[Makarrizketak] Baina bertsolaririk ez
Baina bertsolaririk ez –
Bertsolari aldizkariak bere lehen saiakera egin du audiogintzan: Makarrizketak podcasta. Bertsolari bati emango zaio ahotsa atal bakoitzeko, bertsolaritzaz mintzo dadin bereziki, eta nahi duenaz orohar. Lehen atala Andoni Egañaren eskutik heldu da, eta, nola ez, gauza oso interesgarriak esaten ditu zarauztarrak.
Eusko Jaurlaritzaren Kultur Sailak pandemiaren eragina leuntzeko atera duen dirulaguntza deialdian ez da “bertsolari” ofizioa ageri. Beste ogibide asko eta asko agertzen dira, bai, baina bertsolaririk ez.
Kosta egiten zait deialdi hori idatzi zuten bilkura irudikatzea: hiru, lau, bost, sei, zazpi andre eta gizon, dotore jantzita, kaobazko mahai baten bueltan eserita, papel mordoxka bat, ordenagailu bana, laranja zukuz eta ur freskoz betetako pitxarrak aldamenean… Kultur esparruko ofizioak zerrendatzen hasi, eta batek daki zenbat orduko bileraren ostean, hiru, lau, bost, sei edo zazpi lagun horietako bakarrari ere ez zitzaion otu bada, beno, herri honetan badela bertsolaritza izeneko kultur diziplina bat, badaudela horretara dedikatzen direnak edota ordu asko eskeintzen dizkiotenak, badirela enpresak, elkarteak…
Audientzia Nazionaleko iluminaturen bat saiatu zein behinola bertsolariak zer diren azaltzen, eta kontzeptu gogoangarri bat atera zuen xisteratik: juglar sabelotodo. Sokratiko planean jarrita “bertsolari orojakileak dakien gauza bakarra da ez dakiela ezer” erantzun ahalko litzaioke, nahiz eta ez den zaila irudikatzea bueltan jasoko zenuken begirada.