Kaliforniak izokin transgenikoa etiketatuko luke

IzokinaKaliforniak izokin transgenikoa, edo Frankenfisha onartzen badu, produktuak bere izaeraren berri ematen duen etiketa eraman beharko du, kontsumitzaileek genetikoki aldatutako arraina erosten ari direla jakin dezaten.

Kaliforniako Osasun Komiteak ospatutako asanblada batean onartutako lege proiektuaren arabera, FDAk (Estatu Batuetako Droga eta Elikagaien Administrazioa) azkenean izokin transgenikoa onartzen badu, kontsumitzaileak zer arrain mota erosten ari diren jakiteko aukera izango dute. Dena dela, oraindik ez da izokin transgenikoaren merkaturatzea onartu, baina lege proiektu horri esker, badirudi Frankenfishari arrandegietarako bidea irekitzen ari zaizkiola eta aurki arrain arruntarekin batera ikusiko dugula Kaliforniako dendetan. Hala, izokina FDAk onartutako lehen animalia-elikagai transgenikoa izango litzateke.

Hau berri ona eta txarra da aldi berean. Txarra, genetikoki aldatutako animalien merkaturatzea eta kontsumoa onartzen delako (eta oraindik ez dago garbi zer nolako eragina izan dezakeen gizakiongan produktu hauen kontsumoak); baina ona, kontsumitzaileari produktu transgenikoak ala arruntak erosteko aukera ematen zaiolako. Hau da, kontsumitzaileak izango du azken hitza.

Eta, zer desberdintasun dago izokin arruntaren eta izokin transgenikoaren artean?

Genetikoki aldatutako izokina arrunta baino lau aldiz handiagoa izatera irits daiteke. Nola? Izokin transgenikoak ur hotzetan bizi den beste antzeko espezie baten gene bat dauka.  Horri esker, izokinak ez dio hazteari uzten neguan ura hoztu egiten denean. Bestela esanda, izokinaren hazkuntza kontrolatzen duen genea inhibitu egiten da eta izokinak ez dio hazteari uzten nahiz eta izokin arruntak jaten duen elikagai kopuru bera jan.