Pedro Altube, Ameriketako euskaldunen aita

Pedro Altube, Ameriketako euskaldunen aita –

Pedro Altube, Ameriketako euskaldunen aitaEuskaldunek XIX. mende osoan zehar Ameriketarako gauzatu zuten emigrazioa izugarri handia izan zen, eta zazpi Euskal Herrietatik abiatu ziren gure gazteak etorkizun hobe baten bila. Emigrazio honetarako era askotako arrazoiak zeuden. Alde batetik, Amerikak asko eskaintzen zuen: urrea, lur berriak, bizimodu erosoa, fortuna egiteko bidea… eta bestaldetik, Euskal Herrian bertan baziren gure mutilak emigratzera bultzatzen zituzten motiboak: gerra, pobrezia, nahita nahiezko soldaduska, maiorazkoaren edo seme premuaren ohitura…

.

Ameriketarako bidea hartzeko arrazoiak

Arestian aipatu dugun bezala, arrazoi ugari ziren, baina garrantzitsuena agian maiorazkoa edo garaian indarrean zegoen lurrak transmititzeko sistema berezia. Hori zela eta, semerik zaharrena baserriarekin eta lur guztiekin gelditzen zen, eta beste anaia-arreba guztiak, soil-soilik, zegokien dotearekin. Sistema hau ona zen lurren banaezintasuna bermatzeko, baina premu edo maiorazko ez ziren seme-alabek etorkizun berri bat bilatu beharra zeukaten. Azken horietako asko erlijioso sartzen ziren, beste asko soldadu, eta gehien-gehienak Ameriketarantz abiatzen ziren.

Gudate karlisten porrota ere oso kontuan hartu beharra daukagu emigrazio erraldoi honen motiboen artean. Euskaldun mundu tradizionala, hau da, nekazariak izan ziren gerra hauen galtzaile nagusiak, eta Madrilgo gobernuak jarritako zigor eta errekisa  handiei aurre ezin eginez, Ameriketarako bideari ekin behar izan zioten askok eta askok, ezinbestez. Gerrateek ekarritako goseteak ere zerikusi handia eduki zuen emigrazio honen aferan. Aunitz Argentina eta Uruguai alderantz abiatu ziren, beste aunitz Venezuela, Kuba eta Mexikorantz, eta beste aunitz ere Ipar Ameriketako lurralde zabaletarantz. Azken horien artean, gehien-gehienak Kaliforniara joan ziren, hango urreak eta eremu zabalek deiturik.

.

Elkoko azienden ustiapena

1871. urtean, ordurako Kalifornian finkaturik bizi ziren Pedro eta Beñardo Altube anaiek, kaliforniar larreen urritasuna zela eta, hiru mila behi erosi zituzten Mexikoko lurraldeetan, eta beraiekin batera, Nevada aldera jo zuten, hango lurretan, Elko konderriko Independence izeneko haranean arrantxo handi bat eraikiz.

Bederatzi urte beranduago, hau da, 1880. urterako, altubetarrek ba omen zeuzkaten bost mila behi, eta Nevadako abeltzain handienetakoak ziren. Altubetarren kasuak oihartzun handia eduki zuen euskaldunon artean, eta hori dela eta, euskal gazte askok, ordura arte erabilitako Rio de la Plata-rako ohiko bideari uko egin eta ipar alderago desbideratu ziren, Nevada aldera. Altubetarren arrantxoaren ondoan bazen Iparraldetik joandako garatarren bigarren arrantxo euskaldun bat. Bai altubetarrek eta bai garatarrek euskaldun mutilak kontratatu zituzten euren lurretan aritzeko, eta horrela, Elko berehalaxe euskaldunez bete zen.

Pedro Altube, Ameriketako euskaldunen aita

Hasieran behi aziendarekin lan egin bazuten ere, 1889-1890 urteetan eskualdean izan zen negu gorriak zenbait aldaketa egitera behartu zituen. Alde batetik, garatarrek uda aldean albitza (aziendari bazka gisa ematen zaion belar mota) landu zuten neguan aziendarako jakia izan zedin, eta bestaldetik altubetarrek ardi azienda izugarri handitu zuten. Orduz geroztik, familia bakoitzak bere bidea hartu zuen. Altubetarrak artzaintzan aritu ziren gehien bat, eta garatarrak abeltzaintzan. Altubatarrek euskal artzainez bete zituzten Elkoko bazterrak, eta garatarrek euskal unaiez. Bi sistemak bateraezina ziren, eta laster lehen istilu eta kalapita sortu ziren bi familien artean, gehien bat, lur komunalen ustiaketari zegokionean. Kalapita honetatik altubetarrak irten ziren garaile, eta horrela, pittaka-pittaka  Nevada osoa euskal artzainez gainezkatu zen. Garaiko kronikek diotenez, hango aireak euskal kantuz eta solasez  bete ziren.

Gaur egun, ez da zehazki jakiten nor izan ziren Nevadan ardiak lehen aldiz sartu zituztenak, baina garbi dago euskaldunak izan zirela artzaintzari urte luzeetan zehar aipaturiko eskualdean eduki duen indar ikaragarri handia eman ziotenak.

.

Altubetarren indarra

Horrela aberasturik, altubetarrak hango lurren nagusi bilakatu ziren. Badirudi inoiz ez zirela euren erroez ahantzi, eta beti ahalegindu zirela euskal artzainak kontratatzen. Ospetsuak izan ziren altubetarrek euskal artzainei emandako diru-mailegu eta laguntzak. Artzain euskaldunek izugarri maite zituzten eta Pedro Altubez hitz egiterakoan, Ameriketako Euskaldunen Aita deitzen zioten.

Ordurako legenda bilakaturik zirela, 1895. urtean San Frantzisko hirira aldatu ziren, bertan etxe handi bat erosiz. Hamar urte beranduago, hau da, 1905ean, Pedro Altube San Frantziskon hil zen, eta Beñardo anaia urte bat beranduago  Berkeleyn. Pedroren testamentuan irakur daitekeenez, zendu zenean honako ondasunak utzi zituen Independence haraneko errantxoan: 400.000 akre lur, 20.000 behi, 20.000 ardi eta 2.000 zaldi.

Gaur egun, Nevadako euskaldunen edozein ondorengori Pedro Altubez galdetzean, betiko leloaz erantzungo du: A bai, Ameriketako Euskaldunen Aita!

Pedro Altube, Ameriketako euskaldunen aita

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

2 pentsamendu “Pedro Altube, Ameriketako euskaldunen aita”-ri buruz

  • Egun on! Oso artikulu interesgarria. Interneten irakurri dut Pedro Altube National Cowboy & Western Heritage Museumen ohorezko gelan dagoela: https://nationalcowboymuseum.org/great-westerners/pedro-altube/

    Bertan ere Ameriketako euskaldunen aita da.

    Ondo ibili

    Jon.

  • Lehenagotik ere ibilia zen hamaika euskaldun ameriketan: Lope de Agirre, Pedro Urtsua, Juan Bautista Anza, Diego de Ibarra, Juan de Tolosa, Juan de Garay… Indio hilketan egin ziren ezagun.
    Pedro Altuberekin, ezin aipatu gabe utzi Independence haranean ezarri zuen arrantxoaren izena: Spanish Ranch.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude