[Urpeko Bonbarda #077] Deabruaren kunbia

[Urpeko Bonbarda #077] Deabruaren kunbia –

Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. Hirurogeita hamazazpigarren saioan, udako lehen saioan, kunbia modernoa izan dugu entzungai.

Hirurogeita hamazazpigarren saioan, kunbia erritmoak izan ditugu nagusi, edo hobe, guk kunbiatzat duguna, batez ere euskal, mexikar eta kolonbiar taldeak entzunda.

Joxe Ripiau taldearen “Karpe Diem” laneko kantuak eman dio izena saioari, Riosucioko inauteri harrigarriez mintzo denak (Kolonbia). Adarra Saria jaso berri duen Joseba Tapia trikitilariaren azken diskoan ere, kunbia ahaireak antzematea begitandu zaigu “Gure esku dago” kantuan, akaso karraskaren erabilera dela-eta -horrela esaten ei zaio Kolonbian guiroari-. Euskal taldeekin bukatzeko, “Cumbia villera de la ciudad armera” ere entzun diogu Mursego eibartarrari.

[Urpeko Bonbarda #077] Deabruaren kunbiaArgentinan jorratzen den kunbiaren aldaera bat ei da “cumbia villera” delakoa, egun Ertamerika eta Hegoamerika osoan jotzen baitute kunbia. La Yegros argentinarrari, berbarako, “Viene de mi” entzun diogu.

Herri musikei dagokienean, azken aldiko kolonbiar agerpenik azpimarragarrienetakoa dugu Lido Pimienta, Kanadan bizi den barrankilarra -orain gutxi izan da EHn jotzen-.  Eta kunbiari dagokionean, Eblis Alvarezek gidatzen duen Meridian Brothers, abangoardia tropikala dakarrena; eta Mario Galeanoren Frente Cumbiero. Azken honek Ondatropica sortu zuen Quantic ekoizle britainiarrarekin batera, eta bi egitasmoen kantu banan entzun dugu. Frente Cumbieroren kasuan, elkarlan exotiko samarra, Minyo Crusaders talde japoniarrarekin ondutako “Cumbia del monte Fuji”.

Kunbia klasikoa kolonbiar ahairetzat jotzen bada, XX. mende hasieran bogan jarri zen kunbia modernoaren erdigunea Mexikon dago -eta zehatzago, Monterreyn-. Guztira lau dira kunbiari eskainitako saioan entzun ditugun mexikar taldeak. Bik ez dute zuzenean kunbia jorratzen, eta bai elektronika: Sotomayor anai-arreba bikotea eta Instituto Mexicano de Sonido, besteak beste Disneyren “Coco” filmean entzun daitekeena. Beste bik bete betean kunbia jotzen dute: Sonido Gallo Negro talde lisergikoak, eta Zarauzko Adarretatik jaialdian ezagutu genituen Kumbia Boruka, Frantziako Lyon hirian aterpe hartua duen zortzikoteak.

.

[Urpeko Bonbarda #006] Berria, zaharra eta mailegatua I (Arima Soul)

ZUZEU PODCAST

(((podcast.eus)))

Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…

Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod

Spotify     Apple Podcast    Google Podcast

[Urpeko Bonbarda #066] Deabruak arrabita jotzen du

[Urpeko Bonbarda #077] Deabruaren kunbia

Euskal podcast katea. Zure hizkuntzan mintzo diren istorioak. Entzun!