Hizkuntza-eskubideen estrategien nazioarteko sinposioa

paul-garbi-simposioa-agerraldiaHizkuntz Eskubideen Behatokiak nazioarteko bigarren sinposioa antolatu du. Hizkuntza-eskubideen aitortzarako, bermerako eta defentsarako estrategiak goiburupean egingo da sinposioa ekainaren 8an eta 9an Donostiako Miramar jauregian.

2011ko ekainean hizkuntza-eskubideei lotutako bi gertakariren urteurrena beteko da. Batetik, Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren 15. urteurrena eta bestetik, Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren 10. urteurrena. Testuinguru hori aintzat hartuz antolatu du Behatokiak nazioarteko sinposioa, Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik azaldu duenez.

1996a urte garrantzitsua izan zen hizkuntza-eskubideen esparruan. Urte horretako ekainaren 6tik 9ra Bartzelonan mundu osoko 61 GKE, 40 PEN talde eta hizkuntza-eskubideen eremuko hainbat aditu bildu ziren PEN erakundeko Itzulpen eta Hizkuntza-eskubideen Batzordeak eta CIEMEN erakundeak, UNESCOren laguntzarekin, egindako deiari erantzunez.

Hizkuntza-eskubideei buruzko Mundu Mailako Konferentzia horretako parte-hartzaileek Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala onartu zuten ekainaren 6an eta testua UNESCO erakundeko idazkari nagusiaren esku utzi zuten. Finean, testuak egin beharreko ibilbidea oso argia zen, Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak Deklarazioa bere egitea eta Giza Eskubideen Deklarazion Unibertsalean eranskin gisa sartzea, aipatu du Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusi eta Behatokiko lehendakariak.

Ekarpenak izandako garrantzia hainbat ikuspegitatik berritzailea izan zen. “Batetik, azpimarratu beharko genuke gizarte zibilak jarri zuela mahai gainean aipatu Deklarazioa, eta beraz, gizarte zibilak har dezakeen indarra erakutsi zen beste behin. Bestalde, azpimarratzekoa da Deklarazioak berak edukien eremuan egindako ekarpena; bai norbanakoei atxikitako eskubide besterenezinak, bai eta hizkuntza-komunitatearen definizioa eta eskubideen subjektu gisa atxikitakoak ere”, esan du Garbiñe Petriatik.

Ordutik hona Deklarazioaren joan etorriaren ibilbideak ez ditu hasierako helburuak bete. Hala ere, 15 urte beranduago Deklarazioaren beharra gizarteratzeaz gain, etorkizunean eman beharreko urratsak definitzeko garaia iritsi da Behatokiaren ustez.

Berriki PEN erakundearen Itzulpen eta Hizkuntza-eskubideen Batzordeak bilera egin du Gironan eta, besteak beste, Deklarazioaren edukiak gizarteratzeko beharra ikusi du eta horri begira manifestu bat adostu dute. “Ohartu gara 1996an onartu zenetik, Deklarazioak ez duela bere bidea behar bezala jorratu; hartara, interesgarria iruditu zaigu Deklarazioaren elementu nagusienak dokumentu batera ekartzea, eta berau baliatzea Deklarazioaren oinarrizko printzipioak gizarteratzeko” gaineratu du Bilbaok. Ideia hori berretsi du PEN International erakundeko presidente John Ralstonek: “Manifestu honen bidez hizkuntza-aniztasunaren aldeko borrokan tresna berri bat dugu gaurtik aurrera”.

Horrela, Gironan onartutako hizkuntza-eskubideen aldeko manifestuak hizkuntza-aniztasunaren aldeko deia egiteaz gain, hizkuntza-komunitate guztiek beren hizkuntzak lurralde osoan ofizialak izateko beharra ere agertzen du. “Euskararen kasuan, tamalez, gure hizkuntza ez da ofiziala lurralde osoan, eta beraz, manifestuaren printzipioak gure egitea oso garrantzitsua da” azaldu du Paul Bilbaok. Hemendik aurrera Uyghur, Quebec, Katalunia eta Euskal Pen taldeetako ordezkariek koordinatuko dute aipatu manifestuaren kudeaketa eta gizarteratzea.

Horren karira, Behatokiak parte hartze zuzena hartu nahi du Deklarazio Unibertsala gizarteratzeko erronka berrian, eta nazioarteko sinposioaren bidez bere ekarpena egin nahi du.

Hizkuntz Eskubideen Behatokia 2001ean Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak sortu eta bultzatutako fundazioa dugu. Herritarren eskubideen babeserako hainbat proiektu jarri ditu abian: Euskararen telefonoa zerbitzua, sentsibilizazio-kanpainak, ikastetxeetan lantzeko unitate didaktikoa… Hala ere, gure hizkuntzak eta euskaldunon eskubideen aitortzaren ondorioz, Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala lanerako ardatz izan du.

Euskal hiztunek bizi diren tokiaren arabera dituzte aitortuta hizkuntza-eskubideak, aitortza dagoen tokietan Deklarazioak agertzen dituen zenbait printzipiotatik urrun dago; hainbat kasutan Estatuak nazioarteko itunak ez sinatzeko edota eskubide kolektiboen aitortzari muzin egiteko jarrera dute. Ondorioz, Deklarazioaren beharra agerikoa da euskal hizkuntza-komunitateri dagokionez.

Bestalde, Behatokia bera Kontseilua sortutako erakundea izanik, hau da, euskalgintzaren bilgunerik handiena, oso argi dugu gizarte zibila eragile bihurtu behar dela Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala birbideratzean.

Behatokiak 10 urte beteko ditu 2011ko ekainean, eta ekitaldi edota ospakizunetatik harago joan nahi duen nazioarteko sinposioa antolatu nahi du. Ez da, ez, Behatokiak antolatzen duen lehen sinposioa, izan ere, 2004an Hizkuntza-eskubideak eta hezkuntza nazioarteko sinposio arrakastatsua antolatu zuen.

Gauzak horrela, Behatokiak bere buruaren 10. urteurrena eta Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren 15. urteurrena uztartzeko bi ekimen antolatzea erabaki du. Alde batetik, aipatu dugun sinposioa bera, esan bezala, Hizkuntza-eskubideen aitortzarako, bermerako eta defentsarako estrategiak izenburupean egingo da eta hain zuzen ere, leloak aipatzen duen gaia landuko da bertan. Donostiako Miramar jauregian izango da ekainaren 8an eta 9an. Bertan, nazioartean hizkuntza gutxiagotuen inguruan lanean ari den aditu talde garrantzitsua izango dugu gure artean. Aurrerago emango du Behatokiak honen guztiaren berri.

Sinposioaz gain, bigarren ekimen bat ere antolatu du Behatokiak. Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren urteurrenari lotutakoa da hau. Ekainaren 9an, arratsaldeko 18:00etan, Martin Ugalde Kultur Parkean, euskalgintzak eta nazioarteko gonbidatuek deklarazioaren berrespena egingo dute.

Amaitzeko, aipatu behar dugu sinposioan izen-ematea Behatokiaren web gunearen bitartez egin ahal izango dena, www.behatokia.org/sinposioa helbidean. Maiatzaren 23an hasi eta ekainaren 3a bitartean egongo da izena emateko epea zabalik.

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.