, nire ustez. Jende gehiena informatikarekin harreman zuzena zeukana zela iruditu zitzaidan. Egia da kazetari batzuk zeudela, baina egunerokotasunean erredakzio batean aritzen direnak, gutxi, nire ustez.

Baina kazetariena ez da kasu bakarra. Duela hilabeteren bat mugikor bidezko marketingari buruzko jardunaldi batzuetan izan nintzen. Momentu batean, baten batek galdetu zuen entzuleen artean zenbat ari ziren komunikazio agentzia batean, eta bakar batek ere ez zuen eskua altxatu. Alta, iruditzen zait biak batera doazela, edo behintzat elkar laguntzen dutela, eta agian bat bestearen etorkizuna dela. Nik ez dakit etorkizuna den, baina baliteke mugikor bidezko marketingak pisu handia hartzea komunikazioan datozen urteetan. Dena dela komunikazio agentzietatik inorez hurbildu izatetik, bi ondorio ateratu ditut : bata, ez zeukatela ezer ikasteko jardunaldi horietan, bestea, ez dietela nahiko garrantzirik ematen gizarte honen kontsumitzeko modu aldaketei. Zoritxarrez iruditzen zait bigarrena dela egia.

Egia da ere komunikazioko profesinal batzuk interneten bidez egiten dutela eguneratze lan hori. Baina iruditzen zait gehiengoak modu zaharrean jarraitzen duela lanean, alegia soilik prentsan daukaten oihartzunari eta antolatu duten ekitaldiaren arrakastari erreparatuz. Internetaren egun honetan askok urratsa ez dutela eman, edo eman badute, epel eman dutela iruditzen zait.

Gauza berririk ez dut aipatu post honetan, baina argi dut gaur egungo profesinalak arlo askotarikoak izan behar direla, bat menperatu eta ondokoak ezagutu, eta egunak joan ahala eguneratzen joan behar direla. Hori bai, errua ez da bakarrik langileena, gutxi baitira eguneratzeko aukerak ematen dituzten enpresak, nire ustez. Egia da ere krisian gaudela, lanean tarapataka ibiltzen garela, behar baino ordu gehiago sartzen ditugula, baina nire inguruan begiratuta, iruditzen zait gauza hauek landu dituztenak direla hobekien ateratzen diren enpresak.

GAUZA AGERIA

5 pentsamendu “Arlo askotariko profesionalak”-ri buruz

  • Gogoeta interesgarria Xan. Askotan pentsatu dut antzerako zeozer.

    Dakizunez, abokatua izateko ikasi nuen, baina marketinera dedikaten naz…musikaz aparte. Azken urteotan zeozer ikasi edo (EZikasi) dut, gaur egun ogibide anitz aurrera ematen jakin behar duzula: komunikazioa+marketina+beste asko, eta hori baino garrantzitsuagoa, profil ezberdina eta indartsua duten profesionalekin lan egitean egunero ikasten dela.

    Segi horrela!

    ;P

  • Milesker Josu, eta suerte zure erronka berri horretan

  • Gaudenean gaudela igorleak eta hartzaileak komunikatzea izan behar dute helburua. Hau da komunean jartzea. E(ra)gitea. Eta ez autista bihurtu.

    nere ustez ez da lan bat, edota bi, edota piloa.

    JARRERA eta HELBURUA

  • Aupa Bentatxi,
    Guztiz ados nago, eta aipatu duzun gai hori blog honen lehen post izan zen preseski. Hala hemen esteka: http://zuzeu.com/blogak/gauza-ageria/2011/02/01/komunikazioa-garapenaren-giltza/
    Baina egia erran, ez dut ulertzen zertara dator zure iruzkin hau idatzi honen ondotik. Nik nabarmendu nahi nuena zen, batetik, profesional batek ezin duela bere arloan mugatuta egon, eta ondoko arloez gutxieneko ezagutzak izan behar dituela, eta bestetik, ezinbestekoa dela norbera bere lanbidean eguneratzen joatea. Agian gaizki azaldu naiz. Hala bada, barkatu.

  • Elkar trukearen helburua ez da albokoaren gainetik jartzea, baizik eta komunean jartzea. Beraz, edozein ate zeharkatzeko prest izan beharko ginateke, baita geure”gazteluarena”; hau da, geure arloarena.