Algoritmoa da mezua
Algoritmoa da mezua –
2024a hauteskunde urtea da. Ez soilik Galizian edo Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Aurten planetako populazio erdia baino gehiago —%51— bozkatzera deituta dago. Taiwanetik AEBetara, Errusiatik Bangladeshera, bazter guztietan paratuko dira boto-kutxak: Europako Batasunean, Mexikon, Bangladeshen, Brasilen, Indian, Indonesian, Pakistanen eta Afrikako hemezortzi lurraldetan, besteak beste. Guztira 76 estatu. 4.000 milioi pertsona inguruk aukeratuko dituzte beren alkate, presidente edota legegileak. Hori guztia gatazka armatu ikaragarri indartsuak pil-pilean dauden garaian (Gaza, Ukraina, Burkina Faso, Somalia, Sudan, Yemen, Myanmar, Nigeria, Siria…).
Nonahi nahasmena, eszeptizismoa eta populismoa. Galderak ere, ugari: sare sozialetan islatzen den polarizazioak zenbateraino baldintzatuko du herritarren hautua? Adimen artifizialaren bidez sortutako albiste faltsuek eraginik izango al dute? Komunikabide nagusien sinesgarritasuna maldan behera doan honetan… zer egingo dute beren prestigioa berreskuratzeko? Herritarrok gai al gara albiste faltsuen atzean ezkutatzen diren amarruak detektatzeko? Testuinguru arraro honetan hartutako erabakiak benetan askeak eta demokratikoak izango al dira? Azkena, potoloena: demokrazia arriskuan da?
Herri batetik bestera dauden aldeak handiak dira. Ez dago, beraz, galdera potolo horiei erantzun bakarra ematerik. Adituen aurreikuspenak ez dira onak. Haien esanetan, 2024an adimen artifizialak desinformazioa demokratizatuko du. Teklatu bat duen edonor gai izango da oso modu errazean eta doako software-a erabiliz bere deepfake news —bideo errealista faltsuak— propioak sortzeko. Di-da batean mundu osoan barreiatzeko gai izango da.
Jarrai dezadan galderak egiten: nor da sinesberagoa albiste faltsuen aurrean? Heziketa eta irizpide kritikoak izatea funtsezkoa da, jakina, baina nork sinesten ditu gehiago horrelako goxoki pozoitsuak?: gazteek?, adinekoek?, gizonezkoek, emakumezkoek?, aberatsek, pobreek? Desberdintasunik ba al da larruaren kolorearen arabera?
Zenbait ikerketa
Gai honek eztabaida dezente pizten ditu. Baita ikerketa ugari ere. Argitaratu diren azkenetako bat Massachusettseko Institutu Teknologikoko ikertzaile diren Charles Angelucci eta Andrea Prat ekonomia irakasleek plazaratu dute American Economic Review aldizkarian. Hiru urtetan egindako ikerketa bat izan da —2019-2022 urtealdian— eta AEBetan ardaztu da. Ia 8.000 herritarrek hartu dute parte. Emaitza batzuek zenbait uste sendo deuseztatu dituzte. Esaterako, ikertutako lau herritarretatik hiru gai izan dira politikako lerroburu faltsuak eta egiazkoak bereizteko. Alde horretatik, mezu itxaropentsua: albiste faltsuak ez dira uste zen bezain indartsuak hauteskunde-prozesuak baldintzatzeko.
Ikerketaren B aldea A bezain interesgarria da. Datuen araketa xeheak erakusten du klase sozialen artean desberdintasun handiak daudela. Esaterako: unibertsitate ikasketak eta diru sarrera nahiko altuak dituzten 52 urtetik beherako gizon zuriak onenak dira erantzun zuzenak detektatzeko (kasuen %89k asmatu zituzten egiazko lerroburuak). Beste aldean daude errenta eta heziketa maila baxuagoak dituzten 52 urtetik beherako andre arrazializatuak (kasuen %71k lerroburu zuzenak aukeratu zituzten). Hemezortzi puntuko arrakala. Esanguratsua. Gure ahalmen ekonomikoak gure heziketa-maila baldintzatzen du.
Guk ditugun kezka hauek orokorrak dira. Reuters Institutuak eta Oxfordeko unibertsitateak kaleratu duten azken txostenean —mundu osoko 56 estatutako profesionalek hartu dute parte— gehien errepikatzen diren kontuak horiexek dira: ziurgabetasuna, albiste faltsuen aurrean sentitzen dugun zaurgarritasuna eta adimen artifizialak izango duen inpaktua. Bistan da gaur egun erredakzioetan adimen artifiziala gai dela denbora aurrezteko, baina momentuz —zorionez— eduki horiek profesionalen gainbegiraketa eskatzen dute.
Beharko da, bai. Gainbegiratu eta demokratizatu ezagutza hori. Are gehiago bizi dugun aldi honetan. Informazio falta arriskutsua da, baina gaininformazioa are okerragoa izan daiteke. Ordena pixka bat beharko da. Izan ere, Marta Peirano idazleak esan duen bezala, herritarrok amaierarik ez duen halako orainaldi inkoherente eta nahasi batean bizi gara. «Eta sarritan —dio berak— jende askok nahiago du populista autoritarioen amorruari eutsi dezepzioa onartzea baino». Milei, Trump, Putin, Orban eta enparauak etorri zaizkit burura.
60 urte igaro dira Marshall McLuhan kanadarrak bere global village («herri globala») eta the medium is the message («komunikabidea da mezua») esapide ezagunak plazaratu zituenetik. Egun iristen zaizkigun komunikabide, albiste, audio, bideo eta irudi gehien-gehienak ez ditugu euskarri tradizionaletan kontsumitzen. Gure eguneroko bazka ideologikoa guk geuk aldez aurretik —ohartuki ala ohartu gabe, zuzen ala zeharka— egindako hautuetan oinarritzen da, sarean guk utzitako pistek —ditxosozko cookie eta algoritmoek, alegia— zedarritzen baitute pantailetara isurtzen zaigun fluxua.
Ingurumen mediatikoa aldatu da. Menderakuntza sistemak sofistikatu egin dira. Ezer ez da berdin eta —gezurra badirudi ere— dena iguala da. Askapen bideak jorratzeke daude oraindik. Duela sei hamarkada komunikabideen jabetzaren demokratizazioa aldarrikatzen genuen. Egun, komunikabideen handikiek orduan baino botere handiagoa dute. Horri guztiari gehitu behar zaio erraldoi teknologikoek beren sare sozialetan erabiltzen dituzten algoritmoen inguruan mantentzen duten opakutasuna. Barrunbe horietan dena da ilun. Ezer ez dago garbi.
Gero eta ahots gehiago altxatzen ari dira halako Informazio-gune digital global eta demokratikoa sortzearen alde. Zuckerberg, Musk, Bezos, Gates eta enparauen atzaparretatik at. Erabat urrun. Kontrol demokratikoen mende, herritarron zerbitzurako eta mesedetarako. Nazioarteko erakundeek asko esaten dute baina ezer gutxi aurreratu dute. Bizkitartean, iristen zaigun emaria auskalo nongo algoritmoek erabakitzen jarraituko dute.