Zergatik hil dute Bin Laden?
Guantanamoko presoek bizi dituzten basakeriak publikatu eta berehala hil dute Osama Bin Laden. Informazioa lortzeko infernua pasarazi diete 172 presoei: hankaperatuak eta torturatuak. Bitartean, Al Qaedaren buruzagia, irailaren 11ko atentatuak zuzendu zituena, hil egin dute. Hitzik ez da aterako bere ahotik, galderei erantzunik ez da egongo. Zer edo zer iluna du auzi honek guztiak.
Existitzen al da Bin Laden? Bada oraindik errotik Al Qaeda AEBren asmakuntza dela pentsatzen duenik. Zalantzekin segiko dute ba, ez bada gorpua erakusten. Irailaren 11 eta Al Qaeda bera AEBk sustatu dutela uste dutenen konspirazioen ur sakonetan sartu gabe, zentzu gutxi du Osama Bin Laden hil izanak.
Edozein gisako atxiloketen helburua, besteak beste, gaizkileari informazioa ateratzea da. Ondorioz, 1992tik milaka pertsona hiltzea egozten zaion buruzagi “terrorista” informazio iturri ikaragarri interesgarria da.
Gizon bakar batengan mila erantzun.
Nola finantzatu da Al Qaeda? Non izan da Bin Laden 2001 urtetik? Nola antolatu ziren New York, London eta Madrilgo atentatuak? Non daude momentu honetan Al Qaedako militanteak? Prestatze bidean al da beste atentaturik?
Galdera horiei erantzunak lortzeko aitzakiarekin dituzte zaintzapean 172 preso Guantanamon, 2001 urtetik gaur arte. Wikileaks aferan argitaratutako informazioaren arabera, Guantanamoko 16 pertsonak bakarrik izan zuten kontaktua Bin Ladenekin. Hala eta guztiz ere, Al Qaedari buruzko “informazioa biltzeko” atxilo dituzte gaixoak eta nerabeak.
Hara! Nola da posible “terroristen” buruzagi handi eta orojakilea harrapatu ez izana? Misioaren helburua Bin Laden akatzea omen zen. Ikusi beharko da inork azalpenik eskatzen dion Obamari honi buruz. Ez dirudi hala izango denik, esaterako, Espainian, Barack Obama zoriondu egin dute hilketa burutzeagatik.
Bin Ladenen inguruko misterioek kirats gehiago izango dute hemendik aurrera albistea baieztatzen bada: Bin Ladenen gorpua itsasora bota dute. Harrapazank! Horrek ez du ez buru ez hanka. Hamaika aurpegi eta beste hainbeste doble dituenaren gorpua betiko desagertaraztea ez da zentzuduna.
Auzi hau argitzen ez bada konspirazioak elikatu besterik ez ditu egingo istorio honek. Orain galdera da: Zergatik itxi nahi zioten ahoa Osama Bin Ladeni?
Klan saudi boteretsu bateko kidea, CIAko agente ohia… Hil dutela egia bada, logikoena litzateke. Hitz egiten hasi izan balitz, auskalo zenbat jende kakaztuko zuen hark.