Amazonek uranioa saltzen du 23,20 euroren truke
Amazonek, internet bidezko denda minoristarik handienak, “Kontuz, gai erradioaktiboa” dioten uranio poteak saltzen ditu, 23,20 eurotan. Produktu hau berria ez den arren, notizia bihurtu da azken aldian salmentek izan duten gorakadarengatik.
Amazongo teknologia arduradun nagusiak twiter bidez jakinarazi du erosleek gero eta interes handiagoa dutela produktuan, eta bitxikeria moduan, bezeroek produktua jaso ondoren web orrian utzitako zenbait iruzkin aipatu ditu. Erosketarekin gustura zegoen bezero batek “Pozez zoratzen nago. Orain ez diet hau Libiar horiei erosi beharko merkatal guneen aparkalekuetan.” idatzi du, produktuari bost izarreko kalifikazioa eman ostean. Beste zenbaitek, uranioak osasunari egin diezazkiokeen kalteak kontuan hartuta, “zuretzat txarra” eta antzeko iruzkinak utzi dituzte, oparitarako paregabea dela dioenik ere badagoen arren: “opari ezin hobea aurkako diktadoreentzat”, noren aurkakoentzat zehaztu ez badu ere.
Amazonek uranio hau ikerkuntza zientifikorako eta irakaskuntzarako gai bezala saltzen duen arren, produktu hau erosi dutenek erositako beste produktuei begiradatxo bat emanda garbi geratzen da erosleak ez direla saltzaileek espero zituztenak. Otso gernua, untxi hil osoak eta, denetan harrigarriena, “Txinako egurrezko pixatokiei buruzko perspektibak 2009 eta 2014 artean” izeneko estudio bat dira, besteak beste, uranioa erosi duten bezeroek erosketa berean erositako produktuak.
Artikulu hau publikatzerakoan, Amazonek stockean zuen uranio guztia saldua du jada, eta web orrian diotenez, ezin jakin dezakete noiz egongo den berriz ere eskuragarri.