Zeharkako informazioaz

Oroitzen naiz noiz galdu nuen birjintasuna informazioari dagokionean. Duela aspaldiegi izan zen, mende laurden pasatua baita handik hona.  Ángeles Caso eta Concha Carcía Campoyk TVEko Telediarioa aurkezten zuten garaiaz ari naiz, Txomin Iturbe Frantzian atxilotu eta konfinatu zuten garaiaz. Mende laurden baino gehiago da handik hona, 80ko hamarkadaz ari naiz eta.

cc-by-sa bibliomata

Ángeles Casok hartu zuen hitza eta Telediarioaren lehen albistean bota zuen: “Txomin Iturbe Abásolo, alias Chimu, ha sido condenado a sólo tres meses de cárcel, etc., etc.“.

Albiste hartan guztian, “a sólo tres meses” esaldiak egin zidan niri kosk eta jarri zidan agerian informazioa beti dela informatzailearen araberakoa. Kontakizunak inplizitoki daramala derrigorrez subjektibotasuna, eta ez bazara erne ibiltzen, putza sartuko dizutela begi-belarrietatik garunetara. Zuzenean eta zeharka.

Ángeles Caso bera sartuko nukeen nik kartzelan hiru hilabete, egiaztatzeko ziega batean pasatutako hiru hilabete “sólo tres meses” diren egiazki ala ez.

Mila adibide lodi eta mehe ikusi izan ditut informazioetan handik hona, izan ere, adinean aurrera egin ahala, perbertsioak findu egiten ditugu, gaiztoago bihurtzen gara gauza batzuetarako. Denborarekin gauza agerikoekin bainoago gozatzen dugu ia oharkabean eman nahi zaizkigunekin. Gurutzegrama errazegiak ez zaizkigu laket izaten, adin batetik aurrera. Letra larritan idatzitako ahoberokeria agerikoen ehizan ibili baino, nahiago izaten dugu, askozaz ere,  lerro artekoak harrapatu, oharkabean pasatzeko egiten diren horietakoak atzeman.

Atzo aurkitu nuen  bat Diario Vasco egunkarian, New Yorketik Mercedes Gallegok egindako kronikan.

Albistea kontatzeko era, gehiago dagokio genero beltzeko fikzio bati edo The Shield teleserieko gidoiari, baina, hala ere, berez negargarria den albiste bat atsegin eta irensgarri egiteko ahaleginak bainoago astindu ninduen hitz jokoetako batek.

Kronikaren erdian, Estatu Batuetako militarren operazioa kirurgikoa eta garbia izan zela adierazteko edo, honela dio Gallego andereak: “El comando que descendió ayer a la fortaleza donde estaba Bin Laden y su familia tardó menos de 40 minutos en completar la misión y dejó atrás apenas cuatro cadáveres.”

Eta niri horrexek jo zidan begietan, apenas hitzak.

Eta jarri nintzen pentsatzen hildako lau horiek Gallego andrearen hurbilekoak izan balira,  senarra eta hiru seme-alaba, esaterako, apenas hitz hori ez zela sekula esaldiaren leku horretan idatziko.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

4 pentsamendu “Zeharkako informazioaz”-ri buruz

  • Sólo y apenas kantitatezko indexak legez oso subjetiboak dira. “Me duele solo un poco” diote batzuk. Eta besteentzako min jasanezina litzateke bera. “Apenas me violaron…”

  • Etorkizunean justizia inkesten arabera banatuko delakoan nago. Zertarako hainbeste lan gure haurrak hezitzen? Interesa dutenean nahi dutena egin eta hala ere, nahi dutena sinestarazten badigute? Hala ere, itxaropena ez da galdu behar…

  • Gotzon Aranburu 2011-05-05 12:39

    Bete betean asmatu dek, Hasier.

  • Herenegun Madrilgo telebista autonomikoan entzun nuena seguru aski ez da iristen oso maila fin batera, baina tira. Ander Errandonea preso ohiak erakutsitako kartela dela-eta sekulako matraka ematen ari ziren. Kazetariak (?) esan zuenez, Errandoneak “sólo ha pasado 25 años en la cárcel”. Berriro ere “sólo”, baina hiru hilabete xixtrin pasatzetik bi hamarkada t’erdi pasatzera igaro gara; gutxiegi izaten jarraitzen du, ordea, basko ezin gaiztoagoak merezi duen zigorra mugagabea eta infinitoa omen delako. Gero, kartelari zukua ateratzeari ekin zioten, eta gaztigatu zigutenez, “en euskera “eta” también es “y”. Sólo, también, apenas… Zenbateko zitalkeria aditzondo xume eta ustez inuxente batzuen atzean!