[Urpeko Bonbarda #111] Amodioaz
[Urpeko Bonbarda] Amodioaz –
Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. 111. saioan, El Correo egunkariko “Zein da euskarazko maitasun abestirik onena?” galderari erreparatu diogu gaia aukeratzerakoan.
“Zein da euskarazko maitasun abestirik onena?”. Horixe da, otsailaren 14aren harira, Jan Echevarriak hainbat musika zaleri luzatu dien galdera, El Correo egunkariko erreportaje batean, eta San Valentin eguna sekula ospatuko ez duen Urpeko Bonbardan jaso duguna. Batetik, onartu behar dugulako maitasun kantek presentzia nabarmena izan dutela beti pop musikan eta, bestetik, gustatu zaigulako erreportajeak izan dituen erantzunetan jasotako kantu zerrenda. Erreportajearen egileak idatzi duen bezala, “musika emozioen katalizatzaile ikaragarria” baita.
Zuriñe Hidalgok Sorotan Bele taldearen “Amodioaren eza” hautatu du, folk rock taldearen 1993ko debut homonimotik. Abesti instrumentala den arren, hitzik gabekoa, musikak berak baduelako transmititzeko gaitasuna, magia egiteko boterea, Hesian taldeko kantari ohiaren arabera. Sua taldeko kide Ane Barrenetxeak, bere aldetik, Txuma Murugarren bakarlariaren “Proposamena” hautatu du, 2001eko “Hegazkinen arima” diskoa irekitzen duena, “Ba al dago maitasun aitormen errealagorik?” adierazita.
Iholdi Beristainek Ibil Bedi taldearen “Lorerik gabe” kantuaren alde egin du, 2021eko “Beltxarga beltza” diskokoa. Goazen telesaileko antzezle izanak onartzen du ez dela erromantikoa, eta zalantzak dituela maitasun erromantikoaren eraikuntzarekin. Horregatik aukeratu du norbere burua zaindu beharraz mintzo ei den kantua.
Aspaldikoagoak dira Iker Gurrutxagak eta Zaloa Urainek hautatu dituzten kantuak. Naiz irratiko MusikHaria saioko gidariak Gorka Urbizu nerabea partaide zuen Nahi ta Nahiez taldearen “Irudimenaren orratzetik” kantu ezkutua, 1996ko “Basurdearen orrua” diskokoa, “kantu sinplea eta poesia ederra”. Eta Kokein taldeko kantariak -hautatu dituen bi kantuetako bat-, Julio Kageta zirenen “Masturbazioa”, 1993ko “Mestizu” diskokoa, norberekiko maitasuna ezinbestekoa dela goraipatzea ere garrantzitsua ei delako.
Zaloa Urainek bezala, El Correo egunkariko musika kritikaria den Silvia Canterak ere bi kantu hautatu ditu, eta bietan parte hartzen du Izaro mallabiarrak. Bata bakarka eman zuen 2020ko “Limones en Invierno” diskoan, “Paris”, bi urte geroagoko “Limones de Oro” bilduman Eñaut Elorrietarekin batera abestua; “abesti leuna, berezia eta gozoa”. Cantero nerabea zela euskal maitasun kantuen erreferente ziren, hain zuzen ere, Ken 7, eta egungo nerabeena izan daiteke, kazetariaren ustetan, Izaro. Canterok ahotan hartu duen bigarren kantua Gatibu gernikarren “Aske Maitte” dugu, 2016ko izen bereko diskokoa, “libertateari eta dibertsitateari abesten diona (…) eta udako gau amaigabeak” gogorarazten dituena.
Bukatzeko, hiru musika zale ezberdinek hautatutako beste hiru kantu, talde berarenak: Su Ta Gar. Eibartarren 2013ko “Bizirik gaude” diskotik “Zure argia” hautatu du Dani Alvarezek; seme-alabei diegun maitasuna baldintzarik gabekoa baita, Radio euskadiko esatariaren aburuz. 1992ko “Hortzak estuturik” diskokoak dira beste biak. Kokein taldeko Zaloa Urainek “Azkar zuregana” aukeratu du, eta Mondosonoro aldizkariko kolaboratzaile Izkander Fernandezek, bere aldetik, “Itxaropena”, amodoioaren B aldeari egindako balada. “Taldearen konposizio garrantzitsuenetako bat da. Lasaitasun malenkoniatsuan hasi eta ekaitz itxurako errepikan amaitzen dena, entzulea kantatzera gonbidatuz”.
.
(((podcast.eus)))
Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…
Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod
Spotify Apple Podcast Google Podcast
[Urpeko Bonbarda] Amodioaz