Gazuratan abandonatuta

Gazuratan abandonatuta –

Iaz gaurko egunez utzi genion gazta egiteari, aurten lehenxeago, eginaldi bat gutxiago. Alde handirik ez, ordea, uztailaren 7an bukatu ala 4an bukatu. Aurten ere, penaz bukatu dut kanpaina –beti bezala, egia esan–; normalean malenkoniak bere habia egiten du, eta denboralditxo bat pasatzen du nirean. Artile usaina izaten dut faltan eskuetan, ardien aurpegiak eta euren hausnarrak ematen didaten zoriontasun lasai hori memoriara mugatzen dira.

Gazuratan abandonatutaNoraezean sentitzen naiz aste batzuetan zehar; bat-batean neure mundua aldatu egiten da bortizki: ez da jetzi behar, ez da gazta egin behar, ez da gaztandegia garbitu behar… ez da. Bai, jakina, bestelako lanak badaude –bazeuden–, baina ardatza esnea zen, eta iparra aurkitu bitartean, noraeza.

Azken eginaldia berezia izaten da, badu erritutik, magikotik. Barrutik esneak bustitzen nau eta aldi berean esnetan murgiltzen naiz, horretan desagertu arte. Mamia zatitutakoan, gazura eta mamia bereizteko, eskuz eragiten diot ordu erdiz. Tarte horretan musika esne-ontzitik ateratzen da, besoekin sortutako olatuen doinua barruraino sartzen da, eta bazoaz igerian mami zati ttiki horien antzera, batera eta bestera, dantzan, erraietako erritmoaren agindupean.

Zenbait unetan ez dut ezertan pentsatzen, abandonatu egiten naiz sentitzera, eta sentipen horietatik sortzen dira urtarriletik hona bizitakoaren oroitzapenak –erditzeak, heriotzak, pozak, negarrak…–.

Uztailaren 4ko horretan baziren aurreko uztailetan ez ziren kontuak, baziren kontu berriak, bestelakoak.

Bazen seme-alaben presentzia etxean, etengabea. Haien larritasuna ordenagailuaren aurrean, euren ezina programa, aplikazio eta sistemarekin; pantailak sortzen zien lagunaren hutsunea. Ez egindako bidaiak eta gastatu ez ditugun gasolio eta denbora, zulatu ez zaizkigun gurpilak joan-etorri horietan. Bazen euren laguntza ardiekin, eurek egindako afari goxoak eta piztutako suak.

Bazen bezperan hasiera zuen astearteroko beldurra eta ondorengo urduritasuna eta tentsioa. Bezperan prestatutako eskaeren banaketa eta eskatutakoa jasotzea. Bizkar gaineko ardura bikoitza. Bat: ezin dugu inor kutsatu, dena desinfektatu –baita gu geu ere–, guk janari osasuntsu eta osasungarria eraman behar dugu kalera. Bi: ezin gara kutsatu, bestela, gazta egiteari utzi beharko diogu; bestela, osasun sailak gaztandegia –eta agian artegia– itxiko digu. Eta halaxe pasa ditugu asteak eta hilabeteak, bizkarrekoa sentitzen.

Astearteak heldu eta bizkarrekoa eta biok abiatzen ginen goizean goiz. Egiten genituen ibilbideetan denetarik ikusten genuen: era guztietako aurpegiak, balkoietako bizitza konfinatuak, autorik gabeko errepideak. Soinu banda ere aldatu egiten zen leku batetik bestera; batzuetan, behartutako alaitasunak hartzen duen doinua entzuten zen; bestetan, allegretto ero batean azaltzen ziren hitzak, presaka, ito beharrean, egoerak markatutako moteltasuna apurtu nahian –azkenean bi minutu baino ez lapurtzeko–; askotan sartzen ginen giro intimo batean, non penen aitorpenak zilegiak baitziren, ahopeka.

Uztailaren 4ko horretan baziren beste bost lagun: termometrokideak. Barruko tenperaturaren berri ematen genion elkarri egunero; bakoitza bere txokotik ari zen leiho bat zabaltzen, eta neurri batean haizea berritu egiten zen. Ez dago munduan nahiko hitz Amagoia Gurrutxagari eskerrak emateko Termometroan parte hartzeko gonbidapenagatik, are gutxiago nire barruko pentsamendu eta sentimenduen itzulpen fin horiengatik.

Ordu erdiko tartea infinitua da arima bertan duzula, zeure burua gazuratan abandonatzen duzunean. Zin dagizuet.

Gazuratan abandonatuta

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN