Adimen artifiziala berriz ere

Adimen artifiziala berriz ere –

Adimen artifiziala berriz ere

Adimen artifizialen alorreko atzen garapenari buruzko berriketa eta notiziak nonahi izan ditugu GALDEren atzen alean ChatGPTren emaitza harrigarriak hizpide izan nuenetik. Interesez segitu ditut han eta hemen publikatutakoak, urliak eta berendiak egin dituzten iruzkinak eta txiolandiako jario etenik gabea.

Leitutako iritzien artean bi ekarriko ditut lerro hauetara. Batak, solaserako adimen artifizialen arriskuez mintzo da, besteak hizkuntza-dibertsitatea du hizpide. Louis Rosenberg alorreko adituak sinatzen duenak izenburutik bertatik erakarri zuen nire atentzioa: Solaserako adimen artifizialen arrisku larria. (venturebeat.com/ai/the-profound-danger-of-conversational-ai/) Iritzia ez da konspiranoiko batena, ezta mesfidati patologiko batena ere.

Rosenberg-ek adimen artifizialaren alor desberdinak izaten ari diren garapen izugarria aletzen ditu banan-bana eta horien guztien konjuntzioak sor ditzakeen arriskuak seinalatzen ditu, gizakion manipulazio-ahalmena azpimarratuz.

‘Adimen artifizialeko teknologiak usa daitezke norbanakoak itutzat hartuaz, zehaztasun eta eraginkortasun handiz manipulatzeko.’ Borobil-borobil jaulkitzen du. Informazio faltsua eta desegokia zabaltzeko orain arte erabilitako teknika diskriminaziorik gabekoetatik haratago joan daiteke adimen artifizialaren bidez. Manipulazioaren itua aukeratuta harekin izaten ari den elkarrizketa molda dakioke denbora errealean norbanakoaren nortasunari eta esandakoaren inpaktua maximora eraman. ChatGPTek eta parekoek gizakiaren modukoaren zentzu komuna eman diezaiokete solasari.

Rosenberg-ek beste aspektu bat ere seinalatzen du: gizaki digitalak. Software-teknologia hau oso azkar garatzen ari da eta gizaki simulatuak kreatzen ditu benetako pertsonen espresioa, itxura, mugitzeko modua eta hitz egiteko era dituztenak. Solaserako adimen artifizialak eta gizaki digitalaren teknologiaren konbinaketak eraman lezake solaskide birtuala sortzea eta gizakiak harekin hizketan aritzea, ohartu gabe solaskidea birtuala izan daitekeela. Izan ere, 2022an eginiko ikerketa batek aditzera eman du gizakion nekez bereizten ditugula pertsonen argazkiak, adimen artifizialez sortutakoetatik.

Esandakoari Rosenberg-ek eransten dio adimen artifizialek gaitasuna izan dezaketela, webcam baten bidez, norbanakoaren emozioak analizatzekoa begien mugimenduaren, ninien dilatazioaren eta aurpegiaren espresioen bidez. Antzekoa egin lezakete hizketa analizatuz. «Horrek esan nahi du, jendea bideratutako elkarrizketa batean inplikatzeko garatutako solaskide birtual bat gai izango dela, berak jaulkitako hitz bakoitzari nola erantzuten zaion aintzat hartuta, bere taktikak egokitzeko eta zein bideratze-estrategia ari diren funtzionatzen eta zein ez hautemateko. Elkarrizketarako adimen artifizial baten manipulazio-ahalmena izugarria da».

Beste piezak izenburu iradokitzaile hau du: ‘ChatGPTk hizkuntza-dibertsitatea mehatxatzen du. Gehiago egin behar da gure diferentziak zaintzeko adimen artifizialaren garaian’. (theconversation.com/chatgpt-threatenslanguage-diversity-more-needs-to-be-done-to-protectour-differences-in-the-age-of-ai)

Collin Bjirk egileak bi aspektu tratatzen ditu hizkuntza-dibertsitateaz diharduenean: hizkuntza baten aldaerak (ingelesa) eta hizkuntza minorizatu baten egoera (maoria), nahiz eta aurrenekoari lotzen zaion bereziki.

Esplikatu ondoren ChatGPTk nola funtzionatzen duen erakusten du nola hark bultza dezakeen are gehiago aldaera/hizkuntza ez-estandarren galera. Izan ere, elkarrizketarako adimen artifizialek baliatzen dituzten testumasa itzelak estandar nagusietan eskribitutakoak dira eta, ondorioz, aldaera estandar nagusiaren arabera ematen dituzte erantzunak. Horrek mezu argia damaio erabiltzaileari bere aldaerari buruz: ‘ez da egokia’. Estandarra indartu egiten du. Beltzen ingelesa egiten duenari AEBetako ingeles estandarrean erantzuten dio, hots, ingelesdun zuri kultuen hizkeran.

Collin Bjirk-ek aldarrikatzen du hizkuntzaren forma eznormatiboak lantzeko moldeak aintzat hartu beharko lituzketela elkarrizketarako adimen artifizialek. Eta adibide polit bat jartzen du erakusteko nola adimen artifizialak ikuspegi sozial bat nabarmentzen eta indartzen duten.

Dall-E-2 irudiak kreatzeko adimen artifiziala da. Irudia sortzeko esaldi hau tekleatzen bada: ‘eskuak ordenadore eramangarri batean tekleatzen, gertuko argazkia’. Programak gizonezko zurien eskuak erakusten ditu irudietan. Programak eskaera espezifikoagoa behar du pertsona beltz baten eskuak erakusteko. Defektuz, makinarentzat gizon zuriak dira eramangarria usatzen dutenak.

Galde 40 Udaberria/2023

Adimen artifiziala berriz ere

Adimen artifizialaren atzen jostailua