«Esamesei, tabuei eta Torquemadari buruzko istorio bat»
Gutxitan entzuten dugu herrialde jakin bateko edo nazioarteko buruzagi bat atxilotu dutela. Are gutxiago, sexu jazarpena leporatuta egin dutela. Horregatik, oso deigarria da Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari kargua zuen eta inkesten arabera Frantziako hurrengo presidentea izango zen Dominique Strauss-Kahn hegazkin batetik aterarazi, atxilotu eta preso atxiki dutela jakitea. Jean Quatremer kazetariak Financial Times egunkarian idatzi duenez, Frantziako hedabideek aspalditik zekiten DSKren sexu jokabidearen berri, baina afera «pribatutzat» jotzen zutenez, orain arte ez dute ezertxo ere argitaratu.
Strauss-Kahni New Yorkeko Sofitel hoteleko emakume zerbitzari bat bortxatzen saiatzea eta horri lotutako hainbat delitu egitea egotzi diote. Erruduntzat joz gero, 25 eta 74 urte arteko espetxe zigorra jar diezaiokete. Akusatuak NDFko kargua utzi du, baina erruduna dela nabarmenduta.
Quatremerren arabera, berak 2007an eman zuen Strauss-Kahnek emakumeak jazartzeko zuen joeraren berri, baina inork ez zion arretarik jarri, Frantzian bizitza pribatua «tabua» delako. Gainera, «moral sexualaren Torquemada» deitu ziotela gaineratu du. Orduan, Strauss-Kahn Nazioarteko Diru Funtseko (NDF) zuzendari izateko hautagaia zen eta kazetariak, «ondo informatutako iturrietan oinarrituta», arriskua garbi ikusi zuen. «NDF balio anglosaxoiak dituen nazioarteko erakundea da. Lekuz kanpoko keinu bat eginez gero, hedabideetan eromena sortuko da», ohartarazi zuen.
The Wall Street Journalek 2008an jakinarazi zuenez, Strauss-Kahnek bere agindupeko langile batekin, Piroska Nagi funtzionarioarekin, afera bat izan zuen. Nagik egunotan zehaztu du DSK zuzendari karguaz baliatu zela «berarekin oheratzera behartzeko». Dena den, hura ez zen Strauss-Kahnek ustez egindako lehenengo sexu gehiegikeria izan. Tristane Banon kazetari eta idazleak 2007an telebista saio batean esan zuenez, bost urte lehenago, Strauss-Kahni liburu baterako elkarrizketa egin zion eta hark, erantzutearen truke, zirriak egitera behartu zuen eta bortxatzen saiatu zen. Banonek orain arte ez du salaketarik jarri; izan ere, argudiatzen duenez, bere amak ez egiteko eskatu zion. Ama, Anne Mansouret, hautetsi sozialista da eta Strauss-Kahn familiaren laguna.
Frantzian, Alderdi Sozialistako hainbat kidek DSK-ren aurkako akusazioak erabat baztertu dituzte eta AEBetako justiziari errugabetasun printzipioa urratzea leporatu diote, «nork bere burua defendatzeko aukera gutxi» emateagatik. Bestalde, hango hedabideak ere kritikatu dituzte, Strauss-Kahn atxilotu zuteneko argazkiak argitaratzeagatik –Frantzian, legez kanpokoa da–. Quatremer kazetariak AEBetan eta Frantzian bi ikuspegi oso ezberdin daudela adierazi du: «Frantzian irribarre konplizeak eragiten dituen kontuak (‘emakumeen xarmak zirrara eragiten dio’ eta ‘inor ez da hil’ gisako komentarioak entzuten dira ustezko bortxaketa ahaleginari buruz), Atlantikoaren beste aldean karrera amaiaraztea eragiten du». Bere iritziz, jazarpena edo botere gehiegikeriak tartean badira, afera ezin da pribatutzat jo, are gutxiago inplikatuetako batek arlo publikoan jarduten badu.
Azkenean, dirudienez, Rikers uharteko espetxetik ateratzen utziko diote DSK-ri eta apartamentu batean zaintzapean egongo da, milioi bateko fidantza eta bost milioi dolarreko bermea ordaintzearen truke. Ekainaren 6an da epailearen aurrean deklaratzekoa.
Bitartean, auziak NDFren etorkizunari buruzko eztabaida piztu du, baita DSK-k orain arte egindako lanari buruzkoa ere. The Financial Timesen arabera, Strauss-Kahnek iraganean porrot egindako politikak berriz aplikatu besterik ez du egin. Le Monderen arabera, krisi ekonomikoari esker, DSK-k NDFren rola indartu du. Rebelion webgunean, berriz, Pedro Luis Angostok sozialista eta NDFko burua izatea bateraezinak direla adierazi du.