8 urteko haurren herenak smartphone propioa dauka

8 urteko haurren herenak smartphone propioa dauka –

Mikel Garcia Idiakezek Argia aldizkarian.

Lehen eta Bigarren hezkuntzako ikasleek duten pantaila kontsumo, ohitura eta praktikak aztertuta, “gure ustez, familiek ez dakite nerabeek zer egiten duten mundu digitalean”, diote macsonrisas-eko hezitzaile digitalek. Hego Euskal Herriko ikasleekin joan den ikasturtean egindako 1.500 saio baino gehiagoren ondorio kezkagarriak argitaratu dituzte.

Lehen Hezkuntzan, 3. mailatik aurrera  (8-9 urte inguruko haurrekin) egindako saioetan ikusi dutenez, oro har mundu digitala kontrolik gabe erabiltzen dute. 3. mailan ikasleen herenak smartphonea du eta 6. mailan (11-12 urte inguru) bi herenak.

8 urteko haurren herenak smartphone propioa dauka
Gurasoek, jabetu gabe, gehiegizko pantaila kontsumoa bultzatzen dute seme-alabengan, beraiek ere pantailak asko kontsumitzen dituztelako. Argazkia: Freepik

Askori denbora kontrolatzen badiete ere, gehiegizko erabilera egiten dute “eta benetako menpekotasun arazoak dituzten haurrak aurkitu ditugu”. Lehen Hezkuntzako ikasleen erdiak dio astegunez bi ordu baino gehiago pasatzen dituela pantailekin eskola orduetatik kanpo, eta %10ak dio astean bost ordutik gora egiten dituela. Asteburuetan, haurren bi herenek bi ordu baino gehiago igarotzen dituzte pantaila aurrean, %20ak bost ordutik gora, eta %10ak zortzi ordu baino gehiago.

Gehien erabiltzen dituzten sare sozialak TikTok, WhatsApp eta Youtube dira, eta Instagramen 5.000 jarraitzaile baino gehiago dituzten Lehen Hezkuntzako hainbat haur ikusi dituzte.

Sarri, nagusientzako bideo-jokoetan jolasten dute, horietako asko 18 urtetik gorakoentzat (GTA, Call of Duty). Eduki bortitzez gain, bideo-joko askok jada kasinoen elementuak txertatu dituzte haien dinamiketan, ohartarazten du txostenak.

Mundu digitalean, hizkuntza eta jarrera toxikoak normalizatzen ari direla nabarmendu dute, WhatsApp taldeak adibidez “oso kaotikoak” direla: irainak, mehatxuak, hizkera lotsagabea, jazarpen digitala, informazio pribatua partekatzea, ikaskideen irudiekin egindako stickerrak, memeak, besteen irudiaren erabilera… Europan WhatsApp erabiltzeko baldintzetan ezarritako adina 16 urte dela gogoratu dute txostenaren egileek.

Instagramen 5.000 jarraitzaile baino gehiago dituzten Lehen Hezkuntzako hainbat haur ikusi dituzte.

.

12 urtetik aurrera, esponentzialki handitzen da denbora

Lehen Hezkuntzatik Bigarrenera salto egin eta pantailak erabiltzen emandako denbora esponentzialki handitzen da, “eta ez dugu ulertzen zergatik ematen den aldaketa hori”, diote hezitzaile digitalek. DBHn, gazteen bi herenek astegunez egunean bi ordu baino gehiago pasatzen dituzte eta ia heren batek egunean bost ordu baino gehiago. Asteburuan, %80k egunean bi ordu baino gehiago pasatzen ditu, ia erdiak egunean bost ordu baino gehiago, eta %18ak egunean zortzi ordu baino gehiago.

Ikasleei galdetuz gero, baina, ez dute uste pantailak gehiegi erabiltzen dituztenik, gurasoek haiek adina erabiltzen dituztelako.

Sare sozialetan, TikTok, Instagram eta Youtube erabiltzen dituzte batik bat, eta “nerabe askok ezagutzaren, kontrolaren eta boterearen sentsazio faltsua dute”, baina antibirusa oso gutxik erabiltzen dute, oinarrizko ekintzak egiten ez dakite, eta oso ohikoa da sarean ezezagunekin hitz egitea eta informazio pribatua ematea.

Nerabeen pornografia kontsumoa urtetik urtera gora egiten ari dela ohartarazi dute, eta gero eta nerabe gehiagok egiten dituztela online apustuak eta inbertsioak kriptotxanponetan, ordainpeko plataformako edukiak doan ikusteko.

Ikastetxe guztietan, meme eta sticker ugari daude gelako ikaskideen eta irakasleen irudiekin. Kasu batzuetan, ikasleek irakasleak grabatzen dituzte.

“Beste pertsona batzuen irudiak eta informazio pertsonala partekatzea ohikoa da. Ikastetxe guztietan, meme eta sticker ugari daude gelako ikaskideen eta irakasleen irudiekin. Kasu batzuetan, ikasleek irakasleak grabatzen dituzte ikasgelan edo korridoreetan, eta grabaketak Instagramera igotzen dituzte. Indarkeria asko ikusten eta partekatzen dute, batez ere benetako borrokak. Ohikoa da haien artean borroka bilatzea, grabatzea eta zabaltzea”.

.

Zenbat pantaila ditugu etxean?

Etxean zenbat pantaila dituzten galdetu diete haur eta gazteei: gehienek sei pantaila baino gehiago dituzte, askok hamar baino gehiago. “Azterlan askok erakusten dute lotura zuzena dagoela etxeetan pantaila asko izatearen eta pantailen erabilera denbora gehitzearen artean”.

.

Eta familiek zer diote?

Etxe askotan, seme-alabek erabiltzen dituzten jolasen dinamikak, edukiak eta arriskuak ez dituzte ezagutzen, eta kritika egiten diete hezitzaile digitalek: gurasoek, jabetu gabe, gehiegizko pantaila kontsumoa bultzatzen dute seme-alabengan, beraiek ere pantailak asko kontsumitzen dituztelako eta ez dizkietelako txikitatik mugak eta arauak jarri mundu digitalean. Eredu diren heinean, “ezinezkoa da pantailen erabilera egoki eta kontzientean heztea, helduek ez badiote beren buruari aplikatzen”.

Ikasleei galdetuz gero, ez dute uste pantailak gehiegi erabiltzen dituztenik, gurasoek haiek adina erabiltzen dituztelako.

.

Adibide positiboak

Azkenik, hainbat ikastetxe eta guraso elkartek aurrera ateratako ekimenak txalotu ditu macsonrisas-ek, haurrei lehenengo smartphonea emateko adina atzeratzea elkarrekin adosten ari direlako han-hemenka. Azken finean, mugikorrik ez izatearen presio sozialari errazago egiten zaio aurre, denen artean hala adosten badute.

Gaiari lotuta: 13 urtera arte mugikorrik ez: Irlandako hiri bateko ikastetxe eta guraso elkarte guztiek hartu duten erabakia.

8 urteko haurren herenak smartphone propioa dauka

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude