[Urpeko Bonbarda #089] Zinemaldikoak
[Urpeko Bonbarda #089] Zinemaldikoak –
Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. Laurogeita bederatzigarren saioan, Donostiako Zinemaldiari begira jarri gara.
Laurogeita bederatzigarren saioan, Donostiako Zinemaldia izan dugu mintzagai Urpeko Bonbardan, modu batean edo bestean musikarekin zerikusia duten filmak aurkitzen baititugu beti bertan, batzuetan zeharka bada ere.
Hamahiru film hautatu eta kantu banarekin uztartu ditugu saioa osatzeko, batzuetan bata besteen arteko lotura argirik izan ez arren.
Bost dira zuzen-zuzenean musikarekin loturiko filmak, musika talde edo eszena bati lotutako dokumentalak direlako. EiTB Galan proiektatuko den “Kepa Junkera berpiztu”, Fermin Aioren filmak, trikitilari bizkaitarraren iktusa izan osteko bizitza erakusten digu, egiten ari den errehabilitazio gogorra tarteko. Made In Spain atalean, Tequila talde espainiar-argentinarrari buruzko dokumentala zuzendu du Álvaro Longoriak, Cecilia Rothek kontatua. Zabaltegin, “Meet Me in the Bathroom” dakarte Dylan Southern eta Will Lovelace zinemagileek, milurte aldaketako New Yorkeko musika eszenaz mintzo dena, The Strokes, LCD Soundystem, Yeah Yeah Yeahs eta Interpol taldeen partaidetzarekin. Perlak atalak Brett Morgenen “Moonage Daydream” proiektatuko du, izenak adierazten dioen legez David Bowie erraldoiaren unibertso artistikoari buruzkoa. Bukatzeko, Fernando León de Aranoak Joaquín Sabina lagunari buruzko dokumentala zuzendu du, hamahiru urtez luzatu den “Sintiéndolo mucho”, Belodromoan ezagutu ahal izango dena.
Belodromoa sail gisa aurkezten du Zinemaldiak, zeharka edo zuzenean musika ardatz duten hiru lanek osatua. Lehena arestian aipatu dugun “Sintiéndolo mucho”, Joaquín Sabinari buruzkoa; beste biak Paco Leonen “Rainbow” eta Fermin Muguruzaren “Black is Beltza II: Ainhoa”. Lehena “OZeko aztia” klasikoaren berrirakurketa omen da, eta horrenbestez, Melody Gardot izarraren “Over the Rainbow” kantuarekin lotu dugu. Bigarrenaren soinu banda salgai dago jada Naiz hedabidearen atarian, Cd formatuan zein binilo bikoitzean. Mursegok propio filmerako egindako kantuak eta Kortaturen kantu mitiko batzuk ditugu bertan entzungai, Cicatriz, The Pogues eta beste askorekin batera; berbarako, guk hautatu dugun Benny Moré kubatarraren “Que bueno baila usted”.
Isaki Lacuestak “Un año, una noche” dakar Perlak atalera, 2015ean Parisek pairatu zituen erasoen gauean Bataclanen zeuden bi gazte protagonista dituen filma. Egun hartan Eagles of Death Metal taldeak jo zuen frantziar hiriburuan, eta beraien kantu batekin lotu dugu filmea, Duran Duran taldearen bertsioa den “Save a Prayer”. Bere aldetik, beste areto bat aurkeztu digu Izaskun Arandiak “My Way Out” filmean, Londonen trans komunitatearen aterpe den The Way Out, gure saioan “Afrodita A” kantuak ordezkatu duena, soinu bandan parte hartu baitu Yogurinha Borova bilbotarrak.
Gainontzeko filme eta kantuen arteko lotura argirik ez dago. Horizontes Latinos atalean aurkeztuko den Mariano Biasinen “Sublime” film argentinarrak musika talde bat eratu duten nerabeak aurkezten dizkigu, X. Sebastiane Latino saria irabazi duena, eta guk Tatxers nafar hirukotearen kantu batekin lotu duguna. Zinemiran parte hartuko duen Estibaliz Urresolaren “Cuerdas” film laburra abesbatza bati buruzkoa dela-eta, Zedashe georgiar koruaren kantu bat entzun dugu. Eta bukatzeko, Sail Ofizialean lehiatuko den Petr Václaven “Il Boemo” filma Gioachino Rossini musikariaren aria batekin lotu dugu, Veneziako opera munduan girotua baitago.
Azkenik, Tombola Nova taldearen “Un coeur en hiver” kantua entzun dugu, Claude Sautet zinemagile frantziarrari Atzera Begirako bat eskainiko zaiola-eta, izen bereko filma zuzendu zuelako.
.
(((podcast.eus)))
Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…
Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod
Spotify Apple Podcast Google Podcast
Zinemaldikoak [Urpeko Bonbarda #089] Zinemaldikoak