Amaitu da gauzak galtzearen kontua!
Amaitu da gauzak galtzearen kontua! –
Gauzak asko galtzen dituen horietakoa al zara? Teknologiak irtebidea eman dio arazo horri. Kokapen-etiketei esker, galdutako objektu hori non dagoen jakin ahalko du erabiltzaileak.
Etxeko giltzei zein poltsa bati jar diezaiokezu etiketa hau, besteak beste. Objektu hauetako bat galduz gero, mugikorra hartu, aplikazioa zabaldu eta non dagoen jakin ahal izango duzu. Haurrekin ere erabili ahal izango da, leku handietan gal ez daitezen, esaterako.
WIMy
Gailu hau garatzen Euskal Herriko enpresa den Appkideak aritu da. WIMy izena du beraien “gadget”ak, “Where Is My”-tik eratorrita; hau da, non dago nire…? Bi gauzatan lagundu zaitzake: gauzak ez galtzen eta galdutakoa aurkitzen. Oso erabilterraza da eta erabili ahal izateko aparatuaz gain, aplikazio bat izan behar duzu mugikor, tablet edo dena delakoan, non informazio guztia jasoko duzun.
Hainbat abantaila eta aspektu interesgarri ditu WIMyk. Alde batetik, ez du bateria asko gastatzen. Pila bidez funtzionatzen du eta nahikoa izaten da bateria hori urtean behin aldatzearekin. Bestalde, ura ere jasaten du. Oso interesgarria izan daiteke kontu hau, etiketa duten objektuak euripean egon baitaitezke, adibidez.
Connect Tag
Samsung ere horrelako etiketa batekin ari da lanean. Connect Tag izena jarri diote baina oraindik ez dute kaleratu.
Etiketa hau eraikinen barrualdean badago ere seinalea bidaltzeko gai izango da. SIM txartel elektronikoari esker lortuko da hori.
Nola lokalizatu?
Connect Tag erabiltzeko, Android 6 Marshmallow edo ondorengoren bat beharko da.
Bi modutara aurkitu daitezke galdutako objektuak:
- Etiketen bidez bilatuz
- Noizbehinka objektuaren kokapena bidaliz
Mapan eremu aktibo bat ezartzeko aukera ere badago. Hala, objektua bertan sartu edo bertatik ateratzen bada, erabiltzaileak horren berri izango du.
Kokapen erregistroaren bitartez, aukeratutakoa nondik nora dabilen jakiteko aukera izango du Connect Taga erabiltzen duenak.
Samsungek ez du argitu produktu honen prezioa zein izango den, ezta noiz kaleratuko duten ere. Esan dutenez, Hego Korean hasiko dira saltzen, bertan sortu baita Connect Tag. Hilabete batzuk beranduago iritsiko da gainontzeko tokietara.