Lokatz Loreak

Lokatz Loreak –

Bertsolari aldizkariak Makarrizketak podcastaren IV.denboraldia estreinatu du. Bigarren atala Lokatz Loreak sormen taldearen eskutik heldu da: Araitz Katarain, Janire Arrizabalaga eta Izaro Bilbao.

Kaixo gu Araitz Katarain, Janire Arrizabalaga eta Izaro Bilbao gara eta Lokatz Loreak sormen taldea osatzen dugu. Askotan aipatu dugu, gure proiektuaren oinarria bideak eta lekuak direla, beraz, beste ezertaz hitz egiten ez dakigunez, horretara gatoz.

Lokatz Loreak

Abiapuntua.

Bide orok abiapuntu bat dauka, eta gurea hurrena entzungo dugun hau izan zen. Batek daki zein izango zen bi urte lehenago hasi izan bagina.

Sarritan, abiapuntua 0 puntu gisa definitzen dugu, baina nola da posible zerbait hutsetik hastea? Existitzen al da hutsik? Aurretik zerbait egon beharko da, ezta? Oso konsziente gara, guk, gure bideari ekiteko, aurretik, beste norbaitek pauso batzuk eman behar izan zituela, guk egindakoarekin zerikusia izan edo ez.

Gainera, xelebrea da batzuetan bizitzen ari garen unean ez garela kontziente izaten, momentu hori zerbaiten abiapuntua izango dela. Sarritan, abiapuntuek beste ibilbide baten amaiera itxura dute. Izan ere, kasualitatez sortzen da batzuetan, baina baita kausalitatez ere, edo, biak batera, batak ez baitu bestea kentzen.

Mugitzeko aitzakia bat baino ez da abiapuntua. Status quoa apurtzeko beharrizana. Baina nora goaz hortik abiatuta? Derrigorra al da ibilbidea zehaztuta edukitzea pausoak ematen hasteko?

Norantza.

Pausuak noraezean eman badaitezke ere, noranzko bat izateak aurrera egiten laguntzen digu. Noizbehinka norazko hori aukeratu egiten dugu, eta beste batzuetan korronte bat bezala sentitzen da, inertziaz zaramatzan zerbait.

Norantza joan behar zaren zehazterako orduan, lagungarri izaten da ingurukoen bideei erreparatzea, ematen ez badu ere, ziurrenik nahi duzun norazko berean doan jende asko egongo baita.

Besteen kontrakarra korronte bilakatzen da, kontrakarra kontrajarri etengabe eta… Zurrunbiloan amaitu. Zurrunbiloko korapiloaz gozatu, agian.

Hori bai, horrek ez du esan nahi elkarren itzal garenik. Bide bera pausu desberdinez egin daiteke. Esango genuke, bide berbera pausu desberdinez egin behar dela, halabeharrez.

Norantza bera zalantzan jartzea ere bidearen parte da eta ez du zertan ezer txarra izan behar. Aurkakoa dela esango genuke. Azken finean, bidea prozesu bat izanik, aldaketa beharrezkoa da. Sarritan aurkakoa badirudi ere, konbizkioa bezain pisutsua behar luke jakinminak, baina ez norbereak, jakinmin kolektiboak baino. Beti ezin dira bideko sasiak bakarrik kendu. Bestela, posible litzake?

Bidelaguna. 

(Oihana Arana eta Aner Peritz, Osinalde sariketa, Finala, Hamarreko txikia)

Ez dago asko azaldu beharrik, hau bidelagun bat dela ikusteko.

Ez dago heroirik bidea bakarrik asma dezakeenik. Konpainia gabeko ibilbideak itzulera du. Sinergiak ematen dio gorputzari aurrera egiteko ahalmena. Edo albora, edo atzera, nork daki. Are, bidelagunak bere horretan izan litezke bidearen zentzua, zentzuetako bat.

Galdu egiten baikara, bakarka zein kolektiboki, baina bakarka galtzeari arriskua kentzen dio oratzeko esku bat izateak. Zero puntura itzuliko bagina, zero baino zerbait gehiago izango genukenaren segurtasunak.

Bidelaguna ez da elkarrekin ibiltze hutsa. Izan ere, bidea solasteko erabil daiteke, pentsatzeko kantzatzeko…. Erabil daiteke norantza antiparaleloa planteatzeko, ideiak berresteko eta indartzeko. Honek guztiak ondoan dugunari arreta jartzea eskatzen du, eta arreta jartzea zaintzea da.

Gu ez geundeke hemen ez bagenu elkarrez hainbeste gozatu. Nahiz eta aitortu baditugula bakoitzak bere bidexka indibidualak, zerbait bilatzen baitugu bermean.

Bilatu, zer?

Helmuga.

(Miren Amuriza, BTN 17, Zalla, Hasierako agurra)

 Helduko ote gara noizbait bilatzen dugun hortara? Helbururik al dugu? Badakigu zein den? Zutik helduko al gara?

Agian, helmugak ez dira mugitzeko aitzakia bat besterik. Ez dakigu geldirik egoten. Zerbaitegatik izango da, ezta? Zauden lekuan ezinean bazabiltza, hobetzeko aukerak existitzen direlako izango da. Hobetzeko aukera hori dira helmugak. Hobetzeko, zenbateraino? Utopiaraino? Ortzimugen atzetik gabiltza lur bareagoak zapalduko ditugulakoan.

Ortzimugak, utopiak. Sinisten al dugu utopietan?  Posible al da utopietan ez sinistea? Bai sinisten dugu utopietan, beharrazkoa da. Polit bezain egia da bidearen garrantzia, baina guk gauzak nahi ditugu. Ez gatoz espiralak bilatzen.

Agian utopietan sinistea gure buruari iruzur egiteko tresna bat besterik ez da, esperantza zantzu bat izan dezagun inoiz iritsiko ez garen horren bidean, baina ezin gara zain geratu. Ez dira iritsiko geldi bagaude. Bidea da bizitzea egotzi zaiguna, helmuga presente badugu ere bidea da gure.

Eta zuena ere bada, guk gurean jarraituko dugu norbait gurekin lokaztera animatzen bada.

Lokatz Loreak Lokatz Loreak Lokatz LoreakLokatz Loreak

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude