Ahotsak behar ditugu
Ekimen interesgarria jarri dute abian Nafarroan herri mugimenduaren bozgorailua izango den komunikabide digitala sortzeko, eta helburu horretarako diru bilketa herritarrari ekin diote.
Ekimen honek zerikusirik zuzena dauka 2013ko azaroan Audientzia Nazionalak agindu zuen Ateak Ireki komunikabide digitalaren itxierarekin. Itxiera horrekin batera www.egindezagunbideadonostia.com, www.etengabe.wordpress.com eta zarauzkoherrira.wordpress.com blokeatu zituen.
Ez dira lehenengoak ezta ezagunenak ere baina azken urteotan ugari izan dira espainolistek itxitako komunikabideak, guztiak digitalak.
Ateak Irekiren aitzindari izan zen Apurtu.org 2011ko urtarrilean Marlaska borreroak itxi zuen horrekin batera lau lagun bahitu kartzelara eraman zituelarik. 2013ko abenduan jakin genuen Audientzia Nazionalak haien aurkako karguak kendu zituela, hori bai, Miguel Angel Llamas “Pitu” kazetariak Espainiako ziegetan bahituta urte eta erdi eman eta gero.
2013ko apirilean Ernai gazte antolakundearen webgunea ixteko agindu zuen Auzitegi Nazionalak eta urte bereko ekainean BurlataHerria.org komunikabidea izan zen itxi zutena.
Espainolisten bortizkeriaren helburu gehienak ezker independentistaren komunikabideak izan arren ez dira bakarrak. Nafarroatik atera gabe eta epai ebazpen bat dela medio, duela egun gutxi gogoratu ahal izan dugu 1998tik Nafarroako Gobernuan dagoen eskuin muturrak Euskalerria Irratiari dagokion baimena lapurtzen diola. Oraingoan Espainiako epaileek irrati euskaldun baten alde egin dute, hala ere UPNk ez du agindua betetzen…… eta ez da ezer gertatzen.
Egitasmo berria
Nafarroa izan da eraso gehien pairatu duen herrialdea, eta han ondo islatzen da espainolisten botere politiko eta judizialaren arteko koordinazioa.
Abagune honetan sortzen da “Ahotsa behar dugu” egitasmoa. Horrela azaltzen dute haien bultzatzaileak:
“Herri mugimenduak interneten bere ahotsa entzun arazteko bide nahikorik ez izateak arduratzen gaitu. Argiago ikusi dugu Auzitegi Nazionalak Ateak Ireki ixteko agindua eman zuenetik. Informazio eta adierazpen askatasunaren kontrako eraso berri honen ondoren, herri ekimenak bere aldarrikapenen difusiorako tresna bat galdu du. Gauzak aldatu eta beraien eskubideak errespetatuak izan daitezen nahi duten guztiek, beraien eskaerentzat bozgorailua galdu dute.”
“Honengatik guztiagatik, zure ahotsa entzun araztea nahi dugulako, kalean, lanpostuan edo ikastetxean adierazten zaren indar eta irmotasun guzti horrekin, interneten komunikazio proiektu berria jarri nahi dugu martxan. Baimendutako ahotsa izan nahi duen komunikabidea, eztabaida politikoetan eragingo duena, Nafarroako aldaketa politiko eta soziala lortu ahal izateko mobilizazioa bultzatuko duena, Nafarroako herri borrokak islatuko dituena. Oinarritik eraiki nahi dugu gure ahotsa entzun arazteko informazio espazio hori, herri mugimendu eta ezkerreko eragile sozial eta politikoekin elkarlanean.”
“Webgunea Nafarroa osora zabaltzea da gure asmoa eta, horregatik, herrialde osotik kolaboratzaile eta korrespontsalen sarea sortzea pentsatu dugu.”
Helburu horiek lortzeko ezinbestekoa den diru bilketa jarri dute abian eta haien egitasmoa gauzatzeko kanpainari ahalik eta hedapen gehiago emateko laguntza eskatzen dute. Lagundu nahi baduzu hemen jaso dezakezu informazioa: http://goteo.org/project/ahotsa-behar-dugu/
“AHOTSA.INFO jaio da, Nafarroan eraldaketa sozial eta politikoa bultzatzeko”
.
http://ahotsa.info/
“Gazte Danbadako hainbat bideo ezabatzeko agindu dio Auzitegi Nazionalak Topatu.info-ri”
.
Auzitegi Nazional espainolak 2013ko apirilean egin zen Gazte Danbadako ekimeneko hainbat bideo ezabatzeko agindu dio Topatu.info-ri, atariak bere webgunean jakinarazi duenez.
Agindua bete ezean, webgunea itxiko dietela adierazi dute.
Beraz, dagoeneko eduki horiek ez dira sarean ikusgai.
.
http://www.naiz.info/eu/actualidad/noticia/20140310/gazte-danbadako-hainbat-bideo-ezabatzeko-agindu-dio-auzitegi-nazionalak-topatu-info-ri#