Euskaraz bakean ezin bizi. Euskarafobia?

Euskaraz bakean ezin bizi –

Maitane Balerdi Urrestarazuk Naiz hedabidean.

Gertaeren kontakizuna:

Non: Tolosa-Erdia-ko tren geltokian.

Noiz: 2023/02/11. 22:25eko trena Brinkolaruntz hartu nahian.

Euskaraz bakean ezin bizi
Arg: Zarateman (2015)

Hiru pertsona gara. Bertan dagoen segurtasuneko agenteari (Prosegur) «Gabon» esan diot sarreran.

Txartela baliozkotzeko ateetako bat ez da irekitzen eta Agenteari esan diot, era onean, «Ate hau ez dabil ondo».

Anden-ean sartu ondoren zigarro bat piztu dut. Jende gehiago ere erretzen ari da, baina agentea soilik niregana etortzen da zuzen-zuzenean, eta itzaltzeko eskatu dit, era ez-atseginean. Eskatu didana berehala egin dut.

Nirekiko egin duen bereizketa euskaraz hitz egiteagatik izan dela ohartzen naiz eta hori esan diot berari euskaraz. Agenteak ingelesez, frantsesez edo katalanez hitz egingo didala esan dit. Nahi duen bezala hitz egiteko esan diot, baina nik euskaraz jarraituko dudala. Horrekin ere, nire susmoa handitzen doa: ez du euskaraz hitz egiteko dudan eskubidea onartzen. Agenteak nire identifikazioa eskatzen dit eta nik ezetz esan diot, eta berea emateko niri. Rifi rafe horretan, «abuela» deitzen dit iraingarri bailitzan, «abuela» izatea irain balitz bezala. Zer nolako indibiduoa da «abuela» errespetatzen ez duena? Zer printzipio eta balio etiko ditu gizaki horrek? Bai, amona naizela eta harro gainera erantzun diot.

Nik ez dut bera inongo momentuan iraindu.

Jarraian, trenera ez naizela igoko mehatxu egiten dit. Andenean dagoen jendeak hori zertara datorren galdegin dio. Baina berak kasurik ez. Mehatxatzen jarraitzen nau. Eta hori gauza zedin nire atzetik dabil eten gabe, jazarpen moduan.

Ertzainei deituko diela esaten dit eta nik deitu diezaiela eskatzen diot. Ertzainekin telefonoz egiten duenean, «se ha resistido a apagar el cigarro» esan die. Gezurra galanta, eta hori esaten diot agenteari.

Ertzainak etorri dira. Gertatutakoa kontatzen diet, agentearen gezurra, «iraina» eta jarrera. Ertzainek dokumentazioa eskatu didate modu onean. Eman diet eta bitarte horretan trena etorri eta ezin izan dut hartu. Andenean zegoen jendeak «trenera» oihukatu dute, eta agentea haiengana ateratzen da korrika. Ertzainek ongi ikusten dute agentearen jarrera agresibo eta autoritarioa, lekuz kanpokoa, eta egoeraren inozokeria. Ertzainek berak esan didate agentearen identifikazio-plakaren zenbakia jakiteko eskubidea dudala. Azkenean, ez dakit Prosegur-agentea bere egoeraren larritasunaz jabetuta-edo, bere identifikazio-plakaren zenbakia eman dit: 281374, egiazkoa eman badit.

Hurrengo egunean kexa sartu dut Renfek horretarako duen orrialdean, zeren horrelakoak ez baditugu behar diren tokian idatzita uzten, ez dugula ezer aldatuko ziur. Kexak tabernan edota etxean ez dira nahikoa.

Gertatzen diren hainbat eta hainbat gertaera larri jakinda, adierazi nahi dut ikusten dudala Segurtasun Agenteen beharra zenbait tokitan. Baina gizarteari zerbitzu bat eskaintzen dion edozer empresari, nahiz publiko, nahiz pribaturi, Renfe eta Prosegur barne, eskatzen diet Segurtasun-Agente edota langileen aukeraketa behar den bezalakoa izan dadila, errespetuz tratatuko gaituztenak eta bidaiarion hizkuntz eskubideak beteko dituztenak, elkarbizitza sano baterako oztopo izan gabe.

Euskaraz bakean ezin bizi  Euskaraz bakean ezin bizi

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

3 pentsamendu “Euskaraz bakean ezin bizi. Euskarafobia?”-ri buruz

  • Agente horrena ez da batere harritzekoa. Horren jarrera nahiko ohikoa da, kolonizatzaile bat da.
    Harrigarriagoa egiten zait zurekin batera zihoazenena. Haste hastetik asaldatu balira kontua ez zen ertzeraino iritsiko

  • Euskalduna euskaldunaren alde jarri behar du. Bestela ez da euslalduna. Gehiegitan eta gehienetan hizkuntza auzietan erdaldunen alde ateratzeko ohitura dugu, onbera azaltzeagatik edo koldar hutsak garelako. KOLONIZATUAK gaude

  • Aberkide maitea: egin ezazu BETI euskaldunaren alde.