[#Podcastfilia] Radio Ambulante, Latinoamerikako historia lehen pertsonan
[#Podcastfilia] Radio Ambulante, Latinoamerikako historia lehen pertsonan –
Haurra nintzeneko ahots grabazio batzuk entzun berri ditut. Amak topatu ditu argazki zaharren artean. Ikusita nuen bideo bat edo beste, eta, hortaz, ezagutu nire txikitako ahots sudurkaria, baina kaseterik ez nuen sekula entzun. Haurtzaroko hainbat etapa jaso zituzten gurasoek hotsen bidez; ahizpa gaztea hitz egiten saiatzen hasi zenekoa, nire buruari exijitzen hasi nintzenekoa -abestien letrak behin eta berriz errepikatzen, kasu honetan. Euskaraz zein ingelesez, lagunok!- edota lagunek irratsaio bat grabatu genuenekoa.
Galdutako altxorra aurkitu du amak eta horrekin batera, memorian gordeta genuenari bizia eman dio. Hitz egitea betidanik gustatu zaidala baieztatzeaz gain, ezagutu / gogoratu ahal izan ditut nire eredu musikalak, kulturalak eta hezitzaileak zein ziren. Eta, ondorioz, garaian kokatu, eta orduko gertakizun batekin edo bestearekin lotu, eta ulertu, eta hunkitu.
Emozioek toki handia dute hala oroitzapenetan nola ikasketetan. Emozioen bidez biltzen dugu informazioa garunean, ez engainatu, haiek erabakitzen dute zerk axola digun eta zerk ez. Anekdotek, bihotz taupadek, usainek, zaporeek, soinuek… zabaltzen diote memoriari atea eta horiei esker ikasten dugu. Beste batzuetan, gogoratu.
Horixe bera egiten du #Podcastfilia atal honetan aurkeztu nahi dizuedan saioak. Istorio pertsonalen bidez Latinoamerikako memoria osatzen ari den Podcast saio erreferentea: Radio Ambulante. Istorio pertsonalak biltzen dituzte kazetaritza lan txukuna eginez. Kontaketa ulertzeko beharrezko hots, azalpen eta adierazpenez jantzita daude kapituluak. Herrialde bakoitzak, azentutik hasita, bere berezitasunak baditu ere, proiektu globala da honakoa, pertsona baten esperientzia beste askorena ere izan baitaiteke eta lehen pertsonan kontatzen bada, are gehiago.
Daniel Alarcón eta Carolina Guerreroren amets baten emaitza da proiektua, This American Life-n egiten zutena gaztelaniaz kontatu nahi baitzuten latinoamerikarren ahotsetan. Hala, 2016ean, Estatu Batuetako Irrati Publikoa –NPR – saioa ekoizten hasi zenean, sare horretako gaztelaniazko lehen podcasta izatera heldu zen.
Lehen denboraldirako finanziazioa Kickstarter kanpaina baten bidez lortu zuen talde txikia 16 pertsonako lan taldea da 7 urteren buruan eta argitaratutako 140 istorioek munduari bira eman diote. Blogaz gain, Podcast eta entzutezko klubak sortu dituzte, baita hezkuntzari eskainitako atala ere. Bertan topatuko dituzu podcast narratiboa egiteko argibideak.
Podcast saio arrakastatsuaren ibilbidea kontatzeko ere, protagonisten esperientziak bildu dituzte. Hemen duzue entzungai.
Izenburua: ‘Radio Ambulante‘
Ekoizlea: NPR
Generoa: Narrazio kazetaritza
Sinopsia: Atal bakoitzean Latinoamerikar baten istorioa kontatuko da lehen pertsonan. Iraganekoa zein gaurkoa. Kazetariak arduratuko dira entzulea testuingurua kokatzeaz.
[#Podcastfilia] Radio Ambulante, Latinoamerikako historia lehen pertsonan