«Yemen: erronka berriak»
Yemenen ehunka lagun hil dira, urtarrilean Ali Abdula Sale presidentearen erregimenaren aurkako manifestazioak egiten hasi zirenetik. Joan den ostiraleko atentatuaren ondorioz, Sale herrialdetik irten da, aurkariek eskatu bezala, baina ez du baztertu berriro itzultzea. Tribu konfederazio bereko Ahmar familiak boterea lortzeko aukera handiak dituen arren, gatazkak aurrera jarraituko du, aldaketa sakonak egin ezean. Horixe adierazi du Gwynne Dier kazetariak Saudi Arabiako Arab News egunkarian.
Abdula Ali Salek 33 urte daramatza agintean. Yemen bitan zatituta zegoen bitartean, iparralde tradizionalistako buruzagia izan zen –hegoaldea marxista zen–, eta batu zenetik (1990), herrialde osokoa izan da. Bera eta hainbat aginte postu dauzkan bere familia Hashid tribu konfederaziokoak dira –Yemengo bi tribu talde nagusietako bat–, oposiziora pasatu zen Al-Ahmar familia bezala. Protestak hasi ziren arte aliatuak izan ziren, baina Al-Ahmartarrek Saleri bizkarra eman zioten duela hiru hilabete, Gobernua ikasle manifestarien kontra gogor ekiten hasi zenean. Beraz, orain bi gatazka mota daude: batetik, gazteek, beste herrialde arabiar batzuetako iraultzak oinarritzat hartuta, sektetan eta tributan oinarritzen ez den estatu demokratiko bat eskatzen dute, etorkizuna bermatuko dien estatu bat; bestetik, elitea botere-borrokan ari da, baina gatazka horretan yemendarren % 20 besterik ez daude inplikatuta, Gwynne Dier kazetariaren arabera.
Urtarriletik astelehen honetara arte, 350 lagun hil dira protestetan, Dierrek emandako datuen arabera. Erdiak demokraziaren aldeko ekintzaile gazteak ziren eta, beste erdiak, Ahmar familiaren aldeko tribuetako buruzagiak, Sale familiaren kontrolpeko indar militarrak eta protestetan parte hartu ez duten oinezko ugari. Hala ere, ez dago bi borroken arteko loturarik. Gainera, klanak indarkeriaz baliatzen ari direla salatu dute ekintzaile gazteek, eta beraiek hori geldiarazteko ahalegin guztiak egiten ari direla nabarmendu dute.
«Yemen orain arte nola gobernatu duten ikusita, Ahmar familia garaipena lortzeko zorian dago, baina drama ez da hor bukatuko», adierazi du Dierrek, «kalean protestak egiten ari diren yemendarrek ez dute elite aldaketa soil bat nahi, eta Ahmar familiak inoiz ez ditu kontrolatu».
Boterea hartzen duenak hartzen duela, erronka izugarriei egin beharko die aurre. Izan ere, Yemen herrialde arabiar txiroena da, petrolio eta ur erreserbak agortzen ari zaizkio, populazioa urtetik urtera % 2,6 hazten ari da, yemendarren erdiak (12 milioi lagun) analfabetoak dira eta batez besteko langabezia tasa % 35ekoa da –gazteen artean, handiagoa–.