Gasteiz Antzokia

Gasteiz Antzokia –

Mitxel Elortzak Arabako Alea agerkarian.

Gasteiz Antzokia
Gasteiz Antzokiak 2023ko amaieran edo 2024ko hasieran irekiko ditu ateak. / ALEA

“Lazarraga Elkartea aintzat ez hartzea eta aldebakarreko erabakia hartzea akats larria izan dela uste dut. Halere, ez zait gustatu Arruek batuaren aurka izandako jarrera erabiltzea bere izen ona iraultzeko”.

Gasteiz Antzokia Izaskun Arrue deituko dela iragarri zuen Gorka Urtaran alkateak elkarrizketa batean. Erabakiak hautsak harrotu ditu, eta sortu den eztabaidaren inguruan nire iritzia emango dut.

“Gaur egun badirudi batuaren alde bazaude ezin direla euskalkiak defendatu”

Hasteko, Lazarraga Elkartea aintzat ez hartzea eta aldebakarreko erabakia hartzea akats larria izan dela uste dut. Halere, ez zait gustatu Arruek batuaren aurka izandako jarrera erabiltzea bere izen ona iraultzeko. Euskararen alde egindako lana eredugarria izan zen, eta ezin ahaztu klandestinitatean egin zuen lanaren garrantzia.

Nahiz eta gerora argi geratu den euskara batua ezinbestekoa izan dela hizkuntzaren normalkuntzarako, erabat zilegi zen garai hartan horren argi ez ikustea.

Gainera, gaur egun badirudi batuaren alde bazaude ezin direla euskalkiak defendatu. Bien arteko orekaren aldekoa naiz ni. Andoni Urrestarazu edota nire aitxitxa Josu Exeak lan handia egin zuten euskararen alde Araban. Baina euskara batuaren alde ez zeudenez, ez zuten behar adinako aitortzarik jaso. Euskararen aldeko lana ez da soilik batuaren aferan egin, eta hori aldarrikatzea ere beharrezkoa da.

“Euskararen aldeko lana ez da soilik batuaren aferan egin, eta hori aldarrikatzea ere beharrezkoa da”

Izaskun Arrue bezala, ama, amama eta aitxitxa euskaraz egiten ziren Brigidetako meza klandestinoetara joaten ziren. Euskararen arnasgune ezkutuak ziren frankismo garaiko Bitorixan. Eta arnasgune horietan berdin zuen zein euskara erabili, euskara baitzen lotura eta ez eztabaida.

Beraz, utz diezaiogun mesedez elkarri errua leporatzeari, eta eser gaitezen adostasun zabala izango duen izena jartzeko.

Gora euskara!

Gora Gasteiz euskalduna!

Gasteiz Antzokia

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude