Donostia Zinemaldiaren 70. inaugurazio-gala

Donostia Zinemaldiaren inaugurazio-gala gaur – 

Loreto Mauleón eta Paco Léon, Donostia Zinemaldiaren inaugurazio-galaren aurkezle

Santiago Tabernerok zuzenduko du gaur ostirala, hilak 16, 20:30ean Kursaal jauregian hasiko den ekitaldia; zuzenean emango dute TVEren La 2 kateak, ETB1ek, eitb.eus atariak, Zinemaldiaren webguneak eta TikTokek

Loreto Mauleón aktoreak eta Paco León aktore eta zuzendariak aurkeztuko dute Donostiako Zinemaldiaren 70. edizioaren inaugurazio-gala. Ostiralean, hilak 16, 20:30ean, eta zuzenean emango du TVEren La 2 kateak. Santiago Tabernero zinemagileak zuzenduko du neurri handi batean Zinemaldiaren 70. urteurrenaren inguruan egingo den zeremonia.

Inaugurazio-galan, 1953ko Zinemaldiaren lehen edizioko zenbait parte-hartzaile omenduko dira, eta gonbidatu ugari igaroko dira agertokitik, aurtengo edizioaren xehetasunen berri emateko. Izango da ezustekorik eta zuzeneko musika-emanaldirik ere, eta, horretaz gainera, FIPRESCI Sari Nagusia emango zaio Drive My Car filmari (Ryûsuke Hamaguchi, 2021).

Zinemaldiak, orobat, duela gutxi zendutako zenbait lagun gogoratuko ditu, antolakuntzan parte hartu izan zutenak, eta haiei eskainiko die aurtengo edizio hau: Afredo Knuchel, 1991tik 1992ra Hautaketa Batzordeko kidea eta Alemania, Austria, Suitza eta Holandako ordezkaria 1993tik 2010era; Mariano Larrandia, Zuzendaritza Batzordeko kidea 1978an eta Zuzendaritza Kontseiluko kidea 1985ean; Tony Partearroyo, Hautaketa Batzordeko kidea izana 1993an eta 1994an; eta José Ángel Herrero-Velarde, 40 urte baino gehiagoz Zinemaldiari lotua, Zuzendaritza eta Hautaketa Batzordeko kide gisa, besteak beste.

Ohi bezala, inaugurazio-ekitaldia esparru apartekoa izango da epaimahai ofizialari ongietorria emateko. Hauek izango dira aurtengo edizioko epaimahaikideak: Antoinette Boulat (Frantzia) casting zuzendaria eta zinemagilea; Tea Lindeburg (Danimarka), zuzendaria eta gidoilaria; Rosa Montero (Espainia), idazlea eta kazetaria; Lemohang Jeremiah Mosese (Lesoto), zinemagilea eta artista bisuala; eta Hlynur Pálmason (Islandia), zuzendaria eta gidoilaria. Matías Mosteirín (Argentina) ekoizlea izango da aurtengo epaimahaiburu ofiziala. Ondoren, Alberto Rodríguez zinemagileak eta Miguel Herrán eta Javier Gutiérrez aktoreek Modelo 77 / Prison 77 filmaren estreinaldia aurkeztuko dute. Lehiaketaz kanpoko obra horrekin hasiko da, hain zuzen, Sail Ofiziala.

“Komedia-ukitu arin batekin”

Donostia Zinemaldiaren 70. inaugurazio-gala gaurSantiago Tabernerok dioenez, Zinemaldiaren 70. urteurrenari loturik dago gala osoa, eta, hain zuzen ere, efemeride horrek markatzen ditu ekitaldiaren izaera, tonua eta ideiak, zeinean publikoa ere omenduko baita. Izan ere, ikus-entzuleek eutsi diote Donostia Zinemaldiari, eta haiek eraman dute jaialdia iritsi den tokira. Alabaina, galako zuzendariaren ustean, Loreto Mauleón eta Paco León aurkezleak izango dira “funtsezko osagaia”, kontuan izanik biak ala biak “oso karismatikoak eta kutunak” direla. “Bikote alaia eta ederra da, eta orpoz orpo arituko dira gala ez dadin izan zurrunegia; hala, edukiak komunikatzeaz gainera, ikusleengana komedia-ukitu arin batekin iristea lortuko dute. Ospakizun-gala bat izango da, hamaikatxo arrazoi baitugu pozik egoteko”, gaineratu du. Eszenografiari dagokionez, Urrezko Maskorra izango da leitmotiva, hura baita Zinemaldiaren ikono nagusia. Baina “bertsio berrienean, eta ez aurreko diseinu barrokoagoetan”. “Arku argitsuen joko bat sortu dugu, formula kontzeptual batean ikuspegi oso interesgarriak sorrarazten dituena, solemneegia izan gabe. Ederki geratuko da pantailan eta Kursaalean bertan”, adierazi du Tabernerok. Inaugurazio-gala zuzenean emango dute Televisión Españolaren La 2 kateak, ETB1ek, eitb.eus atariak eta Zinemaldiaren webguneak 20:30etik aurrera. Aurten, lehenbiziko aldiz, Zinemaldiko TikTok kontuan, formatu bertikalean jarraitu ahalko da inaugurazio-gala. Harpidetu zaitez emanaldia zuzenean ikusteko.

Santiago Tabernero kazetaria, gidoilaria eta zinema-zuzendaria da. Vida y color (2007) filmarekin egin zuen debuta kameren atzean, eta Publikoaren saria eskuratu zuen Valladolideko Seminci zinema-jaialdian. Haren ostean, Presentimientos (2013) egin zuen. Film laburrak egiteaz gainera, gidoilari ere aritu da zenbait filmetan, hala nola Desvio al paraiso (Gerardo Herrero, 1994), Taxi (Carlos Saura, 1996) edo Asfalto (Daniel Calparsoro, 2000). Esperientzia zabala du telebistan eta formatu originalak sortu ditu; esate baterako, Version Española edo Torres y ReyesAlaska y Coronas eta Alaska y Segura trilogia. Era berean, Días de Cine eta halako zinema-programekin ere loturik dago. 2021etik, Actual Festival jaialdiko zuzendari artistikoa da.

Loreto Mauleón inaugurazio-galako aurkezlekide izango da, eta, aurtengo edizioan, beste proiektu batzuekin ere parte hartuko du Donostia Zinemaldian, hala nola Los renglones torcidos de Dios / God’s Crooked Lines edo Gelditasuna ekaitzean / La quietud en la tormenta, zeinak Perlak sailean eta Euskal Zinemaren Galan baitaude programatuta, hurrenez hurren. Bestalde, Paco León aurkezlekideak ere ekarri du proiekturik aurtengo Zinemaldira, eta Rainbow filma aurkeztuko du, Ozeko magoa klasikoaren berrikuspen oso pertsonal bat, zeina belodromoan aurkeztuko dutena.

17 filmek osatuko dute euskal zinemaren ordezkaritza Donostia Zinemaldiaren 70. edizioan

Donostia Zinemaldiaren 70. inaugurazio-gala gaur

Seriefiloa naiz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude