Kaleak, zumardiak eta aireportuak

Kaleak, zumardiak eta aireportuak –

Kaleak, zumardiak eta aireportuakPresidenteak behiala iragarri bezala zabaldu dira berriro zumardi handiak, eta jendez bete, amorruz josi. Beste presidente batek esan bezala: “Ja sóc aquí”; eta “hemen gara” oihukatzen da egunotan herrialde laguneko kale eta bazter guztietan, oihukatu eta borrokatu, aireportuak itxi demokraziari ateak irekitzeko. Urrunago ere aireportuak, kaleak eta zumardiak hartzen dituzte aldarrikapen bertsuekin.

Zerk eragin du, ordea, sumendien esnatzea? Zergatik darie hauei laba etengabea?

Nago, dudan okertzeko eskubide osoarekin, demokrazia ezak eragin dituela bor-bor horien sugar eta keak. Katalunian nabaria izan da hasieratik, duela bi urteko errepresio bortitzak areagotu baino ez zuen egin, eta independentziaren aldeko buruzagi politiko eta sozialen aurkako epai bidegabeak eztandarazi egin ditu kaleak, zumardiak eta aireportuak.

Txilen eta Ekuadorren zer esan, boterean dauden elite politiko eta ekonomikoek gogor eutsi nahi diete beren pribilegioei, besteen bizkar, gehiengoaren aurka. Desberdintasun ekonomiko lotsagarriek eragin dute protesta, eta demokrazia ezak ekarri du errepresioa.

Hildako ugariren odolez busti dira kaleak Ameriketako bi herrialdeotan, eta neure buruari galdetzen diot, emaitza bera lortu nahi al dute Espainiako gobernuak eta estatu indarrek Kataluniako kaleetan?

Aitzakia ederra litzateke 155. artikulua berriz ezartzeko, eta demokraziaren aldeko manifestariak terrorista bilakatzeko. Horren bila al dabiltza Marlaska, Borrell eta enparauak?

Zabaldu dira berriro zumardiak Txilen eta protestek etengabe diraute aldaketa sakonak lortzeko asmotan. Beharbada sumendien suak ez du luzaroan iraungo, baina belaunaldi gazteak kalean, oinarrizko berdintasun aldarrikapenen alde borrokan ikusteak edozein emakume zein gizon zentzudun poztu beharko luke. Bestela, mundu hau berez bidegabea dela onartuko genuke, patu ankerrak gidatzen dituela gure pausoak, eta hori diktaduren eta faxisten nahia baino ez da.

Kaleak, zumardiak eta aireportuak

Kaleak, zumardiak eta aireportuak

Oihaneder Euskararen Etxeko kultur teknikaria ofizioz, kultur-xaxatzaile afizioz