Mr Brownen gutuna

 

Aspaldi ez dela, EAEko Artxibo Historikoaren “Badator” bilatzailean agiri batzuen bila nenbilela, data jakinik gabeko gutun honekin egin nuen topo Jon Bilbao Azkarreta jaunaren funtsan:

(Sakatu irudia handiago ikusteko)

Nor ote ziren euskara ikasi zuten senar-emazte kaliforniar haiek? Eta noiz idatzi zuen Mr Brownek gutun hori?

Egun batzuk geroago, gutunarekin akordatuta, Badator-era berriro jo eta atzerritar misteriotsu haren izen osoa sartu nuen bilatzailean. “William C. M. Brown”. Bi emaitza agertu ziren: goian aipatutako gutuna eta beste bat, hau ere Bilbao Azkarretaren funtsekoa, Hilda C. Simmons izeneko batek William A. Douglass jaunari ingelesez idatzia, zeinean Mr Brownen Donostiako helbidea ematen baitzion.

Mr Brownen gutuna

(Sakatu irudia handiago ikusteko)

Zati hau nabarmentzekoa da:

“San Sebastian, Spain, where he has been teaching since last july, and also studying in a Master Basque class”.

Beraz, 1969ko uztailetik zeuden Browndarrak Donostian. Horrenbestez, data gabeko gutunak, bertan esaten denez bi urte lehenago etorri zirela Euskal Herrira, 1971ekoa izan behar du.

Hurrengo urratsa, kaliforniarraren izena googletzea izan zen. Horrek Villasanteren artikulu honetara eraman ninduen:

Hona zer zioen handik gutxira Euskaltzainburu izango zenak William Browni buruz:

“Un americano que ha residido algunos meses en el país y ha aprendido la lengua, William C. M. Brown, expresaba, al partir, su temor de que el vasco llegue a dejar de ser lengua viva, real y popular, y quede tan sólo como lengua literaria, cultivada por una minoría de iniciados, patrimonio de un cenáculo o élite, del que se desentiende el gran público”.

Testu horretako hitzek bihotza estutu zidaten. Pentsa, istant batean burutik pasatu zitzaizkidan handik hona gure hizkuntzaren inguruan gertatutako hainbat eta hainbat gauza: euskara batuaren arrakasta, legalizazioa, ofizialtasuna, irrati-telebistak, hezkuntza ereduak, hizkuntza eremuak, egunkariak, publifikazioa, euskalgintza, euskararen jaiak, euskara teknikariak, euskara planak… Guztia zegoen egiteko, eta ahal izan den guztia egin da, baina hainbeste komeriaren ostean… ez ote dago gure hizkuntza orduko arrisku berberen mende?

Gogoratzen dut behin Tribuaren Berbak programaren saio batean elkarrizketatu batek esan zuela euskarak amai lezakeela euskaratik bizimodua ateratzen dutenen hizkuntza esklusibo bihurtuta. Arrisku erreala deritzot, 1969an Mr Brownek bezala. Herri “xeheak”, militantziaren edo lanbidearen bultzada gabe, baliagarri zaion —beharrezko duen— hizkuntzara jotzen du. Egun, euskara inoiz baino ikertuago, kodifikatuago, mundu modernora egokituago dagoen honetan, duela berrogeita hamar urte baino gutxiago entzuten da arrantzaleen, nekazarien edo artzainen ahotan.

Ez dakit egoera nolakoa izango den beste berrogeita hamar urte barru. Nik behintzat ez dut ikusiko, baina lehenago ere hauteman ahalko dugu zein den joera. Gauzatuko dira Mr Brownen beldurrak? Elite letratu baten hizkuntza apaingarria izango da euskara? Latin moduko bat? Izango al da inoiz herriaren hizkuntza berriro?

William C. M. Brown Euskal Herrira itzuli zen, eta berton beste bederatzi urtez bizi. Ziurrenik, euskarak 70ko eta 80ko hamarkadetan izan zuen susperraldiaren lekuko izan zen. 2003an hil zen. Garai hartan egun baino perspektiba hobeak zeuzkan gure hizkuntzak, eta beraz pozten naiz pentsaturik agian gizona zendu zela euskara aurrera aterako zela sinetsita. Ez nioke askoz gehiagorik opatuko neure buruari hil-ordua datorrenean.

 

Hemen duzue Brown jaunaren azken berria:

www.legacy.com/obituaries/william-c-brown

Mr Brownen gutuna

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude