Nori kantatzen gaituzte? – Aner Peritz Euzkitze

Nori kantatzen gaituzte? –

Aner Peritz Euzkitze-k Bertsolari aldizkariaren Makarrizketak podcasterako egindako kolaborazioa.

Ez nazazu kanta inori… ez nazazu kanta inori…

Zuk uste duzu ez zegoela lodi bati buruz aritzea baino bide egokiagorik? Krak
Zu ziur zaude immigrante baten paperean jartzea zegokizula? Krak
Zuri iruditzen zaizu bollera baten diskurtsoa erabil dezakezula zeure loreak janzteko? Krak
Zuri okurrituko al litzaizuke alu bati buruz kantatzea? Krak
Zuk sentitzen al duzu transez aritzeko zilegitasunik? Krak
Zuk nahi al duzu zutaz kanta dezan berak? Krak
Zuk nahi al duzu zutaz kanta dezadan nik? Krak
Zuk nahi al duzu kanta zaitzadan? Krak

Ez nazazu kanta inori… ez nazazu kanta inori…

Ganbarako lanerako, hurbil dadila mikrofonora: zu.

Hau da gaia: zeri kantatzeko prest zaude? Zeri kantatzeko prest zaude?

Ez nazazu kanta inori… ez nazazu kanta inori…

Entzun dira haur jaioberri baten negar hotsak sekula haur bat besoetan 10 minutuz eduki ez duen gizon horren ahotan, entzun dira patera bateko bidaia desorekatuak nota europarretan, prostitutaren intziri antzeztuak, torturatuaren kolpeak, etxera bideko pausoak, soldaduaren tiroak, alargunaren negarrak, marikoiari irainak, jipoituari ukabilkadak, etxegabearen eskariak. Entzun da bortxatuaren isiltasuna.

Entzun da bertsolariaren erruduntasuna.

Ez nazazu kanta inori… ez nazazu kanta inori…

Nik ez dakit, e. Ez dakit non kokatu behar dudan gai batek «bularreko minbizia duzu» diostanean. Are, ez nago ziur gai hori jartzea egokia ote den ere. Nik dakidana da mikrofono bat edukitzea ahots bat edukitzea dela, ahots bat edukitzea botere-tresna bat edukitzea dela, botereak erabiltzea dakarrela eta erabilerak ondorioak. Nik dakidana da ezin direla artea eta artista bereizi, ezta artea eta haren eragin soziala ere. Dakidana da hitzak esan egiten duela, eta esateak ordezkatu. Zer ordezkatzen dugun, zer ordezkatu nahi dugun, zerk ordezkatzen gaituen… ez dakit, ez dakit.

Hala ere, bat da gaiaren planteamendu zehatzarekiko ardura errepresentatiboa eta bestea da gai irekien baitako kokapen pertsonala. Bertsolari beltzik ez dagoela eta pertsona beltz baten azalean jartzen garenean, zertan ari gara? Espazioa ematen ala kentzen? Gatazkak kontatu nahi ditugu, zaurgarrien zauriak kantatu, xumeak hanpatu, zapalduak zanpatu, ederrak zantartu… zuk ez al daukazu minik?

Zergatik agertu ziren Xilabako finalean hiru trans eta bi beltz?

Ez nazazu kanta inori… ez nazazu kanta inori…

Nik ez dakit, e. Nik dakidana da esaten, sentitzen eta eragiten dudala neure gorputzetik politikoki, eta ziur nagoela marika, lumaduna, euskalduna, femeninoa, gaztea?… izatea politikoa dela. Erabaki bat dela. Ondorioak dituela. Nik dakidana da, ondorio horiek jasatea ekidin duen gorputz batek, normari obeditzea erabaki duen subjektu batek nire izatea bere mihian darabilenean pribilegiorik txikienari uko egiteko arriskurik gabe bere fikzio abstraitua errentagarria egin dakion, mmmmm erabilia esatea gehiegi izango da beharbada?… mindua?… ukitua sentitzen naizela. Arraro, deskolokatuta eta antzu.

Zergatik ez da sekula kantatzen eiakulatzaile goiztiar baten traumari buruz? Zergatik ez da inoiz kantatzen sexu analaren proposamena onartzeko beldur den gizonaren ahotsetik? Zuk ez al daukazu horrelako minik? Zergatik ez zaizkizu gatazkatsu mahaigaineratzen dituzun gatazkak?

Ez nazazu kanta inori… ez nazazu kanta inori…

Eta sormenaren mugak, zentsura eta autozentsura, fikziorako zilegitasuna, etiketetara kondenatzearen izua, artearen balio estetikoaren garrantzia, epikaren etika, gaien gaineko lanketa, sortzailearen gorazarrea, damuaren kudeaketa, pertsona zehatzen betoa, intersekzionalitatea, inprobisazioaren estua… nik ez dakit, e.

Nik, berez, ez nituen gauza hauek esan nahi. Galdetu egin nahi nituen, gehienez ere. Ez nazazue lintxatu hurrengo bertso-saioan, mesedez. Nik ez dakit, e.

Ez nazazu kanta inori… ez nazazu kanta inori…

Nori kantatzen gaituzte?

Nori kantatzen gaituzte? Nori kantatzen gaituzte?

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

5 pentsamendu “Nori kantatzen gaituzte? – Aner Peritz Euzkitze”-ri buruz

  • Logika horrekin ez litzake ez antzerkirik, ez zinerik ez nobelarik egongo. Fikzioarekin gai asko landu eta bistaratu daitezke, nahiz eta autoreak ez jasan izan dena delakoaren zapalkuntza edo zirkustantzia. Moduak eta moduak daude, jakina.

    Hala ere, normala iruditzen zaigu holokaustoa sufritu ez duen aktore ez judutar bat ‘La vida es bella’-ko protagonista izatea (eta normala da), baina pertsonaia trans-a izan eta aktorea zis-a denean…

    ‘Bestearen azalean jarri’ esamoldea ezagutzen?

  • Etxea okupatu diotenaren jabea? Atletismoan urte piloa entrenatzen daraman eta trans atleta batek egiten duen marka barregarri uzten duen emakumea? Bere etxebizitza gaineko auzoko latinoek astebururo egiten duten jai zaratatsuaren ondorioak bizi dituen bizilaguna? Astero bere komertzio txikian lapurretak jasaten duen dendaria? Eta beste hamaika antzeko egoera.
    Halako jendeak, zergatik ez dauka presentziarik bertso saioetan? Anekdotikoa orokorra bihurtzen duzue eta publiko orokorra,jada, nekatzen hasia da.

  • Amonamantangorri 2022-12-26 18:50

    Señora Sariketa: “Emakume bertsolariek elkarrekin kantatzeko aukera izango duten guneak sortzea eta hauek plazan duten presentzia aregotzea da ekimenaren helburua”. Horra nola aurkeztu zuen Señora Sariketak bere burua.

    2022ko bigarren ediziorako, helburua zertxobait aldatua zeukan: “II. Señora Sariketa, ERTZEKO IDENTITATEAK oholtzaratzeko bertso-sariketa. Euskal Herria”. Twitterreko aurkezpena.

    2022ko sei finalistatik bat gizona suertatu da. Gizonezko soinekodun ezpaingorria. Dirudienez, horretaz ari dira “ertzeko identitate” esatean. Gainera, 2022an gizon hori txapeldunorde izan da. Edo pamelaorde.

    Alegia, gizonezko batek eskuratu du, hasiera baten emakume bertsolari eta bertsozaleek emakumeentzat antolatutako bertso sari baten bigarren edizioko bigarren saria.

    Ez dut saioa ikusi, ez daukat batere frogarik ezta dudarik ere, bigarren gelditutako gizonak jaso zuela txalo zaparrada handiena.

    Gogorarazi beharko da, behin berriz, aditzen ez duen bakar bat gelditu artean, eta isilarazi nahi bagaituzte ere: emakumeentzako kirol, bertsogintza eta beste edozein saritan (“Urteko Emakume Enpresari” eta holakoetan), gizon bat klasifikatu den edo-eta saria eraman duen bakoitzean, beti-beti emakume bati justiziaz zegokion lekua kendu egin zaio. Beti. Sarritan diru sariak, karrera profesionalak zapuztu izan dira inklusibitate ustel horregatik.

    Aurreko guzia ez da ad hominem bat. Gauzak testuinguruan jartzeko da, jakiteko nork esaten dituen halako gauzak.

  • Terfen arabera emakume transexualek ezin dute saririk irabazi… Transfobia itxua.

    Ez dugu eraso transfoborik onartuko!

  • Amonamantangorri 2022-12-27 11:11

    Horixe transexualek sariak irabaz ditzaketela! Beti ere haien sexukoekin kondizio berdinetan jokatuz eta dopingaren kontrako arauak betez.

    Oro har, inon ez dute lekurik tranposoek; ezta ere, etengabe besteei pena ematearen taktika baliatuz, emakumeen espazioetan muturra sartzea maite duten gizon narzisistek.