Abiadura da animalien jokabide kolektiboaren gakoetako bat

Abiadura da animalien jokabide kolektiboaren gakoetako bat –

Juanma Gallegok Zientzia Kaieran.

Arrain baten itxura duen robot bat erabilita, sardan ibili ohi diren arrain batzuen portaera aztertu dute, eta ondorioztatu dute arinago doazen banakoek taldearen lidergoa eskuratzen dutela.

Eguneroko kezketan murgilduta, landa eremu batean autoa gidatzen edo paseoan doan gizakumeari naturak noizean behin eskaintzen dion ikuskizun txiki baina zoragarri horietako bat da: izaki erraldoi bat mugitzen da goian, leku batetik bestera, arratseko zeru gorrixkan dantza izugarri ederra marraztuz. Ehunka arabazozoez osatutako saldoa da, baina, itxuran, izaki bakar baten mugimendua dirudi.

Arabazozoena ez da antzeko ikuskizun bakarra. Euskal Herrian horrelakorik ez dugun arren, telebistaren aurrean bazkalostea eman duen edozeini aise etorriko zaizkio gogora dokumentaletan ikusten diren ugaztunen mugimendu handiak, eta oroituko du ere harrapakariei zeinen zaila egiten zaien horien erdian ehizatzea. Urpean, sardinzarrek (Clupea harengus) eta beste zenbait espeziek osatzen dituzten sardetan ere antzeko jokabidea ikusten da. Era indibidualean, arrainek ezin dute osotasuna ikusi, baina, halere, guztien arteko mugimenduari esker, badirudi harrapakarien aurreko erantzun bikaina lortzen dutela.

Abiadura da animalien jokabide kolektiboaren gakoetako bat
Animalia askotan ematen da jokabide kolektiboaren fenomenoa: arrainetan, ugaztunetan edota intsektuetan. Baina gizakiarentzat agian ikusgarriena da hegaztiek egiten dutena, aise ikus daitekeelako. (Argazkia: James Wainscoat / Unsplash)

Intsektu sozialek erakusten dituztenak bezala —nahiz eta konplexutasun txikiagoan—, horiek guztiak jokabide kolektiboaren adierazpenak dira, eta zientzialariek urteak daramatzate horien atzean dauden sekretuak argitu nahian. Nola gidatzen dira horrelakoak? Zein abantaila dituzte? Nola atera daitezke mugimendu horiek horren sinkronizatuak?

Hipotesi asko garatu dira gaiaren bueltan, eta, pixkanaka, esperimentuen, ordenagailu bidezko simulazioen eta landa behaketen bidez azalpen horietako batzuk indartzen ari dira. Agerienetako bat segurtasunari dagokiona da: begi eta belarri asko adi egonda, errazagoa da harrapakariren bat ote datorren asmatzea, eta, beraz, taldearen babesean, animalia bakoitzak denbora gehiago eman dezake janari bila. Bestetik, eta probabilitateei begira, banakoak aukera gehiago izango lituzke eraso batetik bizirik ateratzeko, eta multzoan ibiltzeak ere zenbait harrapakari atzera botako lituzke. Multzoa erasotzera ausartzen diren harrapakarietan ere nolabaiteko nahaste-efektu bat sortzen da, horrenbeste harrapakin egonda, jazarpenean zehar zailagoa baita animalia bakar batean arreta mantentzea.

Ez da erraza azaltzea nola abiatzen den prozesu guztia, baina, urteen poderioz, ikertzaileek ondorioztatu dute guztia arau sinple bakar batzuetan oinarritzen dela: alboko animalia gehiegi hurbiltzen bada, urrundu. Asko urruntzen bada, hurbildu. Bitartean, jarraitu mugimenduan edo gelditu, multzoaren erritmoan.

Horrela, alboetan dagoen animaliak arrisku batez jabetu eta mugitzen hasten direnean, mugimendu horren transmisio azkar eta koordinatu bat hedatuko da multzo osoan zehar. Beste modu batean esanda, animaliek informazio lokalari baino ez diote erantzungo, baina informazio hori aise zabalduko da, eta taldeak egoeraren kontrol deszentralizatu moduko bat lortuko du.

Hori zehazki nola gertatzen den azaltzea ez da, noski, hain sinplea. Erasorik ez dagoenean, zeren arabera mugitzen da taldea? Hori argitu nahian, Konstantzako Unibertsitateko (Alemania) zientzialariek arrainen talde portaeran sakondu dute. Horretan laguntzeko, arrain bat dirudien robot txikia eraiki dute.

Biology Letters of the Royal Society aldizkarian argitaratutako artikulu batean adierazi dutenez (hemen artikuluaren aurreargitalpena, irekian), abiadura funtsezko faktorea izan daiteke arrainen portaera kolektiboa azaltzeko. Hori izan da atera duten ondorio nagusia, arrain espezie batekin egindako esperimentu baten bidez: banakorik azkarrenak dira taldean eragin gehiago dukatenak.

Abiadura da animalien jokabide kolektiboaren gakoetako bat
Arraina dirudien robota prestatu dute, eta horrekin arrain talde baten portaera aztertu ahal izan dute. Arrainek kidetzat jo dute robota, eta haren alboan ibili dira, normaltasunez. (Argazkia: David Bierbach / Leibniz-Institute of Freshwater Ecology and Inland Fisheries)

Poecilia reticulata espezieko arrainarekin egin dute esperimentua. Ur gezako arraina da; jatorriz, tropikoetakoa, baina akuarioetan erabili ohi dena. Akuariofiliaren munduan Guppy izenez ezagutzen da espeziea. Robotari dagokionez, ahalik eta errealistena egiten saiatu dira; ez soilik itxuran, jokabidean baizik. Zientzialari batzuek erakutsi ohi duten irudimen-ateraldi horietako batean, Robofish izena eman diote.

Hortaz, eta banan-banan, arrainei robota pare-parean jarri diete, haren mugimendu guztiak kopiatuta. Horretarako, bideokamera batekin etengabeko jarraipena egin diete bikoteei, eta berrelikadura sistema bat erabili dute denbora errealean arrainen mugimenduei erantzun ahal izateko. Robotari ez diote eman mugitzeko inolako lehentasunik, kidearen mugimenduak imitatzera mugatu delarik. Animalia talde askotan aurretik ikusi diren arau sinple horiek jarraitu ditu robotak: arrainekiko tarte berdina mantendu du, eta haren parean egin du aurrera.

Ikusi dutenez, dantza horretan arintasunez aritzeak garrantzia izan du. Guppy-a abiadura handiagoan zihoan kasuetan, bikoteak askoz lerratuagoak eta koordinatuagoak zeuden, kohesioa txikiagoa izanda ere; guppya argiago agertu zen lider gisa”, idatzi dute zientzia artikuluan. “Abiaduraren eta lidergoaren arteko harreman positibo indartsua behatu dugu”.

Kohesioaren beherakadaren eta abiaduraren arteko korrelazioari azalpen bat aurkitu diote: azkarrago mugituta, arrainak lehenago aldatzen du posizioa gainerako taldekideekiko, eta, hauek mugitu arte, kohesio falta hori ikusten da.

Azaldu dutenez, arrainak duen tamainaren, adinaren eta izaten den gosearen araberakoa da abiadura. Horregatik, hurrengo pausua izango da argitzea zein den faktore hauen garrantzia abiadura-mailak ezartzerakoan. Momentuz, jakin badakigu, —arrain espezie honetan bederen— arinen doanaren arabera mugitzen dela taldea. Beste espezie edo animalia mota batzuetan hori ere hala ote den argitu beharko da orain.

.

Erreferentzia bibliografikoa:

Jolles, J.W., et al. (2020). Group-level patterns emerge from individual speed as revealed by an extremely social robotic fish. Biology Letters of the Royal Society, 16 (9), 20200436. DOI: 10.1098/rsbl.2020.0436

Abiadura da animalien jokabide kolektiboaren gakoetako bat

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.