[Urpeko Bonbarda #102] Soulak 15
[Urpeko Bonbarda #102] Soulak 15 –
Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. 102. saioan soul kantari erraldoien klasikoak entzun ditugu.
Urpeko Bonbardaren 102. saioan soul musikak izan dituen diskorik gogoengarrienetako batzuk izango ditugu hizpide. Luis Lapuente madrildar medikuak soul musikari buruzko hiru liburu idatzi ditu, aditu eta zale amorratua baita, eta azkena aurkezterakoan El País egunkariak 15 lan ezinbesteko gomendatzeko eskatu zion. Horiek profitatuta, 14 kantu entzungo ditugu gaurko Urpeko Bonbardan.
Ahots harmoniak jorratzen dituen The Temptations taldearen “My Girl” ezin ezagunagoarekin abiatu dugu saioa, eta soul musikaren erreginarekin itxi, Aretha Franklin dirdiratsuarekin.
Tartean apur bat ezezagunagoak diren pare bat musikari ere izan ditugu, 1973an “Imagination” diskoa plazaratu zuen Gladys Knight & the Pips eta Oscar Brown Jr. berbarako, azken honi entzun diogun “Work Song” kantua espainiar Raphael ezagunak zein Akatz bizkaitar ska taldeak berrirakurria izan bada ere. Apur bat itzaltsuagoak dira, taldeei dagokienean, “Givin´ it Back” diskoan folk klasikoak moldatu zituen The Isley Brothers, Levi Stubbsen ahotsak gidatzen zuen Four Tops edo Sly & the Family Stone, zeinaren 1969ko “Stand!” diskoari izenburua ematen zion kantua ereserkitzat hartu zuten Pantera Beltzek. Gainontzean, ondo ezagunak dira entzungai izan ditugun beste artista guztiak.
Bukaera tragikoa izan zuten Sam Cooke eta Marvin Gaye izarrei kantu bana entzun diegu. Biak ala biak gazte hil ziren, tirokatuak. Baita Otis Redding erraldoiari ere, 26 urte baino ez zituela hegazkin istripu batean zendua bera -The Rolling Stones berrirakurtzen entzun dugu-.
Ray Charles eta Stevie Wonder handietan handiek ere badute antzekotasunik, beltzak eta txiroak ez ezik itsuak ere baziren arren arrakasta handia erdietsi zuten-eta. Lehena zuzenean entzun dugu, 1960ko “In Person” diskoan, eta bigarrena, 1973ko “Innervisions” maisulanean -urte bikaina soul musikarentzat-, bete betean zela.
Bukatzeko, beste bi erraldoi aipatuko ditugu. Batetik Curtis Mayfield, faltsetearen eta soul sofistikatuaren erregea. Bestetik, funkaren asmatzaile eta hip hoparen aitzindaritzat har daitekeen James Brown, soularen aitapontekoa, seguruenera musika beltza zuzenekoetara eramaten gehien asmatu zuena; pistak erritmoz eta amorruz bete zituena!
.
(((podcast.eus)))
Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…
Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod
Spotify Apple Podcast Google Podcast
[Urpeko Bonbarda #102] Soulak 15