Greziak blogari anonimoei mozorroa kenduko die murrizketen kontrako protestak geldiarazteko

Greziako protestak“Interneten ez da ezkutuan jarduten duen jende gehiago izango. Gutxi batzuen eskuetan, internet herritarren biziak mehatxatzen dituen tresna mingarria bihurtu da”. Hala mintzatu da Greziako justizia ministro Miltiadis Papaioannou. Greziak internet eta hedabideetako legeria gogortu nahi du austeritate plana babesten duten politikarien kontrako indarkeria geldiarazteko eta, horretarako, blogari anonimoen identifikazioa erraztuko duen legea sortu du.

Pasa den hilean Geoge Papandreu lehen ministro greziarrak publikoki ohartarazi zuen gastu mozketen aurka izandako herritarren protestak demokrazia mehatxatzen zutela.

Greziako gobernuak austeritate neurri zorrotzak ezarri behar izan ditu Europako Batasunaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren erreskate baten truke. Horren ondorioz, politikarien kontrako erasoak eta manifestazio odoltsuak Atenaseko kaleetan sortu dira.

Greziako manifestatzaileek internet maiz erabili dute informazioa eskuratzeko eta erasotu nahi zituzten politikariak non dauden ezagutzeko; beraz, “demokrazia eta politikarien segurtasuna bermatzeko”, gobernuak interneten ezkutuan dabiltzan blogariei mozorroa kenduko die.

Egipto, Libia, Txina, Siria… eta Grezia. Gobernuaren gehiegikerien aurka iraultza gori-gori dagoen herrietan, agintariek ez dute internet begi onez ikusten, herritarren artean ideiak zabaltzeko eta mobilizazioak antolatzeko ikaragarrizko boterea baitute. Horregatik, sarearen gaineko kontrola hartzea erabaki dute nazioarteko kritikei jaramonik egin gabe.