Mixel sei haizeetara

Mixel sei haizeetara –

Mixel sei haizeetara

Iparraldeak
iparrorratza galdu du,
zutabe bat,
Larria da, kolpe latza dugu,
mingarria, samina, muinerainoko min bizia.
Bai.
Baina…
Orratz horrek argi zuen, kontzientzia garbia
iparra bakarrik ez daikela bizi

Hegoaldea
bazuela, baduela, badugula,
hitz bereko haurridea,
etxe bereko ganbara sortzeko lagungarri

Ekialdea ere,
eki sortaldea, eki sortzailea
Iñaki Maitena,
Uharteko izartxo berriak, Gana Andere Itxaso,
esnea bezain xuri
ilunbe guzien argigarri

Mendebaldea ere,
iraun alde:
eki sartaldeko menditik Mikele bide laguna
hurbileko zutabea
bideko lagunen ate idekiko etxeko anderea,
sartaldean ere Jenofa,
gogo barruki barrotedun guzien ideki nahia.
Argi.
Horiek guziak argiak,
Armagabetzeko armak, Monjoloseko Ganbaratik
Pariseko epailearen akusazio ganbaraino.
Baina hurbiltzen ginenek ere
zerbait argi genuen, orain ere gehiago agian,
hauxe:
lau haize horiek eskas aire liratekeela
ez balituzte beste biga osagarri:

Barnealdea,
lurrean barna bezain bihotz barnenera doana,
hura gabe ez bailiteke hazirik hozi,
ez arimarik hazi
Ez lurra irauliz, bai hitzaren ongarriz onduz.
Zenbat laborarik hola burua altxatu,
batasuna sortu,
ez banakoak klonatuz
bai diferentziak batuz,
etsaiak ere ez glifosatez kalituz
bai mahaira bilduz.

Goraldea,
den egoera xumeenean ere
goratasun bilatuz, gorantz begiratuz,
gurutzatu pertsona bakoitza,
ministeritzan bezain laborantzan
hors-sol dauden handi mandiak bezain
belauniko daudenak zutik ezarriz,
lur eta zeru arteko ardatz-lokarri kontsideratuz,
bi zangoak Amalurrean.

Sei haizeetara begira,
haizearen kontra ere ardura:
«Politika onez atxeman dute sekretua gosez hilerazteko,
lurra landuz besteak elikatzen dituztenak»
Gamarteko Mixelek egoera ikusi, baloratu,
ez aingeru begiz, bai argi egarriz,
eta hemen eta orain hasiz,
aldatu, sortu, bildu, loratu:
«Politika noblez, atxeman dugu sekretua askatasun gosez biziarazteko,
gogoak landuz besteak ogiaz eta egiaz elikatzen dituztenak»

Mixelekin hitzik gabe bakerik ez
Mixelek gerrak gelditzeko bakerik ez
Mixel gabe bakeak bidea bai
Mixel gabe Amalurra bizi bai
Mixel joan eta Lurrama bai
Mixel gabe bidea bai
Mixel gabe beti…
Mixelekin
Sei haizeetara
berdin!

 

Mixel sei haizeetara Mixel sei haizeetara

Gotaineko haize epailea

Zer duzu buruan “Mixel sei haizeetara”-ri buruz