«NDF: Lagarde, dimititu!»
Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari berri izendatu aurretik aurreikusita zegoen bezala, Frantziako Justiziak hura auzipetzea erabaki du, Ekonomia ministroa zela ustez diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik, konplizitateagatik eta agintekeriagatik. Laurent Mauduit kazetariak Mediapart egunkari elektronikoan idatzi duenez*, Lagardek auzipetzea saihestea espero zuen eta «gezurretan» aritu da, salaketek oinarririk ez zutela esanez.
Akusazioaren arabera, 2007an, Bernard Tapie enpresagizonaren eta garai hartan publikoa zen Crédit Lyonnais bankuaren arteko liskarrean, arbitraje prozedura erabiltzea bultzatu zuen Lagardek, nahiz eta prozedura hori ez den erabiltzen Estatua nahastuta dagoen kasuetan. Arbitraje auzitegiak Tapieren aldeko izugarrizko kalte-ordaina ezarri zuen (403 milioi euro) eta, dirudienez, Lagardek ez zuen helegiterik jarri nahi izan, hainbat aholkularik horretarako arrazoi sendoak zeudela esan arren; besteak beste, auzitegi hori osatzen zuten hiru kideetatik bat urte batzuk lehenago arbitrajean Tapieren abokatu Maurice Lantourneren eskariz aritua zela ezkutatu izana. Zigortuz gero, 10 urte arteko zigorra eta 150.000 euroko isuna jar diezazkiokete Christine Lagarderi.
2008an eman zuten epaia, eta ordurako, 15 urte zeramatzaten auzibidean, Tapieren enpresaren salerosketa zela-eta. Adidas markako arropa enpresa erosi zion Crédit Lyonnaisek Tapieri eta, handik urte batera prezio bikoitzean saldu zuenez, bankuak engainatu egin zuela salatu zuen enpresaburuak.
Tapie, enpresaburu izatez gain, François Mitterrand sozialistaren gobernuko ministro ere izan zen, baina 2007ko presidentetzarako hauteskundeetan Nicolas Sarkozy kontserbadorea babestu zuen. Hain zuzen ere, Sarkozy eta Tapie «aspaldiko lagunak» dira, Mauduitek dioenez.
Nazioarteko Diru Funtseko (NDF) buru izateak ez dio immunitaterik eman Lagarderi, leporatzen zaizkion auziak kargua hartu aurretik gertatu zirelako –2007an, zehazki–, eta orain arte Nicolas Sarkozyren gobernuko kide izateak ere ez du auzitegietatik aldendu, kazetariaren arabera Lagardek kontrakoa espero bazuen ere. «Eliseotik gertu egoteagatik legez kanpoko mesede bat egingo ziotela pentsatuz, Christine Lagardek justiziaren eskuetatik ihes egitea espero zuen. Pribilejioen abolizioaren urteurrenean, hara non auzipetu arrunt bilakatu den», adierazi du Mauduitek. Horrela, Frantziako iraultzako egunik garrantzitsuenetakoa ekarri du gogora; izan ere, 1789ko abuztuaren 4an, jauntxoen pribilejioak ezabatu zituzten, eta aurtengo egun berean, abuztuaren 4an erabaki du Frantziako Errepublikako Justizia Auzitegiak Lagarde auzipetzea.
«NDFko inbestidura kanpainarako munduari bira eman dionean, Christine Lagarde gezurretan aritu da, auzia hutsala zela eta ‘oinarri penalik’ ez zuela esanez», esan du Laurent Mauduitek, « aldiz, azken garaietan V. Errepublika astindu duten larrienetakoa da».
Lagardek ekonomilari gisa ospe handia dauka. 2009an, The Financial Timesek, euroguneko Ekonomiako ministro onenetakotzat jo zuen, esaterako. Baina auzi honek haren izena zikinduko du, baita NDFrena ere. Dena den, Nazioarteko Diru Funtsak Lagarde babesten jarraitzen du, orain arte Dominique Strauss-Kahnekin egin duen bezala.
*Oharra: Afrique-Monde albistari elektronikoan ere aurki daiteke artikulua.