[Urpeko Bonbarda #031] Tony Allenez
[Urpeko Bonbarda #031] Tony Allenez –
Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. 31. saio honetan, Fela Kutirekin batera afrobeat erritmoen sortzaile Tony Allen zenari buruzko atzera begirakoa osatu dugu.
Hogeita hamaikagarren saioan, monografiko bat egin dugu Tony Allen nigeriar bateria jolea gogoan.
1940an Lagosen jaioa, afrobeat erritmoen sortzailetzat jotzen da Tony Oladipo Allen, izen handiko musikari batzuen esanetan inoizko bateria jole bikainena zena. Parisen zendu zen, iazko apirilaren 30ean.
Allenek miresten zuen Art Blakey jazz bateria jolearekin abiatu dugu saioa, “Moanin” entzunez, jatorrizkoa aurrena eta nigeriarrak berak berrirakurria gero. Eta Allen miresten zuen Blur taldearen “Music is my radar” kantua, zeinetan bateria jolea aipatzen duen Damon Albarnek, dantzan jartzen zuela-eta.
Afrobeata gogoan, Afrika 70´ taldearen “Water no get enemy” eta behin Fela Kuti atzean utzita sortu zuen Afrobeat 2000-ren “Nepa” entzun ditugu.
Jada milurteko berrian, makina bat egitasmotan parte hartu zuen Allenek, sonoritate ezberdinak jorratuz, eta hauetako lagin batzuk ekarri ditugu saiora; aipagai izan dugun Damon Alborn buru duen The Bad, The Good & The Queen superbandaren “Merrie Land” eta Hugh Masekela tronpeta jole hegoafrikarrarekin batera hil aurrean plazaratu zuen “Rejoice” jazz diskoko kantu bat; baita Gorillaz taldearen “How Far?” singlea ere, bateria jolea hil eta gutxira agertua.
.
* Jatorriz, orain berreskuratzen dugun honako saioa Donostia Kultura irratiko Ispilu Beltzarako atondu genuen iaz, itxialdi garaian.
.
(((podcast.eus)))
Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…
Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod
Gure proiektua zu gabe ez litzateke deus
Spotify Apple Podcast Stitcher Google Podcast Ivoox
[Urpeko Bonbarda #031] Tony Allenez