[Euskal Gaizkileak] Estudiante kondenatua

Estudiante kondenatua –

Gure herrian gertaturiko krimen ugarik abesten ditugun kantuetan gordeta biziraun dute, urte luzeetan zehar. Hasier Etxeberriak, horretaz jabetuta, artikulu serie bat hasi zuen duela ez asko, eta Beñat Hach Embarek hartu zion lekukoa ondoren. Orain podcast bihurtu ditugu, Bikoiztaile Euskaldunen Elkartearekin elkarlanean. Kapitulu bakoitzean krimen bat eta gaizkile bat ezagutuko dituzu, eta horrekin batera, atzetik daukaten abestia.


Arratiako txekorra, txikerra baino gogorra. Halakoxea da Antton Zamakola, karlistek gerra bat galdu ondoren eta liberalek beste bat irabazi baino lehen Diman jaioa. Zortzi bat urte dauzka. Muturra eta eskuak beltzak, ukalondoak eta belaunak urratuta, eguna kale eta basoetan gora eta behera igarotzen du, bera bezalako beste hamaika txekorrekin. Nahi adina txekor egon daitezke talde batean, baina ez da komeni izaten oilategi berean bi oilar izatea…

  • Zertan ari haiz gora begira, Antton?
  • E? Zer?
  • Ea zertan ari haizen gora begira.
  • Adarrak. Artearen adarrak oso sendoak izaten dituk… Duela gutxi entzun nioan nola esaten zion amak bere lagun bati bat baino gehiago urkatu dutela hemen.
  • Zer diok baina?

Estudiante kondenatua

Abestia Aintzina Folk musika taldearen Kosinatik Kanberalat albumetik hartua da. Alan Griffin, Juanjo Otxandorena, Arkaitz Miner eta Zigor Sagarna, mila esker zuen kantua gurekin partekatzeagatik.

Bertso hauek, oso ezagun egin ziren Euskal Herriko bazter ugaritan, Bizkaia eta Gipuzkoan, batez ere, baina baita  Nafarroan eta Iparraldean ere. Berari buruz ezagutzen dugun lanik zintzoena, Jabier Kaltzakortak egindakoa da (Bertso jarrietatik ahozkora. Urkabe-bertsoak euskaraz: estudiante gaztearenak eta beste). Bertan aurkituko dituzu aldaera guztiak eta baita nahi beste ñabardura ere.

Hasier Etxeberriak bertso hauek izan zituen hizpide duela bost urte idatzitako artikulu batean: “Egia esan ez dakigu segur nongoa zen kantu zaharreko estudiantea, baina bertsoen aldaera gehienak Dima-Zornotza aldekoak direnez, han ingurukoa zela erabakitzeko atrebentzia ukan dugu sarrera honi titulua jartzeko orduan.”

Emaitza hau lortzeko lan itzela egin behar izan du jende askok, eta bereziki azpimarratu nahi genituzke Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteak (BIEUSE) eta IN Estudioetako Iñigo Etxarrik egindakoa. Gure eskerrik beroenak.

 

zuzeu podcastpatreon.com/zuzeupod

Spotify    Apple Podcast    Stitcher    Google Podcast    Ivoox

euskal gaizkileak seriea

Estudiante kondenatua

Euskal podcast katea. Zure hizkuntzan mintzo diren istorioak. Entzun!