Gu, gotorlekutik

Gu, gotorlekutik –

Zuriñe Rodríguez Larak eta Ibai Fresnedok herenegun Berria egunkarian euskararen inguruan idatzitako “Gu” iritzi artikuluak zeresana eman du. Atzo, urrutira joan gabe, Pako Sudupek erantzun zuen hedabide berean, “Gotorlekutik” idatziaren bitartez.

Salabardoak azpira dakartza biak:

«Gu»

Euskararen inguruan iritzi artikulu bat idaztera goaz. Nortzuk, gu? Eta zer esango dugu? Polita dela, asko gustatzen zaigula, hitz egin behar dugula? Bale, ondo! Hori da, beraz, gure rola. Edo euskararen eztabaida ideologiko sakonean sartuko gara? Nortzuk, gu? Nola sartuko gara gu fregado horretan? Euskararen subjektuaren, estrategiaren eta egoeraren eztabaida benetako euskaldunen gotorlekua da, ez gurea. Gu, orduan, folklorera!

«Zu ere euskalduna zara. Segi horrela!». Zenbat alditan esan digute hori sehaskatik euskaraz mintzatzen diren horiek? Horixe euskaldunak garela! Euskaraz hitz egiten dugu. Hobe esanda, euskaraz hitz egiten ikasi dugu. Sinplea da. Guk ez dugu zalantzarik. Zuek?

Arazoa aipu hauen azpian dagoen ideia da; hau da, euskararen subjektu «esentziala» eta «perfektua» besteei zilegitasuna eta komunitate linguistikoaren parte direlako onespena emateko subjektu bakarra dela. Eta hementxe dugu arazoa. Gu ez garela subjektu, «subjektua» oso txikia eta baztertzailea delako.

Euskaldunok, nahiz eta gure burua inklusibotzat hartu, oso baztertzaileak izatera iritsi gaitezke. Gure hizkuntza bera erabilita ere bai. «Zein ondo hitz egiten duzun ezkerraldekoa izateko», «euskaldun berria eta euskaraz liburu bat idaztera ausartu zara?». Barkatuko diguzue, baina aipamen horiek klasismo, esentzialismo, elitismo eta eusnob usaina dute, zapalduak diren subjektuak izendatzen dituzten arren. Gainera, badute bere eragina «gure» euskal komunitatera geureganatu garen kide berriongan; komunitatea bera etsaitasunezko sentitzea eta bertatik urruntzea lortzen baitute askotan. Zenbatetan txiokatu behar izan dugu gazteleraz gehiegitan arreta deitu digutelako gure euskararen «maila eskasa»dela eta? Ezin dugu irabazi ditugun horiek galdu. Ez da estrategikoa.

Euskararen praktikatzaile hauek, esentziari eta zuzentasunari balioa ematen diotenean, subjektu bakarra sortzen dute. Homogeneoa, erromantikoa, arautzailea eta zilegia dena. Fidatzeko modukoa, eta, gu, feminista eta maritxuak garen heinean, ez gara inoiz fidagarriak izan. Lasai, ez gara deprimituko benetakoak ez izateagatik. Periferian egon gara beti. Kontua da, eta hementxe dugu bigarren arazoa, euskaldun hiztun gehienak ez direla subjektu perfektu/puru horiek. Are gehiago, geureganatu nahi ditugun euskaldun potentzialak purutasun horren antipodetan daude. Gaizki goaz subjektu hertsi eta hermetiko honekin.

Perfektua den horrek inperfekzioa eskatzen du; hau da, jendartea binomio dikotomikoetan banatzea, eta horrek badu ere isla euskararen subjektua ezaugarritzean: euskaldun zaharra-euskaldun berria, euskaldun petoa-traketsa, EGAn gai-ezgai, ahobizi-belarriprest… Buelta bat eman behar diogu honi, transfeminismoak ongi erakutsi dizkigulako binomioen arriskuak; irizpide baztertzaileez zipriztintzen baitituzte gure bizitzak. Zenbat urte behar ditugu euskaldun berri izateari uzteko? Noiz emango diguzue zuek baimena horietan ere gu egoteko? Honekin ez dugu esaldiak gramatikalki eta ortografikoki era ortodoxoan eraikitzen dituzten horiek estigmatizatu nahi. Beharrezkoak dira eta asko ikasten dugu haietaz. Nahi duguna da euskararen esentzia horren atzean gertatzen diren prozesu subjektibatzaileak erdigunean jarri. Esentzia horren atzean erromantizismo asko dago, baina estrategiarik ez.

Harro gaude gure aniztasunaz, eta jakin badakigu prozesu ezberdinen bitartez ailegatzen garela euskarara. Halere, ez dugu sentitzen guztiok horren subjektu garenik, eta garenean, batzuk hegemonikoak zarete eta beste batzuk euskararen bastardoak gara. Bada, orduan, aniztasuna modu folklorikoan ulertzeari uzteko eta euskararen subjektu historikoa deseraiki eta berriz eraikitzeko garaia. Nola? Gure sistema politiko eta sozialen berariazko bazterketa anitzak pairatu izan dituzten pertsona horien guztien diskurtsotik definituz.

Euskara hiztunengatik existitzen da, baina batez ere hiztunetatik eta hauen errealitateetatik abiatzen da. Guk beti gaztelaniaz hitz egin dugu, Espainiako familia migratzaile pobreen ondorengo garelako edota Euskal Herriko hiri/herri erdaldun batean hezi garelako. Azken hau biziki garrantzitsua da. Klaseak, jatorriak eta gure herriaren soziologiak gauza asko azaltzen dituelako gure euskararen eztabaidan. Gu ez gara subjektu pribilegiatu zapaltzaileak, estrategia inklusiboen faltaren ondorioetariko bat baizik. Goazen, beraz, euskararen subjektua konplexutzera eta estrategia bera identitate baztertzaileetatik haratago definitzera.

Zorionez, hizkuntza fenomeno kolektibo bat da; elkar-ulerkera aditzera ematen duelako eta maila indibiduala aise gainditzen duelako. Guk argi daukagu. Subjektu izan edo ez, euskaraz egiten segituko dugu, gurea baino, denona delako; eta honekiko egin dugun apustu politikoa dela eta, gure erantzukizuna da, bai. Beraz, zer, elkarrekin egingo dugu?

Gu, gotorlekutik

«Gotorlekutik»

Ez dut inoiz neure burua euskaldunen gotorlekuko kide sentitu, baina, zuek (Bizkaiko) «ezkerraldetik» gauzak horrela ikusita, baliteke zuentzat hala izatea, eta horregatik, ohar batzuk helarazi nahi dizkizuet, erantzun moduan (Gu, BERRIA, 2020-01-22).

Zein dira gotorlekuko benetako euskaldunak? Herri euskaldunetan jaiotakoak izango gara; etxean euskaraz ikasi dugunak, eta eskolara hasi orduko —demagun berrogeita hamarretik gora dugunok—, gaztelania ikasi beharra izan dugunak, eta horregatik eta inoiz herrian bertan edo bestela herritik hirira edo pixka bat mugituz gero, erdaraz egin behar izan dugunak. Norbere herrian norbere hizkuntzaren ukazioa jasan dugunak. Eta guk baino are gehiago, zer esanik ez, gure aurrekoek.

Pentsa ezazue momentu batez zein frustragarria den etxean hain natural ikasi duzun hizkuntza horrek, onenean, zeure herriko kalean erabiltzeko baino balio ez izatea, edo kalean batzuekin bakarrik hitz egiteko era informalean, eta eskolarako baliorik ez izatea, administraziorako eta hedabideetarako ere ez, eta askotan lanerako ere ez. Hori ez duzue aipatzen artikuluan, ez duzuelako hori bizi izan.

Hortik abiatu gara, herri-hizkera etxean natural ikastetik, bere aberastasunekin eta aldi berean bere muga guztiekin, Gaztelan edo Extremaduran etxean soilik ikasitako gaztelerak dituen mugekin alde batera, baina aldi berean muga gehiagorekin, hizkuntza artean batu gabe zegoelako eta gizartean arlo gutxitan erabiltzen zelako. Benetako euskaldunak izateaz harro? Bai, alde batera, harrotzekoa, baina bestera, zenbat aldiz entzun dugun «zein motza den euskaraz bakarrik jakitea», zenbat gutxiagotasun konplexuren jasaile eta eroale ere izan diren eta garen, eta gorago esan bezala beti beharturik, ustez Euskal Herrian egonagatik, hizkuntzaz aldatzera gutxi-asko ezagunak izango zaizkizuen hamaika arrazoirengatik.

Zuek beste era bateko zapalkuntza jasan duzue bizi-baldintza hauetatik: «Guk beti gaztelaniaz hitz egin dugu, Espainiako familia migratzaile pobreen ondorengo garelako edota Euskal Herriko hiri/herri erdaldun batean hezi garelako. […] Gu ez gara subjektu pribilegiatu zapaltzaileak, estrategia inklusiboen faltaren ondorioetariko bat baizik».

Idatzi honen xedea ez da elkarri errua botatzea, elkar ulertzeko bidea jorratzea baino, hori bai bakoitzaren esperientziatik eta egiatasunez, ahal den neurrian. Zuen aurrekoek eta zuek ere beste neurri batean, lurralde berri batera joateak eskatzen duen egokitzapen gutxi asko neketsua eta gogorra jasan behar izan zenuten, baina, hizkuntza aldetik, ziur nago ez zenutela apenas arazorik izan. Eskolan bizi izan zenutena; gorago esan dut, guk alderantziz bizi izan genuen.

Ematen du, diozuenagatik, benetako euskaldunok denok bloke, komunitate homogeneo bat osatzen dugula. Ez nator bat. Euskal herri txiki edo handi samar batean, eta kalean jaiotakoak, edota, aldiz, landa ingurunean jaiotakoak, edota herri handi erdaldundu edota hirietan jaiotako euskaldunek txikitan markatu gaituzten esperientzia ezberdinak bizi izan ditugu eta ez gara inola ere berdinak. Gustu ezberdinak ditugu, sentikortasun diferenteak, eta denok ez gara bertsozaleak edo herri kirolzaleak edo…

«Zein ondo hitz egiten duzun ezkerraldekoa izateko, euskaldun berria eta euskaraz liburu bat idaztera ausartu zara?» nik neuk hor behintzat diskurtso baztertzailea baino zuen hipersentsibilitatea sumatzen dut, eta honako honetan ondorio kezkagarria bezain baztergarria: «Gainera, badute bere eragina ‘gure’ euskal komunitatera geureganatu garen kide berriongan; komunitatea bera etsaitasunezko sentitzea eta bertatik urruntzea lortzen baitute askotan. Zenbatetan txiokatu behar izan dugu gazteleraz gehiegitan arreta deitu digutelako gure euskararen ‘maila eskasa’ dela eta?». Ziur nago euskaraz egiten diren hanka-sartzeak erdaraz egingo balira, hedabideetan luzaroan beste konturik ez litzatekeela egongo, eta Hezkuntza Sailak neurriak hartuko lituzkeela.

«Nahi duguna da euskararen esentzia horren atzean gertatzen diren prozesu subjektibatzaileak erdigunean jarri». Bi joera nagusi sumatzen ditut euskaldunen artean; bata da: elkar gaitezen giza eskubideak urratuak sentitzen ditugun guztiok: feministak, migratzaileak, pentsionistak eta LGBT, eta euskaltzaleak; eta, gainerakoentzat, aldiz, euskararen aldeko borroka ez da giza eskubide demokratiko horiekin lotu behar, estatua duten nazioetan (Espainian, Frantzian…) lotzen ez den bezala.

Ez naiz hegemonikoa sentitzen, eta ez zaituztet euskaldun sasikotzat hartzen, baizik eta komunitate bereko.

Gu, gotorlekutik Gu, gotorlekutik Gu, gotorlekutik

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.