Iruñeko Udaleko Euskararen Ordenantzan

Iruñeko Udaleko Euskararen Ordenantzan –

Iruñeko Udaleko Euskararen Ordenantzan, euskarazko idazkiei euskarazko erantzuna ematea ez zen onartu.

Iruñeko Udaleko Euskararen Ordenantzan

Iruñeko Udaleko Euskararen Ordenantza 2019ko maiatzaren 29tik indarrean dago. 2019ko maiatzaren 14an argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Aldaketaren aldeko gobernu taldeak erabaki zituen AETren alegazioen inguruan. Egindako txostena Lehendakaritza Batzordean onartu ondoren, Udaleko Osoko Bilkuran onartu zen, EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta Ezkerraren botoekin.

26 alegazioetatik bakarra onartu zen. Lehenengo alegazioa ez zen onartu. Oro har, euskararen aldeko jarrera ez da nabaritzen txosten horretan.

.

Lehenengo alegazioa

5.2 artikulua: “Administrazioari euskaraz idatziz egitea hautatzen duten herritarrei hizkuntza horretan erantzunen zaie, 103/2017 Foru Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoaren arabera”.

5.2 artikuluari alegazioa.

Lehenengo esaldia aldatzea, horrela uzteko:

“Idatziz, Administrazioari euskaraz egitea hautatzen duten hiritarrei halaberean erantzunen zaie”.

Arrazoia:

Horixe da oraingo Ordenantzaren testua eta ongi dagoela iruditzen zaigu.

Testu berriak 103/2017 Foru Dekretua erabili nahi du eta honek hauxe dio:

“13. artikulua. Herritarrekiko harremanak.

1. Eremu mistoan izan eta zerbitzu zentraltzat hartzen ez diren administrazio publikoetako, erakunde publikoetako eta zuzenbide publikoko entitateetako zerbitzuetan, behar diren neurriak bultzatzen ahalko dira jakinarazpenak eta komunikazioak ele biz egiteko modua egon dadin. Hizkuntza bakarra erabiliz gero, gaztelania erabili beharko da.

Pertsona fisikoek edo juridikoek euskaraz hasitako espedienteei dagokienez, espediente horietatik eratorritako jakinarazpenak eta komunikazioak ele biz igorriko zaizkie interesdunei”.

Foru Dekretuaren testu hori gaztelania euskararen aurretik jartzen du argi eta garbi. Ez dugu ontzat jotzen. Oraingo Ordenantzaren testua nahiago dugu.

Oraingo Ordenantza udal autonomia erabilita onartu zen, Euskararen Legea garatuz (Legea eta arautegi exekutiboak muga bakarra izanik).

Euskararen Legearen helburuetako bat hauxe da:

b) Euskararen berreskurapena eta garapena begiratzea Nafarroan, euskararen erabilera sustatzeko neurriak adieraziz.

.

Eremu mistorako hauxe dio 18/1986 Euskararen Legea:

“III. KAPITULUA. Erabilera eremu mistoan

17. artikulua

Herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dute Nafarroako Administrazio Publikoei zuzentzeko.

Eskubide honen erabilera bermatzeko, aipatutako administrazioek honako hau egin dezakete:

a) Urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zehaztea zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea.

b) Gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskara jakitea merezimendu moduan baloratzea”.

Arautegi exekutiboek aurretik lege bat behar dute, hura garatu edo osatzeko.

Legeak ez dio ezer eremu mistoko Administrazioen erantzunei buruz. Beraz, 103/2017 Foru Dekretuak puntu horretan ez du ezer garatzen ezta osatzen ere.

Euskararen Legea osatzen ari dela ulertuko balitz, legearen aurkakoa izanen litzateke, legearen helburuari begira egin beharko bailuke: Euskararen berreskurapena eta garapena begiratzea Nafarroan, euskararen erabilera sustatzeko neurriak adieraziz.

Beraz, Iruñeko Udalak oraingo Ordenantzaren testua mantendu eta defendatu behar du eta ez Foru Dekretu horretara makurtu.

.

Iruñeko Udalaren ezezkoa alegazioari

Ikuspuntu tekniko-juridikotik, alegazioa ezestea proposatzen da, kontraesanean dagoelako 103/2017 Foru Dekretuaren 13. artikuluarekin, zeinak honela dio:

“13. artikulua. Herritarrekiko harremanak.

1. Eremu mistoan izan eta zerbitzu zentraltzat hartzen ez diren administrazio publikoetako, erakunde publikoetako eta zuzenbide publikoko entitateetako zerbitzuetan, behar diren neurriak bultzatzen ahalko dira jakinarazpenak eta komunikazioak ele biz egiteko modua egon dadin. Hizkuntza bakarra erabiliz gero, gaztelania erabili beharko da.

Pertsona fisikoek edo juridikoek euskaraz hasitako espedienteei dagokienez, espediente horietatik eratorritako jakinarazpenak eta komunikazioak ele biz igorriko zaizkie interesdunei”.

.

Erantzunaren balorazioa

Aldaketaren aldeko Nafarroako Gobernuak 103/2017 Foru Dekretuan UPNren aurreko Dekretua okertu zuen puntu honetan euskararen kalterako. Iruñeko Udalak men egin dio Nafarroako Gobernuari. Ez du borroka juridikorik egin. Ez du ezta protestatu ere egin. Ez diezaiola inork bota errua UPNri. Aldaketaren aldeko alderdiak dira okertze honen errudunak.

Iruñeko Udaleko Euskararen Ordenantzan
Joseba Otano

Administrazioan Euskaraz Taldea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude