Abian da 2024ko Elhuyar Zientzia Azoka

Abian da 2024ko Elhuyar Zientzia Azoka –

  • Izena emateko epea zabalik da Elhuyar Zientzia Azokaren webgunean.
  • Edizio honetan ere ikasleek ikertzaileen laguntza jasoko dute proiektuak garatzeko.
  • Bilboko azokaz gain, Nafarroako, Gipuzkoako eta Lapurdiko azokak ere egingo dira 2024an.

Elhuyar Zientzia Azokan izena emateko epea zabalik da. 2024an, Bilboko azokaz gain, Nafarroako, Gipuzkoako eta Lapurdiko azokak ere egingo dira. Nafarroakoa Iruñean izango da; Gipuzkoakoa, Usurbilen; eta Lapurdikoak, Kanbon eta Ziburun.

Elhuyar Zientzia Azoka 12-18 urte bitarteko gazteek garatutako zientzia-proiektuen ekimen bat da, ikerketa zientifikoa eta garapen teknologikoa barrutik bizitzeko aukera ematen duena, eta Euskal Herriko ikastetxe guztietako DBHko eta Batxilergoko gazteek parte har dezakete. Euskararen erabilera sustatzeko proiektua ere bada Elhuyar Zientzia Azoka.

Gazteei laguntzeko eta STEM mundu profesionalaren gertuko erreferentziak izan ditzaten, Euskal Zientzia eta Teknologia sareko ikertzaile-talde zabal bat bildu du Elhuyarrek, gazteen aholkulari izan daitezen. Izan ere, 200 ikertzailek baino gehiagok ematen dute izena urtero —% 56 inguru dira emakumeak— gazteen aholkulari izateko, eta epea zabalik dago oraindik.

Ikasleak berek erabakitako gaien inguruan arituko dira talde-lanean: galdetzen, ikertzen, diseinatzen, eraikitzen, partekatzen eta esperientzia berriak bizitzen. Benetako profesionalak ezagutuko dituzte, haiekin abenturak eta bizipenak partekatuko dituzte, eta haien laguntza izango dute beren proiektuak garatzeko.

Lanaren emaitza euskarazko STEAM proiektu bat izango da, eta maiatzean ezagutu ahal izango dira proiektu horiek aurrez aurre, hilaren 22tik 25era egingo den Elhuyar Zientzia Azokaren ekitaldi nagusian (Bilboko Areatzako kaian).

Gipuzkoa, Nafarroa eta Lapurdiko azokak

Bilbon ez ezik, tokian tokian ere aurkeztu ahal izango dituzte proiektuak gazteek. Elhuyarrek Zientzia Azoken sarea sortzea du helburu, eta hau da 2024ko egutegia:

• Kanbo, martxoak 23: Xalbador kolegioko gazteak.
• Ziburu, martxoak 26: Piarres Larzabal kolegioko gazteak.
• Iruñea, apirilak 27: Nafarroako ikastetxeetako gazteak. Iruñeko Planetarioaren lankidetzarekin.
• Usurbil, maiatzak 4: Gipuzkoako ikastetxeetako gazteak. Usurbilgo Udalaren lankidetzarekin.
Bilbo, maiatzaren 22tik 25era: Euskal Herri osoko ikastetxeetako gazteak. Bilboko Udalaren lankidetzarekin.

2013an lehen edizioa egin zenetik gaur arte, 7.400 gaztek hartu dute parte Elhuyar Zientzia Azokan (% 52 neskak, % 45 mutilak eta % 3 ez-bitarrak). Guztira, 2.200 ikerketa-proiektu edo proiektu teknologiko egin dira.

Elhuyar Zientzia Azokaren inguruan jakin beharreko xehetasunak, parte hartzeko baldintzak eta izena emateko formularioa Elhuyar Zientzia Azokaren webgunean daude.

Elhuyar Zientzia Azokaren laguntzaileak: Eusko Jaurlaritza, Euroeskualdea, FECYT (Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa), Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Nafarroako Gobernua, Usurbilgo Udala, TELECO Renta proiektua (EHU da parte-hartzaileetako bat) eta Erabi.

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude