[Paperezko Itsasoa #Podcast] Ilustratuak eta entziklopedistak
[Paperezko Itsasoa #Podcast] Ilustratuak eta entziklopedistak –
“Gauez baso handi batean galduta, lanparatxo bat besterik ez nuen gidatzeko. Ezezagun batek esan dit: lagun, itzali kandela bidea hobeto aurki dezazun. Ezezagun hori teologoa da.”
Denis Diderot
Gaurko saioan historiako abentura bibliografiko handienetako bat, XVIII. mendeko lan intelektualik nabarmenena hartuko dugu mintzagai. Ezagutza zientifikoak eta Ilustrazioko pentsalarien ideiak lau haizetara zabaltzeko tresna izan zen eta Antzin Erregimeneko balore eta instituzioenganako mehatxua. Haren izenburua: Encyclopédie ou Dictionnaire raisonné des sciences, des arts et des métiers, hau da, Entziklopedia edo ofizioen, arteen eta zientzien hiztegi arrazoitua. Obra hark 28 liburuki, 72,000 artikulu, 16,500 orrialde eta 17 milioi hitzeko bolumena izango zuen. Hogeita bost urtez mila tipografo, koadernatzaile eta inprimatzaile aritu ziren lanean obra erraldoi hau ontzeko. Lan titanikoa, kontuan hartu behar baita garai hartan ez zela ez ordenagailurik, ez datu baserik.
Programa hau prestatzeko Philip Blom alemaniar historialariaren liburu arin eta entretenigarri bat baliatu dut: L’Encyclopèdie, El Triunfo de la Razón en Tiempos Irracionales. Espainian Anagrama argitaletxeak eman zuen argitara. Saio hau Ipar Euskal Herritik norbaitek entzuten baldin badu, esan beharra daukat ez dudala, tamalez, frantsesezko ediziorik aurkitu. Barkatuko nauzuelakoan nago.
1648tik 1653ra bitarte, Frantziak Fronda izenekoa bizi izan zuen, gerra zibil bat, geroz eta botere gehiago metatuz zihoan koroaren eta nobleziaren artekoa. Garai hartan, Luis XIV.a adin txikikoa zen oraindik ere eta haren amak, Ana Austriakoak, gobernatzen zuen herrialdea Mazarino kardinalarekin batera. Koroak noble matxinoak garaitzea lortu zuen eta, garaipen haren ondotik, absolutismoranzko prozesua indartu egin zen. Gerrak, izan ere, eragin sakona izango zuen Luis XIV.aren pertsonalitatean eta etorkizuneko politikan. Eta ez da harritzekoa, Frondaren garaietan, nobleak bost urteko errege gaztea hiltzeko zorian izan baitziren. Adin nagusiko bilakatzean, Luisek Paris abandonatu eta hiriburutik 17 kilometrora lekualdatu zuen Gortea, Versailleseko bere ehizatoki kutunera. Han berealdiko jauregia eraiki eta bertatik gobernatuko zuen Frantzia aurrerantzean, pertsonalki, Estatuaren botere guztiak bere baitan bilduta. Errege haren aipu ezagunena aski argigarri zaigu: “L’Ètat, c’est moi”, Neu naiz Estatua.
Ehun urte geroago, egoera ez zen sobera aldatu. Luis XIV.aren birbiloba zen errege: Luis XV.a. Baina honek ez zeukan birraitonaren kontrol nahirik: ehizan pasatzen zuen eguna eta haren ministroengan delegatzen zituen gobernu-erantzukizunak. Versailles Parisetik hamazazpi kilometro eskasera kokatua egonagatik ere, oso urrun zegoen hiriburutik. Gorteko luxuak eta festek Estatuko aurrekontuaren ehuneko handi bat jaten zuten, erregea eta haren inguruko nobleak burbuila batean bizi ziren, Frantziatik erabat isolatuta.
XVIII. gizaldi hartan, Europa iraultza intelektual baten erdian zegoen murgildurik: Ilustrazioan hain zuzen ere. Aurreko mendeetan, Copernico, Galileo, Kepler eta Newtonen aurkikuntzek agerian utzi zuten, ezen Eliza ez zela jada egia absolutuaren jabe. Ezarian-ezarian, esperimentazio enpirikoa, eta ez erlijio errebelatua, ari zen bilakatzen errealitatea ezagutzeko tresna fidagarriena. Pentsalari ilustratuek erabateko fedea zuten giza arrazoiarengan; haren bitartez dena zirudien posible: ez bakarrik naturaren misterioak ulertzea, baizik eta baita natura bera kontrolatu eta eraldatzea ere. Arrazoiari bideak zabaldurik gizadia amaigabeko aurrerabidean, progresoan, abiatuko zen, ez bakarrik ezagutzaren esparruan, baita moralarenean ere. Horretarako, baina, jakinduria sozializatu beharra zegoen, hezkuntza ahalik eta unibertsalago baten bitartez. Mende ilustratuaren filosofia Immanuel Kanten aipu latino batekin laburbil liteke: Sapere Aude, hau da, “Ezagutzera ausart zaitez”.
Iraultza intelektual horrek ere izan zuen bere isla politikoa. Montesquieu edo Voltaire bezalako filosofoek kritika zorrotzak egin zizkioten absolutismo monarkikoari eta, pixkanaka, Erresuma Batuko parlamentarismoa oinarri hartuta, bestelako sistema eta paradigma politikoak diseinatzen hasi ziren: botereen banaketa, herritarren ordezkaritza, ikusmolde eta sinismenen tolerantzia… Hala eta guztiz ere, ideia horiek gogor izango ziren erreprimituak Luis XV.aren Frantzia hartan: Bastillako espetxea preso politikoz mukuru zegoen urte haietan; liburuen gaineko zentsura muturrekoa zen eta, horren kariaz, ugariak ziren moldiztegi klandestinoak.
Errepresioak errepresio, baina, 1740ko hamarkada hartan, Paris zen, bere 500.000 biztanleekin, bere kafetegiekin, bere buhameriarekin, Europako hiriburu kulturala. Giro hartan hasi zen Entziklopediaren abentura.
Denis Diderot Champagneko aiztogile baten semea zen. Gazte-gaztetatikan herritik kanpora Paris aldean pasa zuen denbora apaiztegian, josulagunenean lehenik eta janseanistenean gero. Ostera, eliz-karrera utzi eta zuzenbide ikasketak hasi zituen, baina bukatu ez. Hala hola, aitak pasatako dirutik eta ingelesetik itzulpenak eginez ateratzen zuen bizimodua; zenbait antzezlan eta liburu filosofiko kaleratu zituen ere, baina ez zuen aparteko arrakastarik izan.
Bere hasierako lanek oihartzun zabalik ez izanagatik ere, erregearen zentsoreen arreta erakarri zuten. 1749an Lettre sur les aveugles (Itsuei buruzko gutuna) argitaratu zioten. Bertan, baieztapen arriskutsu bat idatzi zuen: ezagutza gure zentzumenen bidez jasotzen dugula eta ez Jaungoikoaren errebelazioaren bitartez. Heresia larri haren ondorioz, bere liburua plazetan erre eta Diderot Vincenneseko espetxean giltzapetu zuten.
Vincennesen gatibu zegoela pasadizo bitxi bat jaso zitzaion Dideroti. kartzelazainek bi kandela ematen zizkioten egunero preso bakoitzari. Diderotek bere presozainari esan zion ez zuela horrenbeste argizaririk behar, uda zela eta bazuela idazteko argi nahikorik. Kartzelariak erantzun zion gorde zitzala kandelak, neguko gau luzeetan erabili beharko zituelako. Orduan jakin zuen Diderotek luzarorako egongo zela preso.
Alabaina, espetxean igarotako hilabete horietan guztietan ez zen geldirik egon. Zotz batekin idazluma bat egin zuen eta, ardoa errautsekin nahasturik, tinta. Tresna inprobisatu horiekin, Miltonen liburu baten ertzeetan, Platonen Sokratesen Apologia itzuli zuen grezieratik frantsesera.
Guztira, lau hilabetez egon zen giltzapean. Libre irten ahal izateko hitz eman behar izan zuen ez zuela inoiz ezer polemikorik idatziko, bestela bizi osorako kartzelatuko zuten-eta. Promesa hura ezin eramanezko karga izango zen aurrerantzean Diderotentzat. Lan ugari idatziko zituen oraindik ere, baina, beldurrez, gehienak ezkutuan mantenduko zituen eta ez ziren bera hil eta askoz beranduagora arte ezagutuko. Obra horietako hiru euskarara ekarri dira: Teosofoak saiakera filosofiko laburra, Hau ez da ipuina eleberria eta Rameauren Iloba. Informazio gehiago eskuratu dezakezue armiarma.eus atarian.
Denis Diderot pertsonaia unibertsal bat da, baina ez tiraderetan gordetako, hauts artean ahaztutako, obra horiengatik, baizik eta Entziklopediaren bultzatzaile eta egile nagusia izateagatik.
Giza jakintza guztia liburu batean edo batzuetan biltzeko saiakerak oso aspaldikoak dira. Saio honen entzuleei ezagunak egingo zaizkien zenbait aipa ditzakegu: Asurbanipalen Niniveko liburutegia, Plinio Zaharren Naturalis Historia, Sibiliako Isidororen Etimologiak, abbastar dinastiaren garaiko Jakinduariaren Etxeko lanak, Francis Bacon-en Great Instauration… eta abar, eta abar, eta abar. XVII. mendetik aurrera, burgesiaren loraldia eman zen eta, klase sozial haren formakuntza beharrak kausa, baita kontsulta eta erreferentzia liburuen ugaritzea ere.
Ildo beretik, 1728an, Ephraim Chambers editore ingelesak Cyclopaedia, or an Universal Dictionary of Arts and Sciences izeneko liburu bat eman zuen argitara Londresen. Bertan, garai hartako ezagutza zientifiko guztiak laburbildu ziren: botanika, astronomia, aritmetika, geometria, mekanika… Eta, esan gabe doa, liburuak berehalako arrakasta izan zuen. Parisen, François Le Breton eta John Mills editoreek negozioa ikusi zuten eta Chambersen obra frantsesera itzultzeko proiektua abiatu zuten, horretarako Denis Diderotekin eta Jean Le Rond D’Alembert matematikari eta fisikari gaztearekin jarri ziren harremanetan.
Luze gabe, baina, argi geratuko zen Diderot eta D’Alemberten asmoak ez zirela itzulpen soil batera mugatuko. Hasteko eta behin, goitik behera birplanteatu zuten proiektua: Chambersen Cyclopaedian ez bezala, artikuluen ordena ez zen jakintzagaien araberakoa izango, alfabetikoa baizik. Horrek, artikulu guztiak aldez aurretik zehaztasunez planifikatu beharra inplikatzen zuen, artikuluen egileekin harremanetan jartzea… Lan eskerga.
Diderotek berak 2.000 artikulu izkiriatu zituen, askotariko gaien inguruan: artisautza, metafisika, filologia, botanika… eta D’Alembert, berriz, matematikaz, geometriaz eta astronomiaz arduratu zen. Bi horiez gain, Frantziako intelektualen gainak eta loreak hartu zuen parte proiektu entziklopedikoan: Jean-Jacques Rousseauk musikari buruz idatzi zuen; D’Holbach-eko baroiak mineralogiaz, kimikaz edota erlijioaz; François Quesnay, fisiokraziaren sortzaileak, nekazaritzaz; erbestean zegoen Voltairek historiaz, literaturaz eta filosofiaz… Montesquieuk berak ere parte hartu zuen, nahiz eta ia garrantzirik gabeko artikulu batekin izan: GOÛT, Dastamena. Zentsurarekin arazoak saihesteko, teologiari buruzko artikuluak apaiz jesuita atzerakoi bati enkargatu zitzaizkion.
Dena den, eta gehien-gehienetan, ahaztu ohi da Entziklopediaren kolaboratzaile nagusienetako bat: Louis, Jacourteko Zalduna. Artikulu guztien laurdena idatzi zuen, 17,266 guztira. Bere historia apartekoa da. Aristokrata izanagatik, errentetatik bizi zen eta bere aisialdia ikerketa zientifikoan ematen zuen. Hogei urtez aritu zen medikuntza hiztegi bat izkiriatzen eta, bukatutakoan, Amsterdamera igorri zuen eskuizkribua bertan inprimatzeko. Zoritxarrez, testua zeraman ontzia ekaitz batek harrapatu eta ondoratu zuen eta Jaucourteko Zaldunaren bizitza guztiko lana desagerrarazi. Etsi gabe baina, Diderot eta D’Alembertekin jarri zen harremanetan eta urte horietan guztietan bildutako informazioa Entziklopediarako artikuluetan isuri zuen. Lan erritmo frenetikoa zeraman: 1759tik 1764ra, bataz bestez, zortzi artikulu izkiriatu zituen egunero. Jaucourtek ez zuen txakur txikirik ere jaso lan izugarri horren truke. Are gehiago: berarekin batera ziharduten idazkari laguntzaileak haren patrikatik ordaintzen zituen eta bere etxeetako bat hipotekatu beharrean izan zen eginkizun horrekin jarraitzeko. Paradoxikoena da mailegua Le Bretoni, Entziklopediaren editoreari, eskatu behar izan ziola. Hau da, Le Bretonek dirua eman zion De Jaucourti Entziklopedia musu truk idazten jarrai zezan.
Entziklopedia balore ilustratuak (arrazoiarenganako konfiantza, superstizioaren aurkako arbuioa, tolerantzia ideologikoa, askatasun indibidualen printzipioak…) lau haizetara zabaltzeko tresna izan zen. Absolutismoari eta feudalismoari kritika ezkutuak aurki zitezkeen nonahi. Esate baterako, eskasak ziren erregeei, aristokratei edo santuei eginiko aipamenak, baina, aldiz, ÉPINGLE (jostorratza) artikuluak 5.000 hitz baino gehiagoko luzera zeukan. Beste adibide bat: frantsesezko DUC hitzak bi esanahi ezberdin dauzka: dukea izan daiteke, baina baita hontza ere. Entziklopedian DUC berbari zegokion artikulua bilatuko bagenu ikusiko genuke ezen, gautxoriei buruzko informazioa aristokratei buruzkoaren gainetik kokatua zegoela, ornitologiari garrantzia handiagoa ematen zitzaiola nobleziari baino.
Halabeharrez, oso modu disimulatuan egin arren, erlijioak ere jaso zituen entziklopedisten eztenkadak. Entziklopediaren lehen orrietan Francis Baconen Ezagutzaren Genealogia aurki zitekeen. Bertan, hiru taldetan sailkatu ziren jakintzagai guztiak: memoria, arrazoia eta irudimena. Arrazoiaren atalaren barruan filosofia ageri zen eta, filosofiaren azpiatal gisa bazterturik, teologia. Are gehiago, teologiaren ondoan magia beltza eta aztikeria kokatu zituzten. Ez hori bakarrik: artikulu askok erreferentzia gurutzatuak zeuzkaten, zeintzuek kontzeptu jakin batekin erlazionatutako artikuluetara igortzen baitzuten irakurlea. Era horretan, Eukaristia edo Jaunartze artikulua Kanibalismo artikuluarekin zegoen lotua. Jaucourteko Zaldunak, bere artikuluetan, esklabotza, intolerantzia erlijiosoa eta Inkisizioa salatu zituen.
Entziklopedia beste zentzu batean ere izan zen iraultzailea. Une horretara arte inor ez zen serioski arduratu gizarte eta balore aristokratikoek arbuiatzen zituzten ofizioez eta artisauez. Entziklopedian ehunka artikulu eta ilustrazio aurki zitezkeen zurgintza, oihalgintza, burdingintza, gozogintza, harakintza, papergintza, hargintza, beiragintza eta beste hamaika ogibideri buruz. Ez dezagun ahaztu Dideroten aita aiztogilea zela eta idazleak haren lana miresten zuela. Entziklopediak duintasuna eta aitortza eman zizkien eskulangileei. Philip Blomek dioskunez, Entziklopediako laminetako munduak oso edertasun berezia zuen. Idealizazio dotore bat zen, lantegi argitsu eta garbiekin, beren zereginetan alaiki zebiltzan itxura osasuntsuko langile trebeekin, baina irudi hori oso urrun zegoen benetako tailerretatik. Errealitatean, artisauek espazio txiki eta zikinetan egiten zuten beharra, laneko arrisku ugarirekin.
Ekonomia ataleko artikuluak izkiriatu zituztenek liberalismo ekonomikoa, laissez-faire printzipioa, defenditu zuten baita gremioen sistema salatu ere. Frantziako populazioaren ehuneko handi bat goseak akabatzen zebilen garai batean Anne Robert Jacques Tourgot ekonomialaria pobreentzako laguntza sozialaren aurka mintzatzen zen Fondation artikuluan:
“Ezer egin gabe jende asko bizitzea da nagikeria eta horren ondorioz sortzen diren nahigabe guztiak babestea, eta beraz, jendeak nahiago du alper izan gizon langilea izatea baino.”
Tamalez, berrehun urte beranduago badira oraindik ere dotrina psikopatiko hori defenditzen duten “liberalak”.
Entziklopediaren lehen alea 1751n argitaratu zen eta A letraz hasitako artikuluak biltzen zituen. Arrakasta berehalakoa izan zen.
Dena delarik ere, Entziklopediak Antzin Erregimeneko stablishmentaren haserrea ekarri zuen. Diderotek babesle boteretsuak zeuzkan: Malesherbes zentsore gorena edota Madame De Pompadour erregearen maitalea. Ezer gutxi egin ahal izan zuten, baina. Klemente XIII.a aita santuak Liburu Debekatuen Indizean txertatu zuen Entziklopedia, berau irakurri zein salduko zukeen oro eskumikatzeko mehatxu eginez. Berebat, 1759ko martxoaren 8an Frantziako Erret Kontseiluak proiektua kondenatu zuen:
“Horrelako obra batek arteei eta zientziei ekar liezazkiekeen abantailek ez lukete inoiz moralari eta erlijioari eragindako kalte konponezina konpentsatuko.”
Polizia bortxaz sartu zen Dideroten etxean, hurrengo aleetarako eskuizkribuen peskizan, baina ez zuten ezer aurkitu idazleak aldez aurretik Malesherbes zentsorearen etxean gorde baitzituen. Debekuak ez zituen entziklopedistak geldiaraziko. Le Breton editorea, D’Holbacheko baroia, Jaucourteko Zalduna, D’Alembert, Diderot eta beste bazkaltzeko elkartu eta erabaki zuten ezen obra bukatuko zutela, Holandan inprimatu behar bazuten ere. Diru asko zor zioten Entziklopediaren harpidedunei, kapital gehiegi inbertitu zuten proiektuan atzera egiteko.
Erret Kontseiluak Entziklopediaren testuzko aleak debekatu zituen soilik, ilustraziodun aleak inprimatzeko baimenak bere horretan zirauen. Hortaz, hurrengo bost urteetan, Diderotek eta Jaucourtek beharrean jarraitu zuten ilustraziodun hamaika aleak eta falta ziren testudun hamar liburukiak bukatzeko. Garai hartan, Errusiako Katalina Handia tsarinak, Voltaireren oniritziarekin, Entziklopedia Sankt Petersburgen bukatzeko eskaintza igorri zion Dideroti, baina honek uko egin zion proposizioari.
1764an, azkenik, ezkutuan bost urtez lan egin eta gero, Jaucourtek eta Diderotek Entziklopedia amaitu zuten. Debekua kenduta zegoen jadanik, baina, hala ere, Entziklopediak azken eraso bat jasoko zuen. Le Breton editoreak, haren inbertsioa galtzearen beldurrez, Jaucourtek eta Diderotek idatzitako artikuluetako zatirik polemikoenak ezabatu eta eskuizkribuak erre zituen. Azken hamar liburukietako 9.000 orrietatik 12.000 hitz borratu zituen Le Bretonek. TOLERANTZIA, TEOLOGO, LIZUNKERIA bezalako artikuluak mutilaturik inprimatu ziren. Azken hamar ale horiek isilpean banatu zitzaizkien harpidedunei, Pariseko aldirietako etxalde batetik, zentsura saihestearren.
Le Bretonen beldurra justifikatua zegoen: 1765ean, Abbevile hiriko gazte bat epaitu eta lepoa moztu zioten. Bere delitua: gurutzefika bat atzamarkatzea. Haren aurka erabilitako frogak: bere liburuen artean Voltaireren Dictionaire Philosophique edukitzea.
Mutilaturik, baina hogei urteko lana amaitua zegoen, une horretara arte Historian inoiz eginiko obrarik handiena finiturik. Dena den, Dideroten iritziz Entziklopedia porrot bat izan zen: “Ez genuen denbora askorik izan gure laguntzaileak aukeratzeko. Izan ziren haien artean gizon bikain batzuk, baina baita pattalak, erdipurdikoak edo zinez txarrak ziren beste batzuk ere. Horregatik da lanaren kalitatea hain aldakorra, eta horregatik aurki daitezke eskolako ume batek idatzia dirudien artikulu bat, maisulan baten ondoan; huskeria bat, gauza bikain baten ondoan; indarrez, garbitasunez, berotasunez, zentzuz, arrazoiz eta dotoreziaz idatzitako orri bat, pobre, ziztrin, makal eta miserable baten ondoan.”
Entziklopedia negozio borobila izan zen. Harpidedunak 4,300 izan ziren eta editoreek milioika liberako mozkinak jaso zituzten. Hala eta guztiz ere, Diderotek dibidendu horietatik guztietatik huskeria baino ez zuen jaso: 2,500 libera Entziklopediaren liburuki bakoitzeko, 20,000 libera guztira. Bizitza xumea izango zuen aurrerantzean ere. Anekdota bat: haren alaba ezkontzera zihoala Diderotek ez zeukan diru aski dotea ordaintzeko. Horren berri jaso zuenean, Errusiako Katalina Handiak, idazlearen miresle sutsuak, Dideroti bere liburutegia erosi zion 15,000 liberaren truke. Diderotek, baina, usufruktuan eduki ahal izango zituen bere liburuak, bera hiltzean jasoko zituen tsarinak.
Besteak beste, Entziklopediak eta Ilustrazioak hedaturiko ideiei esker gauzatu ahal izan zen, hogei urte beranduago, Frantziako Iraultza. XVIII. mende horretako gizon-emakumeei zor diegu kontzientzia askatasuna, tolerantzia, zientzia eta arrazoiarenganako konfiantza, hezkuntzaren garrantzia… bezalako balore unibertsalak. Tamalez, ilustratuen ametsa ez da egia bilakatu: arrazoiaren hedapenak, jakintzaren aurrerakuntzak, ez dute halabeharrez gizakiaren aurrerakuntza moralik ekarri. Zer esango zuketen Diderot, Jaucourt, Voltaire edo Rousseauk bi mundu gerren berri jaso izan balute, milioika gizakiren hilketa planifikatu eta industrializatua ezagutu balute, jakin izan balute bi menderen buruan botoi xume bat sakatzea aski izango zela giza espezie guztia birrintzeko? Alta, zenbait pertsonak eta mugimendu politikok, egoismo zekenenez, gizatasun elementalena iraintzen duten honetan, komeni da duela berrehun urte zabaldutako balore horiek inoiz baino presenteago edukitzea, inoiz baino sutsuago defenditzea.
[Paperezko Itsasoa #Podcast] Ilustratuak eta entziklopedistak