[Urpeko Bonbarda #022] 20 urte euskarap
[Urpeko Bonbarda #022] 20 urte euskarap –
Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. 22. saio honetan, euskaraz egindako hip-hop musika izan dugu hizpide, hogei urte bete baitira gure hizkuntzan kantatutako lehen rap diskoa plazaratu zenetik.
Hogeitabigarren saio honetan, euskaraz egindako rap musika ezagutu dugu, Odei Barroso eta Eneko Axpek iazko abendu bukaeran Berria egunkarian plazaratu zuten “Euskarazko hip-hopa: 20 urte, 20 diskotan” erreportajeari esker.
Saioa lehen rap diskoarekin ireki dugu, Selektah Kolektiboa zenak 2000. urtean emana Esan Ozenki etxean; eta hogei urte geroago, iaz Peio eta Itsua durangarrek plazaratutako “Jostailua eta harria” (Beat Salad Records, 2020) diskoarekin itxi.
Tartean, Ipar Euskal Herriko bi hip-hop talde ezagutu ditugu: MAK aitzindarien “Suari darion kea” (2005), Lapurditik; eta oztibartartarrek eratutako Toastibarre taldearen 201oeko lan homonimoa, “euskarazko raparen punkiak”, Baxe Nafarroatik.
Ezkerraldeko rap taldeen ordezkaritza Norte Apache taldeak eman digu, 2009ko “Hesiaren bestaldean” lanarekin, eta Nafarroako hip-hoparena Goienetxe Anaiak, 2012ko “Anai nagusia” lanarekin.
Proposatutako zerrenda honetan urria da emakumeen partaidetza, 2016an “Ni naiz izotz erregina” argitaratu zuen La Basu eta Norzzonerekin batera Nizuri Tazuneri osatzen duen Fani baino ez dira ageri-eta, azken hauek 2018ko “Zazpi” lanarekin.
Revolta Permanent taldeak elektronikarekin uztartzen du rapa “Genesis” debut lanean (2014), eta Gorpuzkingz taldeak trap doinuak dakartza, umorez, “Hondarribiagra” diskoan (2019).
Odei Barroso eta Eneko Axpek Berria egunkarian proposatzen duten zerrendako hogei diskoetatik hauexek dira Urpeko Bonbardan entzun barik gelditu zaizkigunak: CRITIC A CHRONIC gernikar aitzindarien “Amairu” (2007); iaz zendutako El PUTO IOR kantariaren “Propaganda” (2011), ARRANO PERTXA ETA LENGU ILUNA lagunen “Jaungoikoa, dirua eta erritmo zaharra” (2018) probokatzaile bezain indartsua; boom bap erritmoak jorratzen dituzten ZIAKHUS gasteiztarren “Asteroide batzuk” (2019); TXILLY barnerakoiaren “Akherra” (2019) iluna; eta euskarazko flow onenetarikoa duen BURU ARIN kantariaren “Amets gaiztoak, amets goxoak” (2020).
Aurten drill doinuekin lan berria aurkeztekoa den Barroso bera kide duen 2ZIO taldearen “Pausuz pausu” (2013) ere ez dugu entzun; ezta Maisha MC kide zuen 121 KREW taldearen “Mahatsen denbora” (2016) ere. Bai ordea Maisha MC berak bakarka plazaratu duen lehen diskoa, “Vmme Sahar” (2019), NASAn bildutako soinu-frekuentzia eta guzti; eta hura bezain berezia izan zen Etxepare Rap, Imanol Epelderen egitasmoa, 2013koa, besteak beste Bernat Etxepareren eta Arnaud Oihenarten idazkiak rapeatzen dituena.
.
(((podcast.eus)))
Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…
Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod
Gure proiektua zu gabe ez litzateke deus
Spotify Apple Podcast Stitcher Google Podcast Ivoox